Udazken arratsalde bateko doinu sekula kaleratu gabeak

Jon Miranderen poema argitaragabe bat da 'Udazken artsalde baten oroipena'. Poema hori musikatu dute Joserra Senperenak —pianoan— eta Jurgi Ekizak —ahotsean—, eta Euskal Herriko Unibertsitatearen babesarekin kaleratu.

Senperena eta Ekiza, Donostian, grabaketa egin zen egunean. JUAN G. ANDRÉS
Senperena eta Ekiza, Donostian, grabaketa egin zen egunean. JUAN G. ANDRÉS
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko maiatzaren 23a
04:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Espero ez denean ere badago altxorrik aurkitzerik. Esan diezaiotela bestela Josu Martinez zinemagileari. Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala egiteko bidean, dokumentazio lan handia egin behar izan zuen, eta, besteak beste, Jon Mirandek bidalitako gutun asko eta asko irakurri zituen. Horietako batzuk publikatuak zeuden, baina bazegoen publikatu gaberik ere. Bigarren multzokoak ziren, hain zuzen, Olaso Dorrea fundazioan topatu zituenak, Bergaran (Gipuzkoa).

Mirandek Telesforo Monzoni bidalitako makina bat eskutitz topatu zituen han, eta, horien artean, baita poema batzuk ere. Hortxe altxorra. Ordura arte argitaratu gabeko poema bat topatu zuen Martinezek: Udazken artsalde baten oroipena. Joserra Senperena musikaria dokumentaleko soinu banda egiten ari zen, eta zuzendariak eskatu zion kantu bat egiteko testu horrekin. «Azkar egin behar genuen», oroitu da Senperena. Baina, hainbat arrazoi zirela medio, kantuak  dokumentaletik kanpo geratu behar izan zuen azkenean.

Musikariak, ordea, doinua sortua zeukan jada pianoarekin, eta gorde egin zuen. Duela hilabete batzuk iritsi zitzaion kantu hari hautsa kentzeko garaia. Garbiketa lanak egiten ari zen Senperena, eta abestiaren maketarekin topo egin zuen berriro. «Maketa entzun, eta pentsatu nuen merezi zuela grabatzea eta argitaratzea». Esan eta egin. Gabatu egin dute Udazken artsalde baten oroipena,Senperena bera pianoan dela eta Jurgi Ekiza ahotsean. Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa eta Gabriel Aresti katedrek babestu dute proiektua, eta hori dela eta, bideoan ere grabatu dute abestia. Youtuben dago ikusgai.

Fantasia

«Maitasun eszena bat da: mendian gertatzen da, eta modu fantastiko batean kontatua dago», hori transmititu zion Senperenari Miranderen olerkiak. Oroitu du kantua segituan egin zuela eta ezer gutxi aldatu zuela hasierako bertsiotik. Behin proiektuari berriro heltzean, argi zuen nork jarriko zion ahotsa: Jurgi Ekizak. Willis Drummond taldean zebilenetik ezagutzen zuen musikariak Ekiza, eta bakarka ere ikusia zuen kontzerturen batean. Senperena: «'Egunen batean zerbait egingo dut Jurgirekin', pentsatzen nuen, eta hura zen momentua: berehala gogoratu nintzen harekin».

(ID_17478432614135) Udazkeneko artsalde baten oroipena poema
Udazkeneko artsalde baten oroipena poema originala. TELESFORO MONZONEN ARTXIBOA / OLASO DORREA FUNDAZIOA

Ez zen lehen aldia Ekizak Miranderen inguruko proiektu batean parte hartzeko proposamena jasotzen zuela. 2023ko Donostiako Zinemaldian Bidasoa 2018-2023 dokumentalerako kantu bat egin zuen Willis Drummondek, eta, aurrestreinaldian, Gastibeltza ekoiztetxeko kide bat gerturatu zitzaion —Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentalean lanean aritu den ekoiztetxea—: «Esan zidan Miranderen inguruko pelikula bat egiten ari zirela, eta kanta bat egiteko deituko zidatela». Baina gero ez zuen haien berririk izan.

Gerora, Senperenak mezu bat bidali zion ideiaren nondik norakoak azaltzeko, eta erabaki zuen baiezkoa ematea. «Ez dut gezurrik esanen, nik ez nuen batere ezagutzen Jon Miranderen obra», aitortu du; baina proiektu honi esker hori aldatu dela dio. Ekizak gogoratu du irudipen ona izan zuela doinua lehenengoz entzutean, «batez ere pianoarengatik, oso biluzik baitago». Olerkian barneratzeko, ordea, denbora apur bat gehiago behar izan zuen, esan duenez.

Naturaltasuna

Kantua nork bere aldetik landu behar izan zuten Senperenak eta Ekizak, beste proiektu batzuk zirela medio ez baitzuten elkartzeko aukerarik. Hala ere, jarri zuten grabaketarako eguna: urtarrilaren 7a. Senperenaren etxera joan zen Ekiza, Donostiara, eta bertan ekin zioten lanari —ez zuten bertatik bertara elkar ezagutzen—. Oroitzapen bera dute biek: «Oso erraza izan zen».

 

«Lauzpabost aldiz grabatu, eta onena aukeratu genuen. Ez genuen ezer aldatu behar izan: maketan zegoen bezala atera zen», aipatu du Senperenak. Ekiza: «Nik sekula ez nuen kantatua horrelako piano batekin. Gainera, Joserraren [Senperena] etxean grabatzeak naturaltasuna ematen zion kantuari». Are, Ekizak azaldu du bideoan mikrofonoak ageri diren arren atrezzo moduan erabili zirela, eta beraz, a capella abestu zuela: «Emozionalki oso indartsua izan zen».

Biak ala biak «oso pozik» daude emaitzarekin. «Kantu xume bat da», adierazi du, umil, Senperenak. Ekizak, bestalde, hizpidera ekarri du zein ezohikoa den beste euskarri bati —izan disko bati edo ikus-entzunezko bati— lotuta ez dagoen kantu bat ateratzea: «Honi esker konturatu naiz gaur egun zaila dela kantu bat ateratzea inolako ingurunerik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.