Umorezko literaturari buruzko jaialdi bat egitea «gauza serioa» dela uste du Juan Bas idazleak. «Are serioagoa, Europa osoan ez bada tankera horretako beste jaialdirik». Bilbon egingo dute estreinakoz, bihartik igandera bitartean, Bilboko Barrea goiburupean, Umorezko Literaturaren eta Umore Grafikoaren I. Astea.
Bilboko Udalak eta BBK fundazioak sortu dute, Basen ekimenez. Eta bi urterik behin egiteko asmoa azaldu dute. Gisa horretako beste jaialdirik ez dagoela jakinik, «puntako egitaraua» atondu nahi izan dute, «erreferente bihurtzeko xedez». Hartara, sona handiko idazleak bildu dituzte. Bilbon izango dira, besteak beste, Tom Sharpe, Michel Houellebecq, Rodrigo Fresan, Martin Amis, Raul Argemi, Fernando Iwasaki, Rafael Reig, Manuel Manzano...
Espainolezko zenbait kazetetako binetagileak ere izango dira Bilbon. El Mundo-ko Jose Gallego eta Julio Rey, El Correo eta El Diario Vasco-ko Jesus Zulet eta ElPaís-eko Antonio Fraguas Forges. Hain zuzen, azken horren lanen erakusketa bat inauguratuko dute Areatzan jarritako karpetako batean: Los forrenta años.
Euskarak, oro har, tarte txikia izango du jaialdian.
Bilboko Barrea saria, Sharperi
Elkarrizketak, mahai-inguruak eta liburu aurkezpenak izango dira Euskalduna jauregian, Kale Nagusiko BBK aretoan eta Arte Eder museoko auditoriumean. Halaber, Tom Sharpek Bilboko Barrea-BBK saria jasoko du Euskaldunan ostiral gauean izango den ekitaldian.
Egun berean, Jorge Herralderen galderei erantzungo die Sharpek, Euskaldunan, 20:30ean. Beste elkarrizketa batzuk ere izango dira. Cesar Cocak hizpide hartutako gaiez mintzatuko da Michel Houellebecq, hilaren 23an, Euskaldunan, 20:30ean; eta Rodrigo Fresanek eginiko galderei erantzungo die Martin Amisek, hilaren 25ean, BBK aretoan, 19:30ean.
Fafael Reigek eta Fernando Iwasakik umorezko literaturaren generoaren txikitasun eta handitasunari buruz hitz egingo dute bihar, 19:30ean, Arte Eder museoan izango den mahai-inguruan. Eta umore ingelesaren inguruan jardungo dute Luis Alberto Cuencak, Felipe Benitez Reyesek eta Jorge Herraldek, hilaren 23an, 19:00etan, Euskaldunan.
Orobat, zentsurari izkin egitea lortu zuen umorea aztertuko dute Ramon Españak eta Antonio Altarribak, hilaren 24an, 19:00etan, Euskaldunan. Horretaz gain, espainolezko prentsan jorraturiko umoreak lekua izango du jaialdian, Jose Gallego, Julio Rey, Jesus Zulet eta Forgesekin. Mahai-inguru batean parte hartuko dute, hilaren 25ean, 18:00etan, BBK aretoan.
Umorea hain zuzenki landu ohi ez duten zenbait idazleri narrazio bat idazteko eskatu diete antolatzaileek. Lan horiekin, Culo subido y otros relatos de humor liburua argitaratu dute. Besteak beste, Iban Zaldua, Kirmen Uribe, Agustin Fernandez Mallo, Lola Beccaria, Angeles Caso eta Montero Glezek idatzi dituzte testuak.
Umorezko gauza serioa
Bilboko Barrea jaialdi berrian, Tom Sharpe eta Michel Houellebecq izango dira, besteak beste, bihartik igandera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu