Igandean hil zen Txema Larrea idazle eta militantea. Basaurin (Bizkaia) jaioa 1954an, kazetaritza ikasi zuen eta lau urtez aritu zen Zeruko Argia aldizkariarentzako lanean, Iruñean. Horretaz gain, beste hainbat aldizkarirentzako lanak ere egin zituen, besteak beste, Hitz, Zutabe, Zutik, Xaguxarra, Jakin, eta A Nosa Terra-rentzako.
Hainbat lan ere argitaratu zituen, esaterako, Alkohol-Poemak (Pamiela, 1984) Joseba Sarrionandiarekin batera, edota Miranderi buruzko Poemak (Erein, 1984) eta Miranderen lan kritikoak (Pamiela, 1985). Dena den, euskarari buruzko Euskaldungoa erroizturik (Pamiela, 1994) saiakera da Larreraen lanik ezagunena.
Frankismo garaian ETAko kide izan zen Larrea. Hori dela eta preso sartu zuten, baina 1977an aske geratu zen orduko Espainiako presidente Adolfo Suarezen amnistiari esker. 1980ko hamarkadaren erdian Euskal Herriko Unibertsitatera egin zuen jauzi, eta azken urteetan han aritu da irakasle lanetan.