Mitalsema. Ezizen hori jarri diote Badiaa Buhrizi musikariari (Tunis, Tunisia, 1980) bere herrialdean. Askatasunarekin eta justiziarekin konprometituak dauden herritarrei jartzen zaien izendapena da, eta Buhrizik asko du hortik. Ez du beldurrik izan Tunisiako egoera politikoa salatzeko, nahiz eta horrek bere ibilbideari kalte egin —gobernuak betoa ezarri zion—. Bere sustraiak oso presente ditu sortzerako orduan, baina esperimentatzeko tartea ere hartzen du; Tunisiako ipar-mendebaldeko doinuak musika elektronikoarekin nahasten ditu.
Bihar eta etzi Donostian izango da musikaria, Tabakalerak antolatutako Nafidha. Magreb irudikatua programa dela-eta. Bihar Fermin Muguruzaren Next Music Station: Tunisia dokumentala emango dute —bertan ageri da Buhrizi—, eta ondorengo solasaldian parte hartuko du. Etzi, berriz, kontzertua emango du Kutxa Klubean, 19:00etan.
Lehen aldia al duzu Euskal Herrian? Zer iruditzen zaizu zure lana hemen aurkezteko aukera izatea?
Ipar Euskal Herritik igaro nintzen behin, bidaia batean, eta ez nuen modurik izan kultura eta jendea ezagutzeko. Aukera bikaina da hemen izatea. Izan ere, herri indigenek antzeko borrokei buru egin behar dietenez gaur egun, nire herriaren istorioa errekonozitzen dut euskal herritarren istorioan. Kultura autentiko bat da, eta poz-pozik nago hartan murgildu eta hura deskubritu ahal izango dudalako.
Jendeak aukera izango du Next Music Station: Tunisia dokumentala ikusteko. Fermin Muguruzak egin zuen, 2010ean, eta bertan agertzen zara zu. Nola aldatu da zure bizimodua harrezkeroztik?
Ia mundu guztian izan naiz, herrialde askotan bizi izan naiz, eta 2016an etsi-etsita ibili nintzen Tunisiako egoera zela-eta, baina, azkenean, ikasi dut ez dagoela iraultzarik, baizik eboluzioa soilik, eboluzio bat gailur izaten duena herriaren leherketa bat.
Muguruzak egindako elkarrizketa hartan, esan zenuen Tunisian zaila zela musikatik bizitzea. Hala da oraindik?
Bai. Egia da han bizi nintzenean gainerako artistak baino askoz hobeto nenbilela ni, baina, nolanahi ere, Tunisian, artista gisa, ez daukazu estatusik, eta, beraz, ezta erretiro planik eta gizarte segurantzarik ere. Antolatu egin ginen hori hobetzeko, eta zenbait proposamen egin genizkien gobernuei, baina, paperean onartu arren, gero ez zuten ezer mamitu, ez zen legean islatu. Horren ondorioz, Tunisiako musikari gehienak behartuta egon ziren arte popular delakoa egitera ―eta musika mota horrek, berez, ez du ezer txarrik, baina faltsua bihurtzen da ez baldin bada zure adierazpide zinezkoa―. Hala, bertan behera geratu zen musikarekin esperimentatzeko eta praktika artistikoari aurrera eginarazteko saialdi oro.
«Azkenean, ikasi dut ez dagoela iraultzarik, baizik eboluzioa soilik, eboluzio bat gailur izaten duena herriaren leherketa bat»
Duela urte batzuk debekatu egin zizuten han kontzertuak jotzea. Noiz izan zen hori? Oraindik ere indarrean al dirau debekuak?
Hala izan zen, bai, iraultzaren aurretik. Azken urteetan, berriz, protesta egin izan duten artistei ez ikusia egiten diete. Gainera, Kultura Ministerioan gero eta ustelkeria handiagoa dago, eta horretan nahasi nahi ez duten artistak debekatu egiten dituzte, modu ez-ofizialean bada ere.
Zehazki, zer dela-eta ezarri zizuten debekua?
Erregimena kritikatu nuen, zuzen-zuzen eta aurrez aurre, izen batzuk ere aipatuz. Baina konfrontazio hura ez zegoen saihesterik: argitara atera beharra genuen, Tunisia hartua zuen giro hipokrita hartan.
Eta hala ere, elkarrizketa hartan, esan zenuen Tunisian bizi nahiko zenukeela. Zuretzat benetan da leku berezia, ezta?
Halaxe da, bai, eta oraindik ere joan-etorri asko egiten ditut hara, han bizitzen geratzeko ahaleginean. Saiatuko naiz aurrerago ere, baina, orain, ulertu dut natura eta bizimodu soila behar ditudala nik, hiri handietatik kanpo.
Egun, nola daude gauzak zure herrialdean?
Inoiz ez bezalako krisi ekonomiko batean dago, inflazioaldi betean, baina, harrigarriro, jendea ez dago haserre gaur egungo gobernuarekin. Esan beharra dago ustelkeriaren aurkako gerra bat abiarazi dutela, eta jomugan dituztela bai estatua bera eta baita industriaren arloko familia handi batzuk ere, Tunisiako ekonomia kontrolatzeaz gainera dirua ere lapurtzen zutenak bermerik gabeko kredituen eta zerga ihesaren bidez. Auzitara eramaten ari dira halakoak, eta, horri esker, herriaren babes handia lortu du orain gobernuak. Adierazpen askatasunari dagokionez, ahots disidente orori esesten ari zaizkio, baina finantza arrazoiengatik ari direlako aitzakian. Egia esan, duda handiak ditut akusazio horiek zenbateraino izango diren egiazkoak.
«Nire sustraiak nire adierazpide artistikoan azaleratuko dira beti, nik nahi zein ez, eta gustuko dut hori»
Zure kultur sustraiek eragin nabarmena dute zure musikan, ezta? Zer dago horren atzean?
Nik neuretzat daukat giza ondare guztia. Nire sustraiak nire adierazpide artistikoan azaleratuko dira beti, nik nahi zein ez, eta gustuko dut hori. Gustuko dut Tunisian jaio izana eta benetako musika indigena entzunez hazi izana. Terapia kolektibo gisa kontserbatzea merezi duen heinean, eguneroko bizimoduaren parte izan ohi zen artea, eta hala behar du, gainera; ez da hura aldarean jarri behar, artista eta ikus-entzuleak oholtzaren bidez bereizita dauden eremu jakinetan soilik egin eta entzun dadin. Nire herrialdean, musikak lagun egiten zuen nekazaritza lanean, abeltzaintzan, bizitzako gertakizun berezien ospakizunetan, sukaldean, urte berrirako kuskusa prestatu bitartean, artilea landu eta trikotatu bitartean, arrantzan, eta beste jarduera askotan. Espero dut nire alea jartzen ariko naizela doinu horren espiritua kontserbatzeko.
Bihar, Next Music Station: Tunisia proiektatu ondoren solasaldia eskainiko duzu. Zeren inguruan arituko zara, zehazki?
Tunisiako iraultzaz arituko gara: zer arrasto geratu diren mugimendu sozial, politiko eta kultural hartatik, nola parte har dezakeen kulturak askapen mugimenduetan, zertan den ideologia panafrikarra eta erbestea Europan bizi den artista batentzat, zer pertzepzio dauden Europaren barruan handitzen ari den beldur horren inguruan eta nola buru egin horri, eta nola itzultzen ari diren zenbait ideia faxista.
Zure azken lana da Kahru Musiqa. Disko horretako kantak entzun ahal izango dira etzi emango duzun kontzertuan?
Bai, Kahru Musiqa-ko kantuak joko ditut, baita lan berriago batzuk ere, oraindik soinu aldetik Kahru Musiqa-rekin bat datozenak.
Gehienbat Fusa hizkuntzan daude zure abestietako letrak, baina Capitalist Chant izeneko kantuan, ingelesez ere ari zara. Zergatik?
Nire kantu asko lehendik sortuak ditudan doinuen gainean egindako inprobisazioak dira. Batzuetan, ingelesa edo frantsesa ateratzen zait, eta orain baita gaztelania ere, baina uste dut kantu hori entzunda argi geratzen dela ingelesez behar zuela.
Orain arte egin duzun diskorik esperimentalena izan daiteke?
Bai, eta, hain justu, horrexegatik atera dut hain berandu. Soinu zirriborro batzuk zirela pentsatu izan dut beti, taldearekin edo nik neuk gitarrarekin bakarrik musika akustikoa jo bitartean egindakoak. 2004 eta 2017 bitartekoak dira kantuak. Berez, Fabrice Gery-k iradoki zidan hala egiteko, Akouphone diskoetxearen sortzaileak. Hark pentsatu zuen doinu horiek kalean egon behar zutela, jendearentzat eskuragarri, nortasun argiko lan multzo gisa, eta ni bat etorri nintzen harekin. Musika elektronikoa konposatzeak posibilitateen lastatik askatzen zaitu; Indiako tabla erabil dezakezu, eta kontrabaxu bat, sintetizadore baten soinu arraroekin batera.
MAGREB ETA IPAR AFRIKAKO SORKUNTZA
Martxoan hasi zuten Nafidha. Magreb irudikatua zikloa Tabakaleran. Ekainaren 14ra bitarte, Magrebeko eta Ipar Afrikako sorkuntza ezagutarazteko hainbat ekintza antolatu dituzte. Tartean, Ireki leihoak proiekzio programa, zeina Fermin Muguruza musikariak komisariatu duen. Programa hori dela-eta gonbidatu dute Buhrizi Donostiara. Besteak beste, Next Music Station dokumental sortako pieza batzuk proiektatuko dituzte; Tunisiari, Marokori, Egiptori eta Libanori eskainitakoak, hain zuzen.