Txaikovskiren musika ardatz EGOren udako kontzertuetan

Laurogei musikari gaztek egonaldi bat hasiko dute gaur, Eibarren. Kontzertu bana emango dute Hondarribian, Bilbon, Gasteizen eta Donostian

Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Juan Jose Ocon orkestrako zuzendaria, atzo, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko Gazte Orkestrak udako ohiko egonaldia hasiko du gaur, Eibarko hezkuntza esparruan (Gipuzkoa). Guztira 80 musikari gazte elkartuko dira, datorren astean emango dituzten kontzertuak prestatzeko. Lau kontzertu egingo ditu orkestrak uztailean, urtero egin moduan, baina oraingo honetan programa «ezin ederragoa eta zailagoa» izango dela aurreratu du Juan Jose Ocon EGOko zuzendariak, Gasteizen egindako aurkezpen agerraldian. Bi obra «berezi» interpretatuko baitituzte: alde batetik, Txaikovskiren bosgarren sinfonia joko dute, eta, bestetik, Saint Saensen Dantza makabroa.

Musikari gazteen eta mundu profesionalaren arteko zubigintza lana egin nahi du EGOk, beste urte batez. Etorkizuneko musikariei aukera eman nahi die gazte orkestrak arlo sinfonikoan trebatu eta prestatzeko. Izan ere, «gero eta zailagoa da» musikari profesional izatea, Oconek aditzera eman duenez. Musikariek plaza gutxi izaten dituzte goi mailako hezkuntza zentroetan sartzeko, eta lehia handia izaten dute. Futbolarekin alderatu du zuzendariak egoera: «Milaka hautagai daude plaza gutxi batzuetarako. Soilik talentua duenak eta lan egiten duenak egingo du aurrera, gainontzean oso zaila da musikari profesional izatea». Bada, lehiakortasun hori eskuratzeko «funtsezkoa» da halako orkestrak sortu eta gazteei esperientziak bizitzeko aukera ematea, haren ustetan, lan mundura sartzea erraztuko dielako. «Profesionalen moduan lan egiten dugu orkestran».

Lotura zuzena du aurtengo errepertorioak horrekin guztiarekin, Piotr Ilitx Txaikovskiren bosgarren sinfonia interpretatuko baitu orkestra gazteak. Konpositore errusiarraren obrarik ezagunetakoa da, baita zailenetako bat ere, Oconen iritziz. «Orkestra guztietako musikariek jo beharreko obra bat da; beraz, gazteek esperientzia hori behar dute nahi eta nahi ez». Tronpek eta biolinek bakarka jo behar dituzten zatiak bereziki nabarmendu ditu zuzendariak.

Programa osatuko du Calile Saint-Saensen Dantza makabroa piezak. Henri Cazalisen poema batean oinarritutako poema sinfoniko bat da. 1874an sortu zuen musikari frantziarrak, eta heriotzaren dantzari buruzko sineskeria birsortzen du obrak.«EGOk inoiz izan duen musika programarik osoenetako bat dugu aurtengoa», azpimarratu du gazte orkestrako zuzendariak.

Egonaldian goi mailako irakasleak izango dituzte. Garai batean EGOn aritutakoak dira horietako asko, eta egun goi mailan ari direnak. Irakasle izango dituzte, besteak beste, Musikeneko irakasleak, Mahler Ganbera Orkestrako kideak edota Bilboko, Euskadiko eta Galiziako Orkestra Sinfonikoetako musikariak.

Orain 22 urte eratu zen Euskal Herriko Gazte Orkestra, eta ordutik mila gazte baino gehiago igaro dira bertatik, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak nabarmendu duenez. Horrez gain, gazte orkestrak 150 kontzertu baino gehiago eman ditu munduko sei herrialdetan, eta 120.000 ikus-entzule baino gehiagoren aurrean jo du. Bertatik igaro diren asko musikari profesionalak dira egun, eta goi mailan ari dira, Muñozek azpimarratu duenez. «EGOk egin duen ibilbidea arrakastatsua eta emankorra izan da, eta frogatu du beharrezkoa dela musikari gazteei aukera bat ematea».

Lau kontzertuk osatuko dute gazte orkestraren udako kontzertu sorta: Hondarribian (Gipuzkoa) izango da aurrenekoa, uztailaren 19an. Bilboko Campos Eliseos antzokian, Gasteizko Principal antzokian eta Donostiako Viktoria Eugenian joko du ondoren, hurrenez hurren; emanaldi guztiak 20:00etan izango dira.

Kudeatzaile hautaketa

Eusko Jaurlaritzak martxan du Euskal Herriko Gazte Orkestra fundazioaren zuzendari nagusi berria hautatzeko prozesua. Iragan astean abiatu zuen, eta uztailaren 15ean amaituko da hautagaitzak aurkezteko epea. Zuzendari nagusi berria orkestraren kudeaketaz arduratuko da, eta Fundazioaren Patronatuaren menpe egongo da. Muñozek adierazi du irailean jakinaraziko dutela kargua nork beteko duen.

Zuzendari kargura aurkeztu nahi dutenek, esperientzia eta formakuntza adierazteaz gain, proiektuari buruzko zer ikuspegi, estrategia eta ekarpen duten aurkeztu beharko dute. Kudeaketaren alorrean hamar urteko esperientzia izatea da bete beharreko baldintzetako bat; bereziki balioetsiko dute musikaren alorrean izandako esperientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.