Urbanoa hipodromoan

Donostia Festibalak lekua egingo die hip-hopari eta trapari, besteak beste, gaur eta bihar. Berri Txarrak taldea ere arituko da bihar oholtza nagusian

C. Tangana trap musikaria, iazko Sonar jaialdian emandako kontzertuan, Bartzelonan. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Gazteengana iristea. Edo, beste era batera esanda, aurreko urteetan baino gazte gehiago erakartzea. Aurtengo Donostia Festibalaren