Musikaria

Xabier Badiola: «Ur berria da edan behar dena; ezin gara geratu beti zaharrari bueltak ematen»

Gitarra jotzaile fina, sotila da Xabier Badiola. 2023an plazaratu zuen bakarkako lehen diskoa, bere izen soila zeramana, 'Xabier Badiola'. Duela aste batzuk argitaratu zuen bigarrena, 'Leiho ondoan xori bat'.

Xabier Badiola, apiril hondarrean, Murmur podcasterako eginiko elkarrizketan. ANDER MUJIKA
Xabier Badiola, apiril hondarrean, Murmur podcasterako eginiko elkarrizketan. ANDER MUJIKA
gorka erostarbe leunda
Azpeitia
2026ko maiatzaren 22a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Madrilera eta Bartzelonara emanaldia egitera joan aurretik aritu da hizketan Xabier Badiola musikaria (Eibar, Gipuzkoa, 2000). Trebea da gitarrarekin, lirikoa kantuetako hitzetan, eta txinpartatsua solasean.

Izenburu hori jarri duzunerako, pentsatzekoa da inoiz paratuko zitzaizula txoritxoren bat leiho ondoan. Zerk erakartzen zaitu txorien murmurioetatik, haien kantuetatik?

Egia esan, diskoa grabatzen hasi baino lehenago nuen izenburua, nire barne broma bat zen. Lehenengo diskoa grabatu nuen garaian, gurasoen etxean bizi nintzen, eta logelan ez neukan leihorik. Lagunek zera esaten zidaten: «Zuk hainbesteko harrikada daukazu zure gelan leihorik ez daukazulako». Bigarren lanean jada badago leihoa. Eta badago txoria. Edo ez. Edo zein da txoria? Ni naiz, edo kanpokoa da? Txoriarena figura infinitua izan daiteke...

Beraz, beste argi bat, beste aire bat sartu da zure musika sorkuntzarako?

Nik uste dut baietz, igartzen dela. Uste dut eraldaketa bat egon dela; irekiagoa da lan hau. Lehenengoa zera zen, abesti solteen bilduma bat-edo, eta honetan, kohesio handiagoa daukan ideia sorta bat dago.

Orain bakarka zabiltza, baina lehenago taldeetan aritua zara, esaterako Sotomote taldean: rock psikodelikoa eta progresiboa lantzen, Canterburyko eszenaren oihartzunak... Zu 2000. urtekoa izanda, nola iritsi zara horretara?

Rock progresiboa musika genero oso erakargarria da musikazalea denarentzat, masaje zerebral bat da, hainbeste gauza biltzen baititu, hainbeste ehundura... Teoria aldetik eta erabiltzen dituzten baliabideen aldetik oso aberatsa da. Beraz, gustatzen zait. Badaude talde batzuk makarratxoagoak direnak, eta gero, badakizu, haien hari narratiboak eta disko kontzeptualak eta hori dena. Baina, tira, orain 1970eko hamarkadako bigarren erdialdean nabil, eta New Yorkera joan naiz. Richard Hell & The Voidoids ari naiz entzuten, eta Patti Smith; ilea ere moztu dut, pentsa.

Eta, hala ere, bizitzan bezala musikan, askok haur garaian izaten dute guztiaren oinarria. Noiz hartu zenuen gitarra aurrenekoz? Eta zein kantuk liluratu zintuen aurrena?

Haur nintzela Eibarren bazegoen musika akademia bat, eta, bertan, tipo andaluziar batek ematen zituen klaseak. Gitarra eta baxua jotzen zituen. Flamenkoa jotzen zuen. Akorduan dut lehen klasea: ez nekien gitarra nola hartu ere. Uste dut rock-and-roll pieza bat ikasi genuela lehen klase hartan.

Zenbat urterekin hori?

Hamar bat urte izango nituen, eta liluratu ninduen lehenengo kantua bost bat urte lehenago entzungo nuen. 5 urte izango nituen: Eibarko Iturburu Ikastolan halako ekitaldi bat egiten zen urtero, ate irekiena, eta oso ondo akordatzen naiz gu baino helduagoak ziren batzuek dantza bat egin zutela Itoizen Hegal egiten kantuarekin. Erabat flipatuta geratu nintzen. Bai soinuarekin, baina baita hitz haiekin ere. Gerora jakin nuen Bernardo Atxagarenak zirela, eta Atxagaren oso zalea bihurtu nintzen. Uste dut hura izango zela musikan jaso nuen lehen ziztada. Hori gitarrarekin hasi baino lehenago izan zen. Gero helduko ziren Deep Purple eta Su Ta Gar eta horiek guztiak, baina, lehen-lehenik, Hegal egiten.

