Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

Ukitu frantses hura…

2026ko martxoaren 8a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehengoan Moundrag talde bretoi-frantsesaren kontzertu batean egon nintzen —zer edo zer kontatu dut jada Oharrak & Hondarrak blogean, 2026ko otsailaren 13ko sarreran—, eta hurrengo egunetan behin eta berriro etorri zitzaidan akordura zein abilezia handia garatu duten frantsesek rock eta pop erroko musika anglosaxoiak mimetizatzeko, azken bizpahiru (edo hiruzpalau…) hamarkada hauetan. Mimetizatzeko, baina baita koxka bat ere estutzeko: esan daiteke, ados, jardun nostalgiko bat gauzatzen dutela, baina, aldi berean, nolabaiteko alborako desplazamendu txiki batez, bizitza berria txertatzen diotela emaitzari: Moundragen kasuan estilo-ariketa rock progresiboaren eta hard-rockaren arteko zerbait da, baina konbinaketak, konbikzio bereziaz exekutatuak, plus bat gehitzen dio ekoizkinari. Garai batean ez zen horrela: nazionalismo musikalaren pisua astuna zen Frantzian, eta pop-rock anglosaxoiaren inguruko adaptazioek —pentsa dezagun, arku historiko bat marratuz, Johnny Halliday, Serge Gainsbourg, Teléphone edo are Mano Negra bezalako artistetan— beti amaitzen zuten ikaragarri frantsesak suertatzen. Molièreren hizkuntzaren pisuagatik? Ziurrenik, baina, susmoa dut, ez horregatik bakarrik. Kontua da, une batetik aurrera, gehien nazioartekotutako artista frantsesak ingelesez hasi zirela kantatzen (garai bertsuko indie espainiarrak –eta hego-euskotarrak!– baino bataz besteko azentu dezente hobearekin), eta, batez ere, ez horren modu musikalki frantsesean oihartzun egiten. Eta mundua (hots, Estatu Batuetako merkatua) konkistatu zuten, elektronikaren alorra irauliz bide batez. Hortxe kokatu behar da, 1990eko eta 2000ko hamarkaden artean, French House edo French Touch deitu zena, protagonista asko izan zituena: Cassius, St Germain, Étienne de Crécy, Rinôçérôse eta beste hainbat. Ordea, hiru albumetarako lekua baino ez daukat, eta hauxe nire aukera, hurrenkera kronologikoan.

Air / 'Moon Safari'

AIR

'Moon Safari'
Source, 1998.

1998ko album onenen zerrenda guztietan Moon Safari agertzen hasi zenean, mesfidantzaz hartu nuen ahobatezkotasuna, eta, izan ere, lehenengo entzunaldiek ez aurrera ez atzera utzi ninduten, pastiche nostalgiko setentero huts baten ala jenialtasun baten aurrean ote nengoen. Azkenean, bistan denez, errenditu egin nintzen. Jean-Benoît Dunckel-Barbierrek eta Nicolas Godinek osatutako bikotea French Touch-aren alde lasaienaren erakusgarri bihurtu zen: agian ez estiloaren jatorrizko adibide erakusgarriena, Chicagoko housetik, Detroiteko technotik eta acid housetik edaten zuena batez ere, microsampling-aren teknikaren galbahetik pasata. Ikuspegi horretatik Airen debuta, izenburu autoprofetikoko Premiers Symptômes (Source, 1997), hobeto egokitzen zaio etiketaren izpiritu originalari. Baina danbatekoa erritmo metronomikoez, baxu-soinu lodi bezain gozoez, noizbehinkako ahots birkindarrez (Sexy Boy maiuskuloa, You Make It Easy), melodia zinematikoez (Ce Matin Là instrumentala, adibidez), Vocoderraren erabilera iradokitzaileez (Kelly Watch The StarsNew Star In The Sky) eta, oro har, vintage teklatu mordo baten geruzez eta geruzez (Moog, Korg, Casiotone eta abar, badakizue) betetako lan honekin eman zuten, ELO, The Alan Parsons Project onenak, Tangerine Dream eta Dark Side of the Moon aroko Pink Floyd ekartzen duena gogora (besteak beste), haietako bakar baten antzekoa izan gabe, alkimia miresgarri bat dela medio. Ikusi taldeak Arte katerako (bai, Air-ekoak bezain pijo eta kultureta naiz) berriki grabatu zuen diskoaren kantaz kantako zuzenekoa, eta esango didazue. Disko hau haien gailurra izan zen: ondoren ere lan nabarmenak egin dituzten arren, ezin izan dute ilargiko sabanetan zehar egindako safari hau gainditu.

