Ene baitan bizi da (2020) eta Ez erran inori (2022) karrikaratu ostean, hirugarrenez heldu da euskal literaturaren plazara Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, Lapurdi, 1994). Aurrekoetan ez bezala, Txalaparta argitaletxearekin egin du bidea oraingoan, eta ezohiko nobela bat ondu: Zaldi bat txatalka dago eginda, fragmentarioa deitzen den literatur moldeari jarraikiz, eta puzzle baten gisan funtzionatzen du; hau da, piezaz pieza ageri den informazioa josiz harrapatuko du irakurleak nobelaren osotasuna. Iraganeko harremanez, amatasunaz, bikote harremanez, heriotzak eragindako oinazeaz eta idazlearen beraren testuinguruaz —Lesakan bizi da (Nafarroa)— mintzo da, besteak beste.
Unai du protagonistetako bat; zehazki, Unai Zaldua Iparragirre. 2019ko urte zaharreko gauean hil zen, bihotzekoak jota. Bigarren protagonista nagusia Miren da, ama izan berria; sendagilearen aginduz, mendira joaten hasiko da astero, eta, aldiko-aldiko, zaldi bat ikusiko du, zaldi bat eta bera beti. Animaliarekin sortuko den harremanak Unai ekarriko dio gogora Mireni, bost urte lehenago hildako laguna. Halaxe berrituko ditu nola haren heriotza, hala horren ondorioz sortutako mina eta dolua ere. Zaldiaren eta Mirenen arteko gorabeherek osatzen dute eleberri honen hari nagusia.
«Melodia nagusia lehen pertsonan kontatuta dago, Mirenen ahotsaren bidez, eta forma berari segitzen dio. Bertze txatalak, aldiz, ahots, tonu eta estilo erabat diferenteetan idatzita daude»
MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN Idazlea
Funtsean, Zaldi bat Unairi buruzko eleberria dela dio Txoperenak, edo, hobeki esan, «Mirenen begi-bihotzetatik iragazitako Unairena, bien arteko laguntasunarena, eta haren etenarena». Ardatz horri beste hainbat gai gurutzatzen zaizkio: esate baterako, amatasuna, adiskidantza eta bikote harremanak, «baina baita espiritualtasunarena edo eromenarena ere, nondik irakurtzen den», zehaztu du idazleak.
Zazpi ataletan kontatuta dago istorio nagusia. Txalapartako editore Iñigo Satrustegik azaldu duenez, bestelako pasarte labur batzuk ere ageri dira liburuan: «Denek ez dute lotura argirik zaldiaren istorio nagusiarekin, baina eleberriak dakarren atmosferaren osagarri modura funtzionatzen dute. Batzuek paisaiari egiten diote erreferentzia, eta beste batzuek testuinguru historikoari». Aparteko txatal horien bidez, «irakurleari sentsazioak uztea» bilatu omen du idazleak.
Nolanahi dela ere, erraz bereiz litezke ildo nagusiko txatalak eta gainontzekoak. Txoperena: «Melodia nagusia lehen pertsonan kontatuta dago, Mirenen ahotsaren bidez, eta forma berari segitzen dio. Bertze txatalak, aldiz, ahots, tonu eta estilo erabat diferenteetan idatzita daude». Bada, kasurako, Unairen beraren ahotsetik kontatutakorik, «nahiz eta ez dagoen oso argi adierazita». Baita ligatzeko jarraibideak ematen dituen gida bat edota fitxa tekniko moduko bat ere, besteak beste. Satrustegi: «Denak osagarriak dira, eta bakoitzak bere interpretazioa egin dezake irakurketan».
«Txatalak labur-laburrak izaki, liburua di-da irakurtzeko arriskua dago. Irakurleei patxadaz hartzeko esango nieke. Denbora hartzeko kontatzen denari bezala esaten ez denari ere erreparatzeko»
IÑIGO SATRUSTEGI Editorea
Satrustegik Txoperenaren «berezko dohain bat» goraipatu du: «Aurreko liburuetan ere antzeman genuenez, oso ongi xehatzen ditu sentimendu potoloak. Liburu honetan oso modu dosifikatuan datoz, baina lortzen du halako efektua. Liburuak oihartzun handia duten esaldiak eta pasarteak ditu». Gomendio bat ere egin nahi izan du editoreak: «Txatalak labur-laburrak izaki, liburua di-da irakurtzeko arriskua dago. Irakurleei patxadaz hartzeko esango nieke. Denbora hartzeko kontatzen denari bezala esaten ez denari ere erreparatzeko».
Askotariko materialak
Ezezagunak zaizkion gai askori heldu die Txoperenak liburu honetan: «Zaldiez ezer gutxi nekien, eta amatasunaz ere bertze horrenbertze». Hori dela eta, liburua idazteko baliatu duen materiala hartu du hizpide: «Memoria eta bizipen pertsonal zein kolektiboak erabili ditut, ingurukoekin izandako elkarrizketak, behaketa zein dokumentazio etnografikoak, irakurketa anitz, eta, nola ez, fantasia, magia eta jolas dezente». Mary Gordon-Watsonen The Handbook of Riding (Ekitazio eskuliburua), Erri de Lucaren Tre cavalli (Hiru zaldi), Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima eta Raymond Carver poetaren lanez Harkaitz Canok egindako bilduma aipatu ditu, besteak beste, dokumentazio iturri eta inspirazio gisa. Lesakako John Lennon ostatuaren kartoizko maketa bat ere baliatu du Txoperenak: «Jaio nintzenerako, itxita zegoen ostatu hori. Lagun baten aitari eskatu nion krokis bat egin ziezadan, eta maketa bat egin zidan hiru dimentsiotan. Hor gertatzen den zerbaiti buruz idazteko oso lagungarria egin zait».
Zaldia edo behorra dela eta, zera esan du idazleak: «Oso animalia potentea da sinbolo gisa: indarraren eta askatasunaren ikur da, besteak beste, eta horrek berak ematen dio indarra liburu honi».
'ZALDI BAT' LIBURUAREN AURKEZPEN BIRA
- Martxoak 11, Iruñea. Txalaparta argitaletxearen egoitzan, 19:00etan, Uxue Rey Gorraizekin.
- Martxoak 18, Baiona. Biltxokon, 19:00etan Biltxokon, Nora Arbelbiderekin.
- Martxoak 25, Bilbo. Bira kulturgunean, 19:00etan, Maite Asensiorekin.
- Apirilak 21, Zizurkil. Plazido Otaño liburutegian, 18:30ean, Oihana Aranarekin.
- Maiatzak 27, Gasteiz. Mara-mara liburu dendan, 19:00etan, Amaia Iturriotzekin.