Musika

U2, errautsen artetik

Ezustean, iragarpenik gabe, eta ia hamar urteko etenaren ostean, munduaren egoera politikoaz mintzo den sei kantuko EP bat atera du Irlandako taldeak: ‘Days of Ash’.

U2 taldea, promozioko argazki batean. ANTON CORBJIN
U2 taldea, promozioko argazki batean. ANTON CORBJIN
mikel lizarralde
2026ko otsailaren 22a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Jendearen boterea boterean daudenena baino indartsuagoa da», kantatzen du Bonok, konbentzimendua adieraziz eta koru bat osatzen duten hainbat ahotsek lagunduta, American Obiatuary abestian. Days of Ash U2 taldeak aste honetan bertan argitaratu duen sei piezako disko laburreko lehenengo kantua da hori, eta, Irlandako taldeak bere ibilbide osoan erakutsi duen ikuspegi bakezale eta gizatiarra ez ezik, bandak gaur egun mundua nola ikusten duen ere adierazten du. Pertsonak, emakumeak, gizonak, haurrak alde batean, eta haiei jazartzen zaizkien indar boteretsuak bestean. 

Songs of Experience lana argitaratu zuenetik (2017), kantu berririk kaleratu gabe zegoen U2 —orain dela bi urte pasa Songs of Surrender diskoa atera zuen, baina taldeak lau hamarkadako ibilbidean sortutako kantuen bertsioak biltzen zituen lan hark—. Bonok, The Edge gitarristak, Adam Clayton baxu joleak eta Larry Mullen Jr bateria joleak iragarria zuten 2026aren hondarrean disko bat argitaratzeko asmoa zutela, baina aste honetan bertan eta aurretik inolako arrastorik emateke, taldeak Days of Ash kaleratu du, munduan bizi denari unean bertan erantzun nahi dion lan bat.

«EP honetako abestiek ezin zuten itxaron, eta mundura irteteko irrikaz zeuden. Errebeldia eta atsekabe kantuak dira, aiene kutsukoak. Ospakizun piezak geroxeago etorriko dira; orain ari gara horiek lantzen», adierazi dio taldeak Propaganda U2-ren fanzine ofizialari. Eta gaineratu diote: «Nahiz eta gure pantaila txikietan ankerkeria erabat normalizaturik ikusten dugun egunero, ez dago ezer normalik sasoi zoro eta zorarazle hauetan, eta aurre egin behar diegu, etorkizunean berriro fedea izan arte».

Days of Ash-en, AEBetako Immigrazioko eta Aduanetako Poliziaren sarekadez, Ukrainako gerraz, Israelek Zisjordanian eginiko kolonizazioaz eta Irango protestez eta haien jazarpenaz hitz egiten du taldeak. Gatazkez, bidegabekeriez eta gehiegikeriez. Baina batez ere, sufrimendua jasaten duten gizakiez mintzo da. «Askatasunaren alde lehen lerroan borrokatzen diren pertsona bikain eta ausartak» izan dituzte inspirazio iturri kantuak sortzeko. Hain zuzen ere, kantuetako lauk modu bortitzean hildakoei buruz hitz egiten dute, eta beste batek «abesten aritu nahiko lukeen arren bere herrialdearen askatasunaren alde hiltzeko prest dagoen soldadua» du protagonista.

Jarrera bat izatea

Dublingo taldearen ibilbideari erreparatu diotenentzat ezin da sorpresa handia izan U2 bere ustez defenditzeko modukoak diren kausen alde agertu izana. Ipar Irlandako gatazkaz (Sunday Bloody Sunday), Argentinako desagertuez (Mother of The Disappeared) eta Martin Luther Kingez (Pride eta MLK) mintzo ziren kantuak azaltzen ziren taldeak 1980ko hamarkadan argitaratu eta U2ren ospea finkatu zuten diskoetan; eta urte haietan hasi zen, era berean, taldearen eta Amnesty International eta Greenpeace erakundeen arteko elkarlana. 

Horrek berak kritika ugari ere ekarri dizkio taldeari, besteen minari edo sufrimenduari etekina atera nahia leporatu izan baitiote zenbaitetan. Baina taldekideek garbi daukate. «Inoiz ez dugu jarrera bat hartzeko orduan zalantzarik izan, eta hori batzuetan ez da erraza. Baina gure izaeraren parte inportantea ere bada hori, eta baita gu izateko arrazoiaren parte ere».

KANTUZ KANTU

'American Obituary'
ICE AEBetako Immigrazioko eta Aduanetako Poliziak Minneapolisen hildako Renee Gooden omenezko kantua da.

 «Aske hiltzeko jaio zen Renee Good/ Hiruren ama amerikarra/ Urtarrileko zazpigarren eguna/ Haur bakoitzeko bala bat, ikusten duzu», kantatzen du Bonok The Edgek eraikitako gitarra doinu zorrotzen eta erritmo oinarri sendoaren gainean. Diskoko kanturik rockzaleena da, garai bateko epikari muzin egiten ez diona. 
'The Tears of Things'
Richard Rohr frantziskotarraren liburu baten izenburua hartzen duen balada bat da, eta Michelangeloren eta haren David eskulturaren arteko solasaldi bat irudikatzen du: «Gizon bat kaiola batean sartu eta behar adina astintzen baduzu, giltzapetu ezin den amorru bihurtzen da gizon hori».
'Song of The Future'
Sarina Esmailzadeh 16 urteko nerabea Irango segurtasun indarrek hil zuten 2022an, gaztea protesta batean parte hartzen ari zela, eta kantuak zuzenean kantatzen dio hari. «Sarina, Sarina/ Etorkizuneko kantua da bera».
'Wildpeace'
Kantu bat baino gehiago, poema bat da Wildpeace. Yehuda Amichai poeta israeldarrak idatzi zuen, eta Adeola Fayehun artista nigeriarrak irakurtzen du Jackknife Leek idatzitako musikaren gainean. Bonoren esanetan, «afrikar kontinenteko beste gatazka batzuk ekartzen ditu gogora».
'One Life At a Time'
No Other Land dokumentalak inspiratutako tempo ertaineko kantua da, eta Awdah Hathaleen palestinarraren omenez idatzi zuten. Kolono israeldar batek hil zuen Hathaleen, Zisjordanian.
'Yours Eternally'
2022ko udaberrian Bono eta The Edge Kievera gonbidatu zituzten, eta tren geltoki batean jo zuten. Han ezagutu zuten Tara Topolia kantaria, eta elkarren adiskide egin ziren. Topoliak berak abesten du kantuan, soldadu baten ahotsetik, eta Ed Sheeranek ere ahotsak jartzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.