Daft Punk / 'Discovery'

 

DAFT PUNK

'Discovery'
Virgin, 2001.

French Touch-ak bururik izan badu, edonola ere, beste bikote robotiko hau da, dantzarako musika elektronikoa masibo bihurtu izanaren erantzuleetako bat, zalantzarik gabe. 1990eko hastapenetan osatu zuten Thomas Bangalterrek eta Guy-Manuel de Homem-Christok: elkartu eta musika elektronikoa egiten hasi ziren, 1990eko housearen eztandaren eraginpean, baina haien ukitu frantses hori erantsita, sampling-aren erabilera adimentsu baten bitartez, Homework estreinako album arrakastatsuan (eta pista-apurtzailean) gauzatu zena (Virgin, 1997). Bigarren disko honetarako hurbilketa, ordea, ez zen horren gordina izan: dantza-doinu setatsu eta errepikakorrek hor jarraitzen zuten, noski (ekin SuperheroesHigh Life eta, batez ere, Harder, Better, Faster, Stronger-i), baina, Homework-en ez bezala, downtempo-rako eta funkerako keinu nostalgikoak oso presente egiten dira, hasierako One More Time single arrakastatsuarekin argi geratzen den bezala. Izan ere, Daft Punkek doinu-amu onenak behin eta berriro biderkatzeko sekretua aurkitu zuen disko honetan, Digital Love poperoak, Something About Us orobat autotuneatuak eta, batez ere, amaierako Too Long-ek ederki erakusten duten bezala. Bizitzeko gogoa itzultzen dizun LP horietako bat: formula muturrera eramango zuten azkenekoan —Random Access Memories (Columbia, 2013)—, baina hazia hemen dago. Eta, errematatzeko, disko osoa zientzia-fikziozko anime baten soinu-banda bihurtu zuten, Interstella 5555 (Toei Animation, 2003), musikariek umetan ikusitako Captain Harlock edo Ulysse 31 telesailei egindako omenaldi disimulu gabea. Dena ontsa, alegia, hasieran oso kritika txarrak jaso zituzten arren, lehenengo diskoaren ildoari egindako ustezko traizio poperoegiagatik.

Phoenix / 'Alphabetical'

PHOENIX

'Alphabetical'
Source, 2004.

Ziurrenik, batek baino gehiagok zalantzan ipiniko du Phoenix taldearen adskripzioa French Touch delakora: azken finean, pop laukote konbentzional bat da (Deck D'Arcy baxu joleak, Laurent Brancowitz gitarrista eta teklistak, Thomas Mars bateria jole eta kantariak eta Christian Mazzalai gitarristak osatua), ez konbo elektroniko hutsa. Baina elektronikaren presentzia erabakigarria da taldearen musikan, eszena horretara lotutako produktoreekin lan egin dute maiz —aipatu Cassiusekin, batez ere—, eta, gutxi balitz bezala, Brancowitzen institutu garaiko taldean, Darlin’-en, Daft Punkeko bi kideak zeuden. Edonola ere, Phoenixen bigarren diskoa izan zen Alphabetical honen Everything Is Everything lehenengo pistaren lehen konpas jostariak entzutea besterik ez dago French Touch-aren eremu dantzagarrian gaudela ziurtatzeko —eta berdin gertatzen da, aurrera jarraituz Run Run Run(You Can't Blame It On) Anybody eta, batez ere, Holdin' On Together gozatsuarekin—, nahiz eta hemen sentsibilitatea (are) poperoagoa den, zehazki house baino. Egia da hurrengo albumak —It's Never Been Like That (Virgin, 2006)—, talde inportante gisa ezarri zituenak, new wavearen enegarren erreskate-ahalegina zirudiela gehiago, baina pultsioa hor egon da beti, italo-discora hurbiltzeko egin zuten ahalegin dibertigarrian argi geratu zen bezala (Ti Amo, Loyauté 2017). Phoenix, edonola ere, garantia dira: Boomer txiklea bezain kanta itsaskorrak, betelanik gabeko album ez bereziki luzeak —lauzpabost urterik behin argitaratuak, hots, ondo pentsatzen dituztela ematen du—, eta proiekturako fideltasun harrigarria, kide berberek osatzen baitute 1995ean fundatu zutenetik, batere ohikoa ez dena, eta seinale ontzat baino ezin dena hartu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA