Udako paradisu iragankor horiek

Alfredo Sanzol antzerkigilearen ‘Egun zoragarriak’ obra estreinatuko du bihar Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak, Itziar Lazkanoren zuzendaritzapean.

Pabiloi 6 Gazte Konpainia EGUN ZORAGARRIAK pieza entseatzen
Pabiloi 6ko Gazte Konpainia, 'Egun zoragarriak' pieza entseatzen. LU SAIZ BAEZ / PABILIOI 6
Inigo Astiz
2024ko urtarrilaren 18a
11:05
Entzun

«Erredundantzia izango da, baina testua ere zoragarria da». Alfredo Sanzol antzerkigile nafarraren Egun zoragarriak obra estreinatuko du Pabiloi 6ko Gazte Konpainiak, eta antzezlanaren kalitatea nabarmenduz hasi du hari buruzko azalpena Itziar Lazkanok. Hura dabil zuzendari lanetan, eta, azaldu duenez, orain esku artean darabilen obrari esker «maitemindu» zen Sanzolen lanarekin. «Bizitasun handiz idazten du, eta mami handikoak dira testuak». Udan girotutako pertsonaia eta egoera sorta bat aurkezten du obrak, eta euskaraz taularatuko dute orain, Patxo Telleriak egindako itzulpenean. Komedia bat, tanta filosofiko eta dramatiko batzuekin. Bihar egingo dute estreinaldia, Bilboko Pabiloi 6 aretoan; larunbatean ere egingo dute emanaldi bat, eta igandean beste bat.

Talde gazteen profesionalizazioa sustatzeko asmoz abiarazi zuten Pabiloi 6ko Gazte Konpainia, duela bederatzi urte. Eta, aurten, sei aktorek osatu dute taldea: Gorka Lunak, Izar Pizarrok, Itxaso Sanchezek, Omar Somaik, Markel Vazquezek eta Sofia Zalliok. Eurak dira Sanzolen pertsonaia sorta taularatuko dutenak. «Gogor egin dute lan guztiek», laburbildu du antzerki zuzendariak, «baina prozesua oso-oso dibertigarria izan da, eta barre asko egin dugu».

Udan girotutako hamasei esketxek osatzen dute antzezlana, hari narratibo bati jarraitu gabe.

Trilogia baten azken atala da Egun zoragarriak; 2010ean estreinatu zuten lehenengoz, Sanzolen beraren zuzendaritzapean, eta hala azaldu zuen bere asmoa orduan: «Udan sortzen den muturreko atmosfera hori erreskatatzen saiatu naiz, non badirudien denak oso azkar gertatu behar duela, oso egun gutxi ditugulako, eta guztiz zukutu behar ditugulako». Hamasei esketxeko mosaiko moduko bat osatu zuen horretarako; guztiak giro udatiar horrek blaitutakoak, baina elkarrekiko lotura narratibo argirik gabeak.

Argitsu eta hauskor

Ziztuan doaz eszenak bata bestearen atzetik. Elkarri sekulakoak esan ostean, besarkada batean urtu dira bi lagun, esaterako. Gizon batek esku ahurrean duen kilkerrari esaten dio ez duela konfiantzarik gizatasunean. Piknik bat prestatzen dabil lagun talde bat. Irratikasete batek udako musika zabaltzen du. Dena argitsu. Dena hauskor.

Sanzolen azalpenak, berriz ere: «Udan, nork bere paradisua eraikitzen du, eta, ausartzen ez delako edo astirik ez daukalako, ikasturteak iraun bitartean egin ezin dituen gauza guztiak egiten ditu. Gainera, denok eraman nahi dugu alaitasun eta poztasun hori eguneroko bizitzara. Udako iheskortasun hori urte osoan iraunarazteko gogo horrek frustrazioa dakar. Frustrazio hori antzematen da antzezlanean. Tarte dramatikoak eta barregarriak tartekatzen dira. Komedia sentsual, lotsagabe eta sentimentala da».

«Sanzolen lanetan, pertsonaiek hitzaldi luzeak izaten dituzte, baina testuak ekintzaz beteta daude, eta egilea beti saiatzen da ikuslearen irudimena lanean jar dadin».

 ITZIAR LAZKANOAntzerki zuzendaria

Lazkanok errespetatu egin du jatorrizko antzezlana. Sanzolek bost aktorerentzat pentsatutakoa sei aktorerentzat egokitu du, halere. Zuzendariak azaldu duenez, emakumezko eta gizonezko aktoreen arteko oreka izateko hartu du erabakia. Eta berriz nabarmendu du Sanzolen idazkera: «Pertsonaiek hitzaldi luzeak dituzte, baina testuak ekintzaz beteta daude, eta egilea beti saiatzen da ikuslearen irudimena lanean jar dadin».

Itzulpenaren kalitatea

Iruñean jaioa da Sanzol, eta ibilbide luzea egin du antzerkigintzan. Espainiako Literatura Saria eman zioten 2012an, antzerkigintzaren alorrean. Katalanezko antzerkigilerik onenaren Max Saria jaso zuen 2011n, esaterako, Delicades lanagatik, eta gaztelerazko antzerkigilerik onenarena ere jaso du birritan —Egun zoragarriak lanagatik 2012an, eta En la luna (Ilargian) lanagatik 2013an—. Espainiako Antzerki Zentroko zuzendaria ere bada 2020az geroztik.

Aurrez, 2014an Tanttaka teatroak ere eman zuen euskaraz Sanzolen lan bat: Barealdi magikoa. Kasu hartan, Harkaitz Canok egin zituen itzulpenak, eta Telleriak egin du lan hori oraingoan. Haren lana laudatu du Lazkanok. «Inork ezin zuen hobeto egin», ebatzi du. «Telleriak ezagutzen du Sanzolen lana, eta, gainera, obraren girora oso ongi egokitzen da haren umorea ere».

Urtarrilaren 26an hasita, gazteleraz emango dute lana, asteburuetan, otsailaren 11ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.