KRITIKA. Dantza

Txalapartariak

(ID_13551814) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-01-31, Renteria. Kukairen \
Kukai konpainiako dantzariak, 'Txalaparta' piezaren entsegu batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
2024ko otsailaren 6a
05:05
Entzun

'TXALAPARTA'

Koreografia: Jesus Rubio Gamo. Zuzendaritza: Jon Maia Sein. Dantzariak: Alain Maia, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga, Urko Mitxelena. Musika- konposizioa: Aitor Etxebarria. Tokia: Viktoria Eugenia antzokia, Donostia. Eguna: Otsailaren 3a.

Instrumentua bezain erroturik, enborra bezain bizirik, joleak bezain harmonizaturik... Askorako ematen du txalapartak, eta azken sorkuntzan kontzeptu hori baliatu du Kukai dantza taldeak, Jesus Rubio Gamo koreografoaren kolaborazioarekin. Euren lan-ildoari jarraikiz, tradizioa eta estilo garaikidea uztartzeko eta lengoaia zein ikuspuntu berriak txertatzeko ahalegina egin du konpainiak. Pieza honetan, adibidez, interprete gisa Arantza Iglesias batu zaie, estilo garaikidea menperatzen duen dantzaria.

Eszenatokiaren hustasunak zuraren soiltasuna iradokitzen du, gorputzen jantzien sinpletasunak bezalaxe: apenas bi oihal bakoitzak, goiko eta beheko partea; edota, batzuetan, hori ere ez... haragiaren, saihetsaren biluztasuna. Espazioaren gordintasuna (gardentasuna), baina, edukiontzi paregabea da musikak eragiten duen atmosferari eusteko: ikuslea bidaia emozional bizi eta indartsu batean murgilduko duen atmosfera. Asier Etxebarriak obrarako preseski sortutako soinuek ikusezina den hori ikusgarri egiten diete belarriei, eta begiaz besteko zentzumen guztiei.

Gorputzak, bitartean, etengabea den mugimenduari kateatzen dira, eternoa den eta eurak gainditzen dituen fluxuari men eginez. Gorputzek elkar eragiten dute, elkar jaso, elkar ukitu... ez dira bata bestea gabe existitzen. Inor ez da nor aldamenekoa gabe. Kolektiboak, herriak eta naturak esperientzia transzendental bat osatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.