Gazte ta hilezkor da disko berriko lehen kantuaren izenburua. Rock munduan halako fetitxe bat dago: «Izan beti gazte, beti hilezkor». Baina zure kantu honek heldutasun bat iradokitzen du. «Iturri zaharreko ura edan, datorrenaren eskutik hegan...». Zer dira hitz horiek zuretzat?

Nik aurrera jarraitzeko beharrari buruz hitz egin nahi nuen. Existitzen den bakarra oraina da, eta oraina iheskorra da. Ez da gaztea izatearen ospakizun bat bakarrik. Orain baino gazteago ez zara izango inoiz. Aurrera egin behar da, txunditzeko gaitasuna galdu gabe, baina iturri zaharreko ura ere edan. Atzera begiratzeko ariketa ondo dago; melomanoek asko egiten dugu ariketa hori, eta ondo dago, baina itxia da. Ur berria da edan behar dena. Ezin gara geratu beti zaharrari bueltak ematen. Gauzak topatzeko gogoz ibili behar dugu, harriak irauli, abesti zaharrak kantatu, abesti berriak egin.

«Atzera begiratzeko ariketa ondo dago; melomanoek asko egiten dugu ariketa hori, eta ondo dago, baina itxia da»

Folka azalberritzen ari da gaur egun? Elorri Lanbert, XAK, Elinberri, Isuo... Zer iruditzen zaizu?

Niri pop-folk izena gustatzen zait gehiago. Coen anaien Inside Llewyn Davis filmean dioten bezala: «Inoiz ez bada berria izan eta inoiz ez bada zaharra, folk abesti bat da». Laboa ultraberritzailea zen. Etengabe da berria eta zaharra, iturria bezala.

Noiztik duzu hitzak idazteko ohitura; egin duzu lanketarik?

Lehenengo musika egiten dut. Libreto txikietan idazten ditut esaldiak. Gero pentsatzen dut: «Honek zer iradokitzen du?». Irudiak ekartzen ditut, baina ezer esplizituki esan gabe. Horrela, bakoitzak bere interpretazioa egin dezake. Hegal egiten kantuak zer iradokitzen du? Zein da txantxangorria? Txori bat, umea…?

Noiz hartu zenuen bakarkako bidea hasteko erabakia?

Prekaritate puntu batetik sortu zen. Unibertsitatea amaitu, eta geldi geratu nintzen. Baneuzkan abesti batzuk sortuta, eta Sotomonte taldean ez ziren ondo egokitzen. Gitarra on bat erosi nuen, eta hain gustura jotzen nuen, ezen orduak pasatzen nituen. Hortik hasi nintzen. Ezin nintzen geldi egon.

a ala B

A ala B atalaren sintonia entzun orduko esan du «hau» beste estralurtar bat da. Jurgi Ekizaz ari da: «Eibarko Ez Dok tabernan ikusi nuen lehenengoz, eta txundituta geratu nintzen ikusita nola egiten zituen Laboaren eta besteren bertsioak».

 

Euskarri fisikoa ala streaming-a?

 Fisikoa, dudarik gabe. Eta bestela, ahal bada, Badok ataria.

Areto txiki bat ala jaialdi handi bat?

 Jotzeko, areto txikiak, eta ikusteko… baita ere. 

Autotunea. Bai ala ez? 

 Bai. 

Folklorea. Bai ala ez?

 Bai, tresnak dira, eta bakoitza zelan erabili da kontua.

Ez Dok Amairu ala RRV (Euskal Rock Erradikala)?

 Orain justu harrikada filosofiko batzuk irakurtzen ari naiz, teoria ez-dualak eta abar. Batak ez du bestea ezeztatzen, ezta? Ez Dok Amairu 1960ko hamarkadan zen hori RRV izan zen 1980ko hamarkadan. Ez bata eta ez bestea; Ruper Ordorika aukeratuko dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA