'uharteak amestu gintuen'
Aste honetan Juana Cimak La Tallerren egin duen Uharteak amestu gintuen erakusketara joan naiz, eta hasi aurretik ohartarazpena egin behar dut: honako kritika hau, kritikak historikoki bikainki egiten jakin izan duen bezala —baina publikoki maiz adierazi gabe—, hari bultzada emateko asmo zintzoz egin dela aitortzen dut, kontzienteki, besterik gabe, jakin dezazun.
Belaunaldi gazteagokoak garenon artean, nekez izango da seguruenik Cimaren lana ezagutzen duenik. Azken urteetan han-hemenka taldeko erakusketaren batean parte hartu izan duen arren, bere azken banakoa 90eko hamarkadan egin ostean artearen esparrutik urruntzeko erabaki gogorra hartu baitzuen hautu kontzientez. Halako erabakiak hartu behar izatea ezaguna da emakumezko artista askorentzat, artearen esparrua bortitza izanik, haientzat are gehiago izan ohi baita. Eta ranking honetan, Juana Cimak lehenengo postuetan egoteko aukera handiak zituen: emakumezkoa izateaz gain bollera baita; arte sistemaren ozeano beltzaren erdian, uharte bat.Â
Esan daiteke uhartearen izateak zeharkatzen duela artistaren identitatea; bakartua izatearen zioak, baina baita inguratzen duen itsasoaren indarrak ere. Eta hori agerikoa da erakusketan. Zuri-beltzeko tintak dira gehienak, horman esekita ageri direnak. Arte esparrutik behin betiko urruntzeko erabakia hartu ostekoak dira; artistak berarentzat egindakoak. Eta hori ere agerikoa da. Bestelako helbururik gabe, zuri-beltzaren eskuragarritasun, erraztasun, berehalakotasun eta soiltasunean eginak dira, bere barne irrika eta fantasiarik intimoenak irudikatuz: maitasunaren gozotasuna eta berotasuna; partekatzearen samurtasuna eta beharra; sexuaren pasioa eta jolasa. Eta horrekin guztiarekin nola egon, nola bizi iradokitzen dute, libreki espresatzeko, libreki bollera izateko trabak eta arantzak besterik izan ez dituztenean —berak eta bere bikotekideak—. Biak ala biak uharte izan direnean; Mediterraneo klasikoko uretan agian, Saforen alboan, behi mitologikoen artean sugezko hatzetatik eta bular irmoetatik ura edo esnea igorriz. Edo Kariben, bere jaioterritik gertu, euren gisako uharte gehiagorekin artxipelago bat osatuz eta lasai, egonean, azal eta buru gainetan palmondoak jaiotzen zaizkielarik, lur bihurtuz.Â
Han edo hor, baina ez hemen. Cimak, lan pertsonal honetan, erreala zen harreman hura proiektatzeko aske izan zitezkeen fikziozko espazioak sortu zituen gizarte patriarkal honekiko bakartuta, edo behintzat, ingurune zehatz batetik kanpo kokaturikoak; baina bereak zirenak, traba eta arantzarik gabekoak. Â
Pribatua dena politikoa dela aspaldi ikasia dugu; eta beraz, intimoa dena ere ezin esan politikoa ez denik. Hau begi bistakoa bada ere, Cimaren erakusketa honetan ezin ezkutagarria bilakatzen da. Bere bizipen pertsonaletan oinarritutako artelanak badira ere, bere tintetako protagonistek ez dituzte hazpegi identifikagarriak, ideia, kontzeptu eta partekatutako esperientzia unibertsal bilakatzen direlarik ondorioz. Eta horiek, espazio publikoan ikusgarri jarriaz, adierazpen politiko garbi bilakatzen dira.Â
Artearen historian hainbat eta hainbat ikonografia zehaztu izan dira, genero rolen performatibitatean eragin zuzena izan dutenak. Hauek feminismotik aztertuak eta kritikatuak izan dira, ikonografia eta iruditeria berrien beharra eta garrantzia aldarrikatuz; bai nazioartean baina baita bertan ere. Eta iruditeria berri honen eraikuntzan ezinbestekoa da baztertuak izan diren izate mota, esperientzia eta identitate guztiei ahotsa eta lekua ematea. Eta zalantzarik gabe horretan kokatzen da Cimaren erakusketa hau, eta haren garrantzia eta beharra: euskal arte testuinguruan apenas lekurik izan duen identitate eta esperientzia lesbikoan oinarritutako iruditeria oso modu ausart, gordin eta zintzoan aurkeztean.
Horretarako, ordea, hainbeste urtez artistaren intimitatearen babesean gordailua izan duten irudi hauek atera eta bistaratzeko pausoa eman ahal izateko, beharrezkoak dira talaiak, babes gotorlekuak, espazio seguruak eta zaintzaileak; justizia sozialaren barruan arriskatzeko prest daudenak; hauek ere irlak. Eta horretan, La Tallerri ere bere egitekoa aitortu behar zaio.