Bertsolaritza

Txaber Altube aitzinesku, eta bertze zazpi finalistak ere zehaztuta

Altuberekin batera, Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Gorka Pagonabarraga izanen dira finalean. Abenduaren 20an jokatuko dute finala, Bilboko Casillan.

Txaber Altubek irabazi du Markina-Xemeingo saioa, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Txaber Altubek irabazi du Markina-Xemeingo saioa, gaur. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iratxe Muxika
Markina-Xemein
2025eko azaroaren 22a
22:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Adi-adi eta isil-isilik geratu dira denak gai jartzaileari begira; haren eskuetan dago ebazpena. Finalaurrekoen bigarren itzuliko azken fasea da, eta sei finalistaren izenak daude zehazteko. Izen anitz eta aulki gutxi. Bada, argitu da zalantza: gaurko saioa bukatuta, Bizkaiak ere azken geltokia baino ez du falta. Lan txukuna eta gardena eginda eta 538,5 puntu batuta, Txaber Altube Sarrionandiak irabazi du gaur Markina-Xemeingo saioa, eta zuzenean egin du salto finalera. Haren gibeletik, ordena honetan sailkatu dira bertsolariak, epaimahaiaren arabera: Jone Uria Albizuri (630,5 puntu), Oihana Bartra Arenas (620,5), Gorka Pagonabarraga Agorria (614), Xabat Galletebeitia Abaroa (614) eta Imanol Uria Albizuri (594). Puntuazio denak batuta, zortzi bertsolariok pasatu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera: Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Jone Uria, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Txaber Altube eta Gorka Pagonabarraga. Abenduaren 20an izanen da finala, Bilboko Casillan.

Gaurko saioko sei bertsolarietatik bortz pasatu dira finalera; arin eta emankor jardun direlako denak, segur aski. Zortziko handian hasi dira kantuan, ohiko seriotasunez, eta ederki aritu dira, kasurako, Bartra eta Galletebeitia. Kultur elkarte bereko bi kide dira, eta geroz eta diru gutxiago dutela ikusita, Galletebeitiak ekitaldi gutxiago egitea proposatu dio kantukideari.

Zortziko txikian aritzea izan dute hurrengo lana, eta abiadura bizian lortu dute eskatutakoari erantzutea. Haginlariaren kontsultako itxarongelan egin dute topo Jone Uriak eta Pagonabarragak, eta beldurtzen hasi dira gelatik datozen min arrantzak adituta. «Biok gabiltza geroz/ eta txuriago/ ta bi urteko haurra/ lasai-lasai dago», bota dio Uriak, eta arrazoia eman dio lagunak: «Nahiz ta zuloak diren/ ikaragarriak/ nire bost kariesak/ ja ez dira larriak».

Sei puntuko motza ariketa zailxeagoa den arren, ongi-ongi asmatu dute bertsotan molde horretan; Altubek bereziki, orduan hasi baita koska bat goitiago abesten. Imanol Uriarekin tokatu zaio ofizioa, eta Markina-Xemeingo bi dendariren rolean aritu dira. Black friday-aren garaia dela eta, beherapenak egiten hasiko da Altube, saltoki handiei kontra egiteko. «Ostiral beltz bat nahiago nuke/ bizi beltz bat baino», argudiatu du Altubek, eta bukaerako honekin borobildu du ofizioa: «Jarraitu zure borroka/ zorte ona dizut opa/ portzelana ta kikararekin/ Amazonen kontra».

Arrazakeria hizpide

Altubek osatu du bakarkakoan ere lanik txukunena, eta luzaroan iraun dute hari jotako txaloek. Eskuzabal eta baikor hasi du bertsoa, eta kontatu du mutil beltz bat hurbildu zaiola mukizapiak saltzera. Berehala hasi da sakelan diruaren bila, eta buelta eman dio bat-batean istorioari: «Esaten dugu berdintasuna/ ta ezin du Trumpek agindu/ nire patrikan neuzkan euroak/ bat, bi, hiru, lau, hamahiru/ emateko beste diru/ dut di-da batean bildu/ leihatilatik sartu zait eta/ muxukatzera hurbildu/ eta orduan nire barneko/ arrazistak hitz egin du». Gustatu zaie bertso hori entzuleei, baina bukaera honekin jo du goia Altubek: «Ohetik jaiki naiz egunero/ aldatu nahian mundua/ ta antza denez nahiko lan daukat/ aldatzen neure burua».

Saioko bigarrenaren kontakizunak ere hunkitu ditu ikusleak. Herriko gizon zahar bat irudikatu du bere inguruan, eta, besta giroan, berriro hurreratu zaio musu bat eskatzera. Ezin du sinistu: «Hortxe hurreratu zaigu/ festa giro, alkohol usai/ ta bi musu ematera/ ere hurreratzeko gai/ baina nola ez du ulertu/ ez dudala ikusi nahi». 

Bertzelako bide bat hartu du Imanol Uriak: ikasle ohien arteko afari batena. Gaizki pasatu zuen haurtzaroan, eta horrela kontatu du zer gordetzen duen gogoan: «Nahiz ta ez ziren iritsi/ sekula kolpez jotzera/ zenbat alditan joan ote/ nintzen negarrez etxera». Baina joatea erabaki, eta berehala hurbildu zaio kide bat musu bat ematera; baina berak baimenik eman ez. «Beste norbaitekin garbi/ dezala kontzientzia».

Ustez gai bideratu samarra izateko, hagitz gai desberdinak hautatu dituzte bertsolariek. Pagonabarragak, kasurako, idazle baten rola hartuta abestu du. Erruz egin du lan, eta jaso du egindako lanaren emaitza: Durangaldeko literatura sariketako txapeldun izendatu dute.

Zaintzaz aritu da, bertzalde, Galletebeitia, eta ederki josi ditu hiru bertsoak. Zahar etxean kokatu du bere burua. Kantatu du ez dagoela kontentu han, eta abandonatu dutelako sentipena duela. «Zeuk zaindu behar ninduzunean/ ez zara hain eskuzabala». Bertze saiakera bat egin du bisitariak Galletebeitiarekin, baina joateko eskatu dio hark: «Gorde musuak urrunerako/ zure aurpegi zurrunean/ gogoratuko al zara nitaz/ hiltzen naizen egunean».

Ohiko umorez jardun da, azkenik, Bartra, eta familia bazkari batean haur batek izan dezakeen jarrera ekarri du oholtzara. Musuak eskatu dizkiote familiakoek, baina hark ez du gogorik horretan hasteko. «Ama gogoan daukat/ esan didazuna/ ni naizela pertsona/ guztiz ahalduna/ ta erabakitzeko/ nahi dut gaitasuna/ nori emango diodan/ nire maitasuna». Behin saioa bukatuta, finalaren egarriz gelditu dira bertsozaleak.

MARKINA-XEMEINGO SAIOA:

Txaber Altube 638,5 puntu.

Jone Uria 630,5 puntu.

Oihana Bartra 620 puntu.

Gorka Pagonabarraga 614 puntu.

 Xabat Galletebeitia 614 puntu.

Imanol Uria 594 puntu.

finala:

Aitor Bizkarra

Aitor Etxebarriazarraga

Jone Uria

Xabat Galletebeitia

 Onintza Enbeita

Oihana Bartra

 Txaber Altube

Gorka Pagonabarraga 

Lekua: Casilla, Bilbo.

Eguna: Abenduak 20, 17:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.