Gaur jakinarazi ditu Elkar Fundazioak VI. Joseba Jaka bekak eta, nobelaren arloan, Unai Elorriagak eta Joxean Agirrek eskuratu dituzte, Londres kartoizkoa da eta La lutte finale egitasmoengatik hurrenez hurren. Bi urteko epea izango dute lana bukatzeko, eta bakoitzak 14.000 euroko beka jasoko du.
Eider Rodriguezek, Joxe Azurmendik, Jon Alonsok eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute Joseba Jaka beken epaimahaia, eta, haien ustez, Elorriagak Londres kartoizkoa da-n "forma berriak esperimentatu gura ditu. Aurrerapauso bat eta proiektu berritzailea da bere ibilbidean". Izan ere, "XX. mendeko gizartearen klabeetako batzuk aintzat hartu eta garatu nahi ditu, bere ohiko estiloari karga sinboliko pixka bat gehiago emanez, konplexutasun handiko egitura baliatuz. Laginean, testu indartsu eta bilduak leun eta mantsoagoekin tartekatzen dira, erritmo berezia sortuz".
Agirreren La lutte finale "proiektu sakona" da epaimahaikoen ustez, "gaiagatik bezala nobelaren trazaduragatik, baina sakontasun hori narrazioaren arintasunaren azpian ezkutaturik. Distiratsu, ironiko fin, kalitatekoa lagina da". Proiektua "ongi taxutua" dela iruditzen zaie.
Beste bekadunak eta lanak
Poesia (7.000 euro).
- Xabi Borda, Zutabe eraitsiak.
- Castillo Suarez, Bidegurutzeak.
Gazte literatura (7.000 euro).
- Isabel Etxeberria, Mambo number five.
- Uxue Alberdi, Hamaika makila.
Saiakera (7.000 euro).
- Joxe Manuel Odriozola, Abertzaleak eta euskara.
- Juan Bautista Bengoetxea, Cyborgaren otzantasuna.
kultura
Unai Elorriaga eta Joxean Agirrerentzat Joseba Jaka bekak nobela arloan
Bakoitzak 14.000 euro jasoko ditu. Poesian Xabi Borda eta Castillo Suarez, gazte literaturan Isabel Etxeberria eta Uxue Alberdi, eta saiakeran Joxe Manuel Odriozola eta Juan Bautista Bengoetxea dira beste bekadunak; bakoitzak 7.000 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu