Zinema estreinaldiak

Txikiak diren horiek

Denboraldi batez elkarrekin bizi behar duten ama eta alaba baten arteko harremana du erdigunean 'Los pequeños amores' filmak. Celia Rico Clavellino zinemagile espainiarraren bigarren film luzea da.

(ID_17095441853355) \'LOS PEQUEÑOS AMORES\'
'Los pequeños amores' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2024ko martxoaren 6a
05:05
Entzun

Uda da, eta bero itzela egiten du. Ani etxe handi bateko paretako pintura ari da kentzen. Oso egonkorra ez dirudien eskailera altu batera dago igota, eta esku bakarrarekin eusten dio gogor, bestean arraspa bat duela. Gazpatxoa kozinatuko du ondoren, ozpina botata, eta Gigi txakurrari tomate zatiak emango dizkio. Gauean leihotik sartzen ez den freskotasuna lortu nahian, haizagailua piztuko du Anik, baina abanikoari ere eragingo dio. Bueltatxo bat ematera aterako dira txakur eta jabe, eta emakumea erori egingo da, eta hanka eta besoa zauritu. Mugitzeko aukera gutxirekin, Teresa alabaren laguntza onartu beharko du Anik, denboraldi batez etxera joango zaiona. Ama-alabek elkarrekin egotera ohitu beharko dute; gauza txikienekin eztabaidatzen dute emakume biek, eta, udako egun luze horietan, Teresak bizi den uneari buruz hausnartzeko aukera izango du.

Celia Rico Clavellino produkzio lanetan hasi zen zinema munduan, Sevillan (Espainia) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi ondoren Bartzelonara bizitzera joan zenean. Bere lehen film laburrak, Luisa no está en casa izenekoak, Gaudi saria jaso zuen, eta lehen film luzea, berriz, Viaje al cuarto de una madre, Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zuen, 2018an. Lan honekin hainbat sari eta izendapen jaso zituen zinemagileak: Epaimahai Gaztearen saria Donostian, lau Gaudi, Feroz sari bat, eta lau Asecan sari (Andaluziako Idazle Zinematografikoen Elkartearenak). Animazioan ere lan egin du Ricok, Mironins haurrentzako telesailaren sorkuntzan, eta Celia se aburre liburua publikatu zuen 2017an.

2020an hasi zuen zinemagileak Los pequeños amores filmaren idazketa. Torino Film Lab laborategian eta EWAk (European Women Association) antolatutako egonaldi artistikoan garatu zuen gidoia, eta 2022ko udan egin zuten grabaketa.

Viaje al cuarto de una madre-k etxetik alde egin nahi duen alaba baten eta haren amaren arteko harremana kontatzen zuen. Los pequeños amores-ek, aldiz, alde egin zuen eta denboraldi baterako itzuli behar duen alabaren eta bere amaren artekoa erretratatzen du. Emakume independenteak dira biak, bakarrik bizitzera ohituak, eta besteen laguntza eta zaintza onartzeko zailtasuna dutenak. Belaunaldi ezberdinetakoak dira, eta etengabe, eta gauza txikienetan ere, talka egiten dute. Elkar maite dute, mirespena ere ikus daiteke, baina batak bestearekin erlazionatzeko duen erak defentsiban egotera behartzen ditu.

Lehen filmarekin egin bezala, eta izenburuarekin bat etorriz, Rico Clavellinok gauza txikietan jartzen du arreta Los pequeños amores filmean: hortzetako aparatua garbitzeko gomendioetan, pareta margotzeko arrabolan, tetrabrikeko gazpatxoan, negar egiteko kolirioan. Eguneroko gauza txiki horiekin eraikitzen ditu istorioaren oinarrian dauden maitasun harremanak; diskurtso handirik gabe, adierazpen ikusgarririk gabe. Eta erdigunean, ama-alabak. Haien bizitza zeharkatzen duen elkar maitatzeko erarekin, bakoitzaren mundu ikuskera definitzen duten kezka eta ardurekin: maitasun txiki horiekin.

'LOS PEQUEÑOS AMORES'

Zuzendaria: Celia Rico. Gidoilaria: Celia Rico. Aktoreak: Maria Vazquez, Adriana Ozores, Aimar Vega. Musika: Santiago Racaj. Generoa: Drama. Urtea: 2024. Iraupena: 95 min. Herrialdea: Espainia. Estreinaldia: Martxoaren 8an estreinatuko da Hego Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17095442446395) \'BLUE GIANT\'
Blue Giant filmaren irudi bat.

'Blue Giant'

Miyamoto Dai saskibaloirako grina duen ikaslea da, baina lehen aldiz zuzeneko jazz saio bat ikusi ondoren, bizitzari buruzko bere ikuspegia aldatuko du, eta aurrerantzean saxofoia joko duela erabaki. Daik ez du ez talentu naturalik, ez entrenamendurik, ezta zer lan egin beharko duen ideiarik ere, baina saxofoiarekiko duen obsesioak hura egunez egun jotzera eramango du.

Zuzendaria: Yuzuru Tachikawa. Gidoilaria: Number 8. Manga: Shinichi Ishizuka. Aktoreak: Animazioa. Argazkia: Hiromi Uehara. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 120 min. Herrialdea: Japonia.

'Zarata'

Zenbat eragiten du bizitza pribatuak artean? Julenek pertsonak erabiltzen ditu. Gizon batek pelikula bat egiteko boterea erabiltzen du. Marianek bere lagun June erabiltzen du. Lagunak pelikula bat egiteko erabiltzea. Pertsonak erabiltzea film bat egin ahal izateko. Dirua. Agian film batek ez du artearekin edo narrazioarekin zerikusirik, agian boterea erabiltzeko beste modu bat besterik ez da.

Zuzendaria: Tamara Garcia Iglesias. Gidoilaria: Tamara Garcia Iglesias. Aktoreak: Ainara Gurrutxaga, Erika Olaizola, Javier Barandiaran. Argazkia: Tamara Garcia Iglesias. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 62 min. Herrialdea: Euskal Herria.

'Vincent doit mourir'

Jendea Vincent erasotzen hasiko da, ustez inolako arrazoirik gabe. Bere bizitza arrunta deskontrolatu egingo da, eta, indarkeria hazten doan heinean, ihes egitea beste erremediorik ez du izango. Baina nora?

Zuzendaria: Stephan Castang. Gidoilaria: Mathieu Naert. Aktoreak: Karim Leklou, Vimala Pons, François Chattot. Argazkia: Manuel Dacosse. Generoa: Komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 115 min. Herrialdea: Frantzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.