Ana Arsuaga.
Bi ahotsetara

Udine I

2026ko otsailaren 8a
04:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lucia nire lehengusinarekin noa Italiara. Han joko dut, Europer ekitaldi batean, non hainbat herrialdetako proiektuak hautatuak izan garen. Joan baino egun batzuk lehenago, komentatzen didate gala moduko batean abestuko dudala, antzoki batean, eta bi abesti bakarrik izango direla. Elkarrizketa bat egiten didate Boloniako Unibertsitatekoek, eta handik informazio gehiago iristen zait: «Berez, kontzertua lehiaketa bat da, ez zenekien?». «Ez» diot, barre sinpatiko batez.

Zoom-a bukatzean, agentziakoei ea hori egia den galdetzen diet. Noski, lehiaketetan parte hartzea ez da nire helburua, baina nola utzi bertan behera kontzertu bat hain denbora gutxirekin?

Zer irabazten den ere galdetzen diet: «Saria bera», erantzuten didate, «irabaztekotan».

Arnasa hartzen dut, Italian joko dudala pentsatzen dut, bertan grabatutako albuma han jotzeak zentzu asko duela, eta horrelako mantrak.

Bi auto eta bi hegazkin eta gero, iristen gara. Han, afari kolektibo bat daukagula esaten digute, eta beste auto batean eramaten gaituzte poligono batera. Pabiloi batean eszenatoki bat dago, eta mahai batzuetan cateringa: kuskusa, soja-krema, garbantzuak entsaladan… guztia hotza, guztia kartoietan. Ez dago aulkirik, pabiloiaren kantoietan harmaila batzuk daude esertzeko.

Berokiak ere ez ditugu kentzen. Ez da Italian afaltzeko espero genuena, baina okerrena da ez dagoela batere ona.

Egun guztia daramagu bidaiatzen, deskantsatu nahi dugu, eta gorputzak berotu. Han dagoen jendea giro horretan eroso dagoela dirudi. Aztoratuta daude batzuk, aurpegian nu-metal estiloko maskara batzuk jantzita dauzkate.

Auto bat eskatzera ausartzen gara, eta tentsioa sortzen da, jende gehiago lortu behar dugula esaten digute. Azkenean, 50 urteko gizonen talde batekin eramaten gaituzte autoan, denak garrasika, festaren batera joango balira bezala.

Hotelak bi ohe txiki dauzka, umeentzat diruditenak. Han lo hartzen dugu, eta hurrengo egunean gosari kolektibora ez gara joaten. Nahikoa dugu, eta oraindik ez da hasi.

Luciarekin behintzat txiste batzuk egiten ditugu atzo gertatutakoaz. Behintzat, Udine ikusten dugu egunez, eta ederra iruditzen zaigu. Hotz egiten du, baina zerua urdin-urdin dago. Alpeak ikusten dira hiritik, eta guztia da oso eskultorikoa.

Tripa ukitzen dut, bidaietan gutxiago mugitzen dela esango nuke. «Lasai, gutxi geratzen da», pentsatzen dut eta esaten diot txikiari, bat garelako oraindik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA