Animazio munduko gerraren barruan irudimena amaitzen ari dela dirudi. Orain dela bi urte Dreamworks etxeak Kung Fu Panda hala moduzkoa egin zuen. Topikoz beteriko film grisa zen, baina nonbait bulegoetan diseinatutako helburua lortu zuen; diru poltsa handia, alegia. Hori hala izanda, hemen da ezinbesteko ondorioa, bigarren partea.
Ez dute burua gehiegi estutu. Tallarin dendatik kung-fu maisua iristera ailegatu zen Po hartza patxada ederrean bizi da, bere ametsa errealitate bihurtuta. Haren ondoan, aurreko filmean egindako lagunak ditu: tximua, kurriloa, sugea, tigrea...
Baina lasaitasuna laster amaitzen zaie, Lord Shen pertsonaia gaizto bat agertzen baita, plan argi batekin: arma sekretu baten laguntzaz Txina konkistatu, eta, horrekin batera, kung-fua suntsitu. David Carradine balitz bezala, Pok iraganean arakatu beharko du, eta jatorri misteriotsuaren sekretuak argitu. Soilik horrela egin ahal izango die aurre Lord Shenen asmo maltzurrei.
Zuzendari aldaketa izan du bigarren Kung Fu Panda honek. Lehenengoan, Mark Osborne eta John Stevenson izan ziren; orain, berriz, Jennifer Yuh da. Zinemarako zuzentzen duen lehen filma da, baina saila ongi ezagutzen du, aurrekoan lan teknikoan eta artistikoan parte hartu baitzuen.
Animazio lanetan ohikoa denez, jatorrizko bertsioan ahotsa jarri dutenak aktore ezagunak dira. Protagonistaren atzean Jack Black dago, eta beste pertsonaia batzuen atzean Angelina Jolie, Jackie Chan, Gary Oldman eta Dustin Hoffman.
Lehen filma sobera ona ez izanda ere, Kung Fu Panda-ren inguruan negozio ederra egin du Dreamworks-ek. Pertsonaien irudiekin mota guztietako objektuak merkaturatu ditu, baita telesail bat egin ere. Hala ere, nonbait ez dute oso garbi ikusleek nola erantzunen dioten bigarrenari, eta badaezpada ere hiru dimentsioko bertsio garestia prestatu dute.
'KUNG FU PANDA 2'
Zuzendaria: Jennifer Yuh.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2009.
Iraupena: 90 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatu dute Ipar Euskal Herrian. Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Txinaren konkista saihestea helburu
Dreamworks etxeak 'Kung Fu Panda' sailaren bigarren partea egin du, berritasun gutxirekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu