Iruñeko Udalak aurkeztu du sanferminen hutsunea betetzeko helburua izango duen udako programazioa, Biba Iruña bizirik! izenburupean. 400 jarduera baino gehiago egingo dituzte, eta horien artean egongo dira musika, antzerkia, zirkua eta dantza.
Ziudadela izango da epizentro nagusia. Han 800 ikus-entzulerentzako tokia izango duen oholtza bat jarriko dute, eta hara igoko dira estilo askotako musikari eta taldeak. Euskal Herrikoen artean egongo dira Izaro, Skabidean, Skakeitan, Zea Mays, Anne Lukin, Amaia Romero eta Kutxi Romero, besteak beste; kanpokoen artean, berriz, Mala Rodriguez, El Kanka, Nil Moliner, Califato 3/4 edo La M.O.D.A. Ikuskizun horietarako sarrerak www.pamplonaescultura.es webgunean egongo dira salgai, bihartik aurrera.
Musikaz gain, Ziudadelako eremuak beste hainbat jarduera hartuko ditu. Erraldoi eta buruhandien konpartsak hiru emanaldi egingo ditu, uztailaren 4an eta 28an, eta irailaren 4an. Doan izango dira, toki guztiak bete arte. Bigarren urtez jarraian, konpartsak ezin izango ditu hiriko kaleak zeharkatu uztailaren 6tik 14ra bitartean, baina erraldoi eta buruhandiak bisitatzeko aukera egongo da, Ziudadelako Armen Aretoan.
Astelehenetan, uztailaren 12tik irailaren 20ra bitarte, Nafarroako eta munduko beste hainbat tokitako arte adierazpideek beteko dute Ziudadela, Folklore Hutsa izeneko zikloan.
Ostegunetan, uztailaren 8tik 29ra, jazz errezital egingo dituzte, eta parte hartzaileen artean egongo dira The New Jazz Proyect, The Cubintage, Terela Gradin Sings Caymmi eta Pamplona Jazz Big Band, besteak beste.
Igandeetan, uztailaren 2tik irailaren 5era, Nafarroako banden kontzertuak egingo dituzte. Nafarroako Musika Banden Federazioaren bandak zabalduko du zikloa, kontzertu berezi batekin: 55 bandatako 65 musikarik parte hartuko dute, eta bertaratzen direnak gonbidatuko dituzte «zinemako soinu banden sekretuen bitartez ikus-entzunezko bidaia bat egitera». Horrez gain, Azagra, Agoitz, Zizur Nagusia, Sartaguda, Aiegi, Azkoien, Garinoain, Lerin eta Fiteroko bandek joko dute.
Abuztuan sartuta, Harresietako Jaialdia zabalduko dute. Hilaren 2tik 19ra egingo dute, astelehenetik ostiralera, murruek inguratutako tokietan. Suakaik zabalduko du jaialdia, iaz bezala. Nabarmentzekoa da ikuskizun batek Remigia Etxarren funanbulista iruindarra omenduko duela, Argako erregina. Irailean, berriz, Munduko Melodiak musika programa eskainiko dute.
Horrez guztiaz gain, harresien barruko eremuko erakusketa areto guztietan sanferminen inguruko erakusketa bat jarriko dute. Irailaren 2an aurkeztuko dute.
Hirian barrena
Ziudadelako eskaintzaz gain, Biba Iruña bizirik! egitasmoa hirian barrena ere zabalduko dute. Hiriko zenbait ostalaritza establezimendurekin elkarlanean, kontzertuak antolatu dituzte, gune irekietan: O-ko Andre Mariaren, Burgoen eta San Jose plazetan, Jito Alai pilotalekuan eta Takoneran. Askotariko talde eta musikariak egongo dira, hala nola Lemon y Tal, Guarimba, The Titanians edota The Lizards. Ziklo hori gaur bertan abiatuko da, Simona argentinarraren emanaldiarekin, 20:00etan, Burgoen plazan.
Gainera, Ezpeletako jauregian hogei jarduera inguru eskainiko dituzte. Abuztuan, asteko egun bakoitzean ziklo jakin bat izango da han; astelehenetan, Bertsionatzen; astearteetan, Kaleko Arteak; asteazkenetan, Musika familian; ostegunetan, familientzako joko eta tailerrak, eta ostiraletan, berriz, Zinema Gauak.
Udako ohiko beste programa bat Iruñea Ilunabarrean da, antzerkia, musika eta dantza teknologiarekin uztartzen dituena, ilunabarrean egiten dituzten saioetan. Uztailean eta abuztuan egingo dute, ostiraletan. Jito Alai pilotalekuan, halaber, Dantza Zoroan zikloa egingo dute, kale dantza eta dantza esperimentalari eskainitakoa. Azkenik, hiriko hainbat tokitako civivoxetan musika emanaldiak egingo dituzte.