Mikel Txillida gogotsu agertu da zuzendari modura egin duen lehen erakusketaren aurkezpenean. Apirilean hartu zuen Txillida Leku museoko (Hernani, Gipuzkoa) zuzendari kargua, Mireia Massagueri lekukoa hartuta, eta bide berriak jorratu nahi ditu; batez ere, erakusketetan. «Txillida bera izango da ekuazioaren ardatza, baina beste elementu batzuekin nahastuko dugu», iragarri du. Aldaketa horren emaitza da, zehazki, ireki berri duten Gorputz geometrikoak erakusketa; haren helburua da erakustea Txillidak nola erabili zituen bolumen geometrikoak bere ibilbidean. Urriaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Berrogei obrak osatzen dute erakusketa, eta gehienak Zabalaga baserrian daude. Txillidaren lanez gain, beste artista batzuen piezak ere bildu dituzte; Larry Bellen bat eta Nora Aurrekoetxearen beste bat, hain zuzen. Mikel Txillidaren ustez, aitonak geometriarekin egindako lanketa hobeto ulertzen da gaur egungo artistekin batera erakutsita: «Modua ematen du Txillida orainaldian kokatzeko».
Estela Solanak egin ditu komisario lanak. Kontatu duenez, hasieran beste izen bat izan zuten buruan erakusketarako: Geometria organikoa. Izan ere, Txillidari modu organikoan sortutako geometria interesatzen zitzaion gehien: «Haren obra ez zen geometrikoa zentzu matematikoan. Naturan bilatzen zuen geometria hori, hartan gertatzen ziren fenomenoetan». Artistak, batez ere, bi figura geometriko uztartu zituen bere ibilbidean: esfera eta kuboa. Bi figura horiek ardatz dituzten piezak jaso dituzte erakusketan.
«Txillidaren obra ez zen geometrikoa zentzu matematikoan. Naturan bilatzen zuen geometria hori, hartan gertatzen ziren fenomenoetan»
ESTELA SOLANA Komisarioa
Komisarioaren hitzetan, esferak unibertso telurikoarekin lotuta zeuden Txillidarentzat; «unibertsoari eta kosmosari» egiten zioten erreferentzia. «Mugimendua ekartzen zioten gogora; higadura ziren harentzat». Esferaren kasuan, igeltsuzko eta burdinazko piezak daude ikusgai; horietako bat Esferen musika II da, eta lehen aldiz dago ikusgai Txillida Lekun. Nafarroako Unibertsitatearena da pieza, baina erakusketarako utzi dio museoari. Kuboa, berriz, 1965etik aurrera jorratu zuen artistak, kuboaren alde arkitektonikoarekin «adiskidetu» zenean. Solana: «Aitzakia ematen zion materialen barrualdean lan egiteko». 1980ko Poetaren etxea I da ildo horren barruko piezetako bat.
Kontrapuntuak
Artista gonbidatuen lanak funtsezkoak dira erakusketan, komisarioaren aburuz: «Elkarrizketa, kontrapuntua eta desadostasuna dago haien eta beste lanen artean; oso aberasgarria da». Belli dagokionez, 2020an ondu zuen Triolith D pieza jarri du ikusgai, eta beirazko hiru xaflaz osatuta dago. Artistak xaflak estaltzeko erabilitako materialaren eraginez —silizio monoxidoa eta titanioa—, itxuraz aldatzen da pieza argiak jotzen duenean, eta, horrela, argia bera obraren beste material bat bihurtzen da. Hori dela eta, Zabalaga baserriko leiho baten aurrean jarri dute obra.

Aurrekoetxearena da aulki bat lana. Londresko Royal College of Art-en egindako egonaldi batean sortu zuen, 2019an, eta Milena Diekmann estilistarekin elkarlanean egindako proiektu baten emaitza da. Apaingarri den hori estruktural bihurtzeko ariketa egin zuten proiektu hartan, eta ile sintetikoa erabili zuten horretarako. Makrame tekniken bidez, burdinazko haga batzuk ilearekin lotu zituen artistak, eta aulki moduko bat sortu. Pozik agertu da bere pieza bat Txillida Lekun erakusteko aukera izateagatik: «Ohorea da nire lana Txillidaren lanekin elkarrizketan egotea». Halaber, aipatu du erakusketak aukera eman diola Txillida beste modu batera ezagutzeko ere. «Aukera eman dit orain arte ez bezala ikusteko. Betidanik ikusi izan dut haren lana espazio publikoan».
«Aukera eman dit Txillida orain arte ez bezala ikusteko. Betidanik ikusi izan dut haren lana espazio publikoan»
NORA AURREKOETXEAÂ Artista
Museoaren eta Aurrekoetxearen arteko elkarlana, baina, ez da amaitu oraindik. Mikel Txillidak kontatu duenez, pieza bat ekoizteko eskatu baitiote artistari. «Etapa berri honetan, beste artista batzuen sorkuntza bultzatu nahi dugu». Artistak ez daki zer-nolako pieza egingo duen, baina badaki museoarekin estuki lotuta egotea nahi duela. «Lekuarekin zerikusia izatea nahi dut. Ez du zentzurik tailerrean egiteak, bakartuta nagoela».