Literatura

Tzara da Dada?

Berrogeita hamar urte dira jada zendu zela Tristan Tzara, Dada mugidaren eragile, Dada manifestu baten egile. Aurten, birritan etorri da azkeneko hori euskarara.

2013ko abenduaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Kazetari alfer honek nahiko luke, Tristan Tzara (Moinesti, Errumania, 1896-Paris, 1963) hizpide hartuta, haren Dada manifestua goitik behera kopiatu eta itsatsi hemen bertan; edo bederen, Dada poema bat osatzeko berripapera ebakitzen den bezalaxe, manifestu haren adabakiz osatu testu hau. Alabaina: Dada! Irakurleak irakurtzeko bezalaxe egin beharko ditu berak idazteko itxurak.

Arazoa zera da, Dada manifestu baten faltan, bi ditugula euskaraz. Arazoa? Bai zera! Izan ere, joan den urtarrilaren amaieran, Danele Sarriugartek eta Garazi Arrulak sorturiko Elearazi.org blogean plazaratu zen sarrera bat, aurrenekoaren izenez sinatuta, manifestuaren itzulpena zekarrena. Bestalde, aste honetan, Tristan Tzararen heriotzaren 50. urteurrenarekin bat eginez, Armiarma.com atariko Literatur Emailuak ekimenak iragarri du sarean eskuragarri dela Dada manifestua, Koldo Izagirreren itzulpenean.

Lan apartak dira, biak ala biak oso interesgarriak eta irakurgarriak; jakina, irakurle gogotsuentzat. Kazetari alfer honek azpimarratu nahi lituzke lehenengoaren ausardia eta bigarrenaren maisutasuna. Esaterako, Elearazik «gaiztratatu» dioen tokian «tratutxartu» dio Izagirrek. Lehenak honela hasten du bigarren paragrafoa: «Manifestu bat idazten dihardut eta ez dut fitsik nahi, halere gauza jakin batzuk esaten ari naiz eta printzipioz manifestuen kontra nago, printzipioen kontra nagoen gisan (...)». Izagirreren bertsioan, ordea, Tzarak dio: «Manifestu bat idazten ari naiz eta ez dut ezer nahi, gauzaren batzuk esaten ditut alabaina, eta printzipioz manifestuen aurka nago, printzipioen aurka nagoen bezalaxe (...)».

Hortaz, aukera parea du orain sarean dabilen euskal irakurleak Tzararen lan eder hori debalde eskuratzeko. Dena den, Dada manifesturik ezagunena izanagatik, ez zen bakarra izan Tristan Tzararena, ezta lehenengoa ere. Izatez, Hugo Ball poeta alemaniarrak 1916an jendarteratu zuen estreinako Dada manifestua, Suitzako Zurich hiriko Waag Hall aretoan. Bi urte geroago argitara eman zuen Tzarak berea, aditu gehienen ustez mugimenduaren testurik garrantzizkoena dena: Dada manifestua.

Nolatan Dada?

Bada, ez da erraza esaten Dada zer den, ezta izena nondik datorren ere. Egiaren bertsiorik ezagunenak dioenez, Tristan Tzarak ausaz zabaldu zuen Larousse hiztegia, eta begietara salto egin zion «Dada» hitzak. Frantsesez «jostailuzko zalditxo» esan nahi du, irudizko adieran «zaletasun edo grina». Hala dio hiztegiak, egun ere; mesfidati denak, egiazta dezala sarean. Hala ere, horrek ez du frogatzen Tzararen egiletza.

Beste bertsio batek dio Hans Arp izan zela Dada izenaren asmatzailea. Mihi gaiztoen esanetan, zurrumurru horiek Tzararen entzumenera heldu zirenean, oker hori zuzentzera behartu zuen. Dada aldizkarian argitaratu zen zuzenketa, Hans Arp artistaren izenpean: «Idazki honen bidez aditzera eman nahi dut Tristan Tzarak aurkitu zuela Dada hitza 1916ko otsailaren 8an, arratsaldeko seietan: hantxe nengoen ni, ene hamabi seme-alabekin, Tzarak lehen aldiz hitz hori ahoskatu zuenean, eta ulergarria denez, bozkarioz bete ginen oro». Antza denez, askok ez zuten harrapatu Arp azeriaren ironia, eta Tzararen egiletzaren berrespentzat hartu zuten.

Azken bertsio batek, beharbada sinesgarrienak, Hugo Ball eta Richard Huelsenbeck dadaistei egozten die Dada izenaren asmakuntza. Huelsenbeck berak hala adierazi zuen En avant Dada (1920) memoria liburuan: «Hugo Ballek eta biok ustekabean aurkitu genuen Dada hitza alemana-frantsesa hiztegi batean, Madame le Roy abeslariarentzat izen bila genbiltzan batean. (...) Hitz labur eta iradokitzailea da, eta Voltaire kabaretean defendatzen genuen guztiaren estandarte bilakatu zen berehala Dada».

Izan ere, Dada mugimendua ez zen halabeharrez garatu Suitzako kabaret batean. Lehen Mundu Gerraren ondorioz, ehunka iheslari bildu ziren Zurichen, eta tartean, arlo askotako sortzaileak: Hugo Ball (Voltaire kabaretaren fundatzailea) eta Richard Huelsenbeck alemaniarrak, Hans Arp alsaziarra, Marcel Janco eta Tristan Tzara errumaniarrak, eta beste hainbat.

Hain zuzen, aditu batzuek defendatzen dute Dada ez zela Suitzan sortu, hutsetik. Horiek diotenez, mugimenduaren ernamuina Errumaniatik ekarri zuten Jancok eta Tzarak, ordurako ezagunak baitziren errumaniarren artean gerora dadaistek garatu zituzten zenbait arte-ekintza. Edonola, norberak bere erara, dadaistek gerraren arrazoiei egiten zieten aurre, sormenaren bidez suntsitu nahian ordena, burgesiarena, gerraren logika mantentzen zuena. Beste hitzetan, kaosaren ordena baliatu nahi zuten ordenaren kaosaren kontra.

Kontuak kontu, Tzararen Dada manifestua birritan irakurtzea aski da konturatzeko zelako gaurkotasuna eta indarra duten dadaisten hitzek eta ekintzek oraindik ere. Elearaziren bertsioan Tzarak dio: «Artea egiten al dugu dirua irabazteko eta burgesia maiteak pozik jarraitu dezan?». Ordea, Izagirreren bertsioan: «Dirua metatzeko eta burges adeitsuak laztantzeko ote dugu artea egiten?». Galdera batek zein besteak zirrara eragiten dute oraindik ere, eta erantzun argirik ez. Beharbada, hobe da esatea, soil-soilik: Dada!

Artikuluan aipatutako itzulpenak irakurtzeko:

elearazi.org/2013/01/29/dada-manifestua-1918/

ekarriak.armiarma.com/zizkak/?tzara01
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.