«Kakrazaharra!». Gaizki esandako birao batekin abiatu zuen Alfred Jarry antzerkigileak, 1896. urtean, garai hartako antzerkiaren konbentzio guztiak apurtzen zituen Ubu roi pieza, eta klasiko bat bilakatu da denborarekin. Antzezlana dadaismoaren, surrealismoaren eta absurdoaren teatroaren aitzindaritzat jotzen dute adituek, eta hamaika bertsio, moldaketa eta itzulpen izan ditu geroztik. Bilboko Pabiloi 6 antzerki laborategiko Gazte Konpainiak euskaraz taularatuko du orain lehenengoz, Parisen jatorrizko lehen «Merdre!» ozen hura entzun zenetik 124 urte betetzen diren honetan. Raul Quiros Molina antzerkilariak 2017an egindako moldaketa hartu du oinarri Bilboko konpainiak, Ramon Bareak zuzendu du lana, eta aurreko asteetan gazteleraz eman ostean, Idoia Barrondok euskaratuta antzeztuko dute orain, Ubu, Finantzen erregeizenburupean, Pabiloi 6 aretoan, bihar hasi eta igandera bitarte.
Lehen irainetik hasita obra «zoramena» dela dio Barrondok. Sakonean, kapitalismo basatiari buruzko satira bat da antzezlana, eta muturrera eramandako pertsonaiak baliatzen ditu hori taularatzeko. Ubu izeneko pertsonaiak finantza munduaren jaun eta jabe bilakatu nahi du, eta edozer azpijokotarako prest dago hori lortzeko: Ama Ubu pertsonaiak xaxaturik, Munduko Bankuko zuzendaria eta haren familia hiltzea du plana. «Tontolapiko baten bidez kontatzen du antzezlanak benetan zer gertatzen den ekonomian», azaldu du itzultzaileak.
Erronka eta oparia
Absurdoaren antzerkiaren erreferentzia bat da pieza, eta munduan hedatua da jadanik; horren berri ematen duen datu bat aipatu du Barrondok. «Pabiloi 6 aretoan lanaren gaztelerazko bertsioa eskaintzen hasi ginen une berean, badakigu beste Ubu bat egin zutela Korean». Euskarazko bertsioa sortzea «opari bat» izan dela dio. Ez, ordea, zailtasunik gabea. Izan ere, errimatuta eta neurtuta dago testua, eta abesti batzuk ere baditu tarteka. Guztiak moldatu behar izan ditu Barrondok. Horregatik, testuaren esanahiari eutsi eta hitz joko berriak sortzea izan du erronka.
Pabiloi 6 antzerki laborategiak 2015ean jarri zuen martxan Gazte Konpainia. Euskal Herriko bateko eta besteko antzerki eskoletan ikasketak amaitu dituzten ikasleei lehen esperientzia profesionala eskaintzea da asmoa, eta antzezlan bat taularatuz borobiltzen dute programa. Lorca, Dalí, Buñuel Aborigenak estreinatu zuten, adibidez, 2017an, eta Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? taularatu zuten iaz. Aurreko aldietan bezala, oraingoan ere, casting bidez hautatu dituzte Ubu, finantzen errege antzezlanean parte hartu duen lantaldeko kideak, eta, guztira, zortzi aktore egongo dira oholtzan: Kepa Alonso, Alazne Astorga, Aitor Etxarte, Alex Gibaja, Diana Irazabal, Sandra Martin Gomez, Arnatz Puertas eta Leire Ormazabal.
Antzezpen fisikoa
Ubu pertsonaiarena egiten du Ormazabalek, adibidez, eta antzezlana «bidaia zoragarri bat» izaten ari dela dio. Bizkaiko Antzerki Ikastegian egin zituen ikasketak lehenik, eta Madrilen egin zituen antzerki musikaletan espezializatzeko ikasketak gero. Kasu honetan, bereziki fisikoa da antzezpena, aktorearen hitzetan. Pertsonaiek badituzte bufoien ezaugarriak, behartuta egiten dituzte mugimendu batzuk, eta ahotsak ere ez dira erabat naturalak. «Dantza egiten dugu, salto, korrika, akrobaziak ere badaude, eta reggaeton eta rap abestiak ere badaude».
Entseguak «jolas modura» bizi izan dituztela dio Ormazabalek, eta taldeko giroa «oso ona» izaten ari dela. Gogor egin behar izan dute lan, halere. «Hiru hilabete egon gara prestakuntzekin, eta gaztelerazko estreinaldiaren ondoren, asteburuetan gaztelerazko bertsioa eman, eta bitartean, astean zehar euskarazko bertsioa prestatzen egon gara». Azkar joan zaie denbora horregatik, eta, dioenez, pena dute egun gehiagotan ematerik izan ez dutelako. Baina pozik dago emaitzarekin Ormazabal. «Barre egiteko primerako pieza da. Gaur egungo ekonomiaren aurkako satira bat da, eta kontatzen du nazioarteko konpainiek nola egiten duten nahi dutena gure diruarekin; dena absurdotik emanda».
Finantzei buruzko formakuntza
Izan ere, antzezlana ez da absurdo hutsa. Finantza sistemaren aurkako kritika bat da funtsean Ubu, finantzen erregea, eta hori ere kontuan hartu dute pieza prestatzerakoan. Aktoreak taularatzen ari zirenaren jakinaren gainean egon zitezen, adibidez, finantza erakundeen funtzionamenduari buruzko hitzaldiak ere eman dizkiote lantaldeari Mugarik Gabeko Ekonomialariak elkarteko kideek. Interesak, zergak, Bildelberg taldea...
Oraingoz, aste honetako emanaldiak baino ez ditu egingo konpainiak, baina emanaldi gehiago lortzea da asmoa.