Beraz, Alpeak behintzat urrutitik ikusi ditugu, eta baita etxe italiar horiek ere, laranjak eta horiak, brotxa batez margotuak diruditenak.
Eguerdian soinu-probara goaz antzokira. Eszenatokian gauzak jartzen ditut, kableak konektatu eta abar, eta teknikari asko dago nirekin, laguntzen, guztiak mutilak. Antzokiaren beste aldean, kabina batean, soinu-teknikari garrantzitsuena dago, ingelesez hitz egiten ez duen bakarra, eta italieraz mikrofono baten bidez gauzak esaten dizkie besteei, eta horiek niri itzuli. «Ahotsa igotzea nahi du», esaten didate, behin eta berriz. Nik daukat, looperraren bitartez, nire ahotsaren bolumenaren kontrola. Normalean daukadana baino altuago jartzen bukatzen dut. «Horrela?», galdetzen diet. Teknikari nagusiak dio: «Neska honen erabakia da ahotsa baxu nahi duela, baina hizkuntza gutxituen jaialdi batean dago, eta hizkuntza entzun beharko da». Itzultzaileetako batek esaten dit ingelesez eztiki: «Zure ahotsarekiko erabaki estetikoa gatazkan sar daiteke jaialdiaren zuzendaritza artistikoarekin, hizkuntza gutxituak entzutea nahi baitute».Â
«Zuzendaritza artistikoak nire proiektua hautatu badu, den bezala gustatzen zaiela suposatzen dut», erantzuten diot.
«Noski, noski… Ezin diguzu zure ahotsa looperretik bereizi, bananduta izan dezagun guk kontrolatzeko?», esaten dit. «Ez dut hori egingo, hain zuzen ere, zuek kontrola izatea saihesteko. Horregatik izaten dut nik looperrean, nire erabakiak errespeta daitezen». Irribarre egiten diot. Berak bueltatzen dit. Tentsio ederra sortu da; beti bezala, artista da diva, artista da berezitxoa eta lana egiten uzten ez duena.
Luciak txundituta begiratzen du guztia. Kamerinora goaz, eta esaten digute bilera batera joan behar garela talde guztiak. Azaltzen gara, bi gizon hitz egiten hasten dira, jaialdiko zuzendariak omen, eta «sarian pentsatzen ez saiatzeko» eta garrantzitsuena «parte hartzea eta gozatzea» dela esaten digute. Lehengusina hurbiltzen zait, eta «baina saria ez zen ezer, ezta?», esaten dit belarrira. Barrez lehertzeko gogoari eusten diogu.
Gela batean zerbitzatzen dute afaria, aurreko eguneko kuskusa.
Jo, elkarrizketa batzuk eman, eta bertan itxaron behar dut, eguerditik gaueko hamabiak arte, orduan emango dutelako saria, eta talde-argazki bat egin beharko dugulako guztiok batera.
Tripa laztantzen dut, eta horrelakoetara ez naizela bueltatuko hitzematen diot barnean sortzen ari zaidanari.