Txekhoven lumaren oihartzuna

Anton Txekhov, Raymond Carver eta Alice Munro idazleak lotzen dituen hari bat marraztu dute Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria itzultzaileek, Arabako ipuin literarioen jaialdian. Igancio Aldekoarekin ere antzekotasunak dituela topatu dute.

Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdia 2025
Propio hautatutako hizlariak izan dira mahai inguruan: itzultzale bakoitzak egile errealista baten lan batzuk itzuli ditu. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko martxoaren 12a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Garai ezberdinetan bizi arren eta ozeanoaren alde banatan egon arren, Anton Txekhov, Raymond Carver, Alice Munro eta Ignacio Aldekoa idazleen joerek eta bizimoduek paralelismo asko dituzte. Gaur egin dute alderaketa Iker Sancho, Harkaitz Cano eta Isabel Etxeberria itzultzaileek, Beñat Sarasola idazlearen laguntzaz. Arabako ipuin literarioaren nazioarteko jaialdian aritu dira, Itzultzaileak, ipuingintzatzaren lurraldean mugalari: Txekhov, Carver eta Munro euskaraz (eta euskaratik harago) mahai inguruan, EHUren Arabako Campusean.

Txekhov da guztietan zaharrena, XIX. mendeko bigarren erdikoa. «Lerro errealistaren abiapuntua da», Sarasolaren ustez, hurrengo belaunaldien «erreferente nagusia». Lerro horretan daude aurrena Carver eta, ondoren, Munro Nobel sariduna, jada XX. mendean. Biei heldu zitzaien Txekhoven eragina, eta besteak beste idazteko estiloan, pertsonaietan, traman eta umorean erreberentzia egin ziotela kontatu dute mahaiaren inguruan bildutako lau adituek.

Txekhovek bazuen sei urratseko errezeta bat idazteko. Aurrenekoa zen gehiegikeria politikorik, ekonomikorik eta sozialik gabe idaztea, eta berba oldeak ere ekiditea; bigarrena, objektibotasuna; hirugarrena, errealismoa pertsonaien eta objektuen deskribapenetan; laugarrena, ahalik eta laburren idaztea; bosgarrena, esaldi eginak, atsotitzak, esamoldeak eta klixeak ekidin egin behar direla; eta seigarrena eta azkena, bihotza epel izan behar dela. Hau da, «erantzukizuna sentitu idazten duzun denbora guztian. Ez galdu tentsioa idazketan. Eta etengabe izan distrakzioa gogoan».

Carverrek bere egin zuen aholkua, eta idazkera minimalistaren alde egin zuen: esaldi, paragrafo eta kontakizun laburrak, apaingarririk gabe. Pertsonaiei ere ez zaizkie aparteko istorioak jazotzen, eta ezohiko zerbait gertatzen zaienean traba egiten die. «Pertsonaia tristeak dira. Baina beti dute, modurik harrigarrienean, argi zirrinta bat. Bukaeran beti dago argia. Norbaitek argia pizten du beti, leiho bat irekitzen du... Badago Txekhovek zioen bihotz epel hori», kontatu du Canok.

«Badakizu zer gertatuko den, baina berdin du. Normalean argiztatzen ez dena argiztatzea lortzen du Carverrek»

HARKAITZ CANOCarverren itzultzailea

Munroren protagonistak ere lurtarrak dira, eta eguneroko ekintzetan dihardute: gaixotasun degeneratibo bat duen eria, minbizia duen pertsona bat, Alzheimerra duen bat, etxe atarian kotxearekin harrapatuta semea hil duen guraso bat, tratu txarrak jasan dituen emakume bat... «Horregatik, askotan esan izan da ezer pasatzen ez den ipuinak direla bereak, Txekhovenak bezalakoak. Baina gertatzen dira ekintzak. Kontua da Munrok ez duela hor jartzen arreta, aitzakia baitira benetan nabarmendu nahi duen hori behartzeko. Pertsonen arteko botere harremanak, kontrola, emakumeak...», azaldu du Etxeberriak.

Canok gaineratu du Carverri ere sarri leporatu izan zaiola bere lanetan ez dela ekintzarik gertatzen. «Zer gertatzen da ezer gertatzen ez denean? Txakur batek zaunka egiten du, hoditeria batetik lau tanta erortzen dira, egoera ekonomiko traketsean dagoen norbaitek gela bat alokatu nahi du diru apur bat irabazteko... Ez du arazorik nahi, dirua bakarrik, baina dirua eta arazoak lotuta daude». Ekintza falta ez da txarra, Canoren ustez, Carverren ipuinetan tentsioa dagoelako. «Hori lortzea oso zaila da». Gainera, oso lan piktorikoak direla esan du: «Lehendabiziko paragrafoan, gutxi gorabehera, badakizu zer gertatuko den. Baina berdin du. Ipuinak aurrera egin ahala zoaz deskubritzen zirrikitu berriak. Carverrek lortzen du argiztatzea normalean argiztatzen ez diren lekuak. Ez diot arreta jarriko elkarrizketari, zakurraren zaunkari jarriko diot».

«Askotan esan izan da ezer pasatzen ez den ipuinak direla bereak. Kontua da Munrok ez duela hor jartzen arreta»

ISABEL ETXEBERRIAMunroren itzultzailea

Hiru idazleen ipuinak giro ilunekoak dira, egoerak lazgarriak dira, pertsonaiak ez dira heroikoak... Baina umorerako tartea ere badute. «Txekhov eta umorea oso lotuta daude», baieztatu du Sanchok. Idazle errusiarraren lehen lan batzuk komediak dira, eta geroago idatzitakoetan ere erabili zituen baliabide komikoak. «Egoerak, askotan, absurdoak dira, erridikuluak. Agian ez da umore bat barre algaraka hastekoa, baina ikusten zaio umore bat». Canoren arabera hori da umorerik zailena, finena. «Carverrek ere erabiltzen zuen umorea. Txiste estiloko esaldiak nahasten ditu».

Munro «umorez betetako idazle bat» da Etxeberriaren ustez, nahiz eta ez duen etiketa hori. «Idazleak konplizitate bat ezartzen du irakurlearekin, eta biek behatzen dute gurasokeriazko begirada batekin pertsonaiak zertan ari diren. Erreakzionatzen ari dira gertatzen zaienaren aurrean, eta erreakzio horiek batzuetan umoretsuak dira. Baina pertsonaia barruan dago, eta ez da konturatzen. Munrok irakurlearen eta idazlearen arteko konplizitate handia lortzen du pieza zehatz batzuk emanez, eta badirudi elkarri esaten diotela 'begira zertan ari diren horiek'. Oso trebea da horretan».

«Txekhov eta umorea oso lotuta daude. Agian ez da umore bat barre algaraka hastekoa, baina ikusten zaio umore bat»

IKER SANCHOTxekhoven itzultzailea

Ignacio Aldekoa idazle gasteiztarraren jaiotzaren mendeurrena bete da. Sanchok esan duenez, paralelismo ugari daude Txekhoven eta Aldekoaren lanen artean. «Asko topatu ditut»: biek istorio laburrak eta zuzenak zituzten gogoko, eta egin zituzten bidaiek eragina izan zuten sorkuntza prozesuan. Gainera, biak hil ziren 44 urte eta erdirekin. «Inork sinesten du kasualitateetan?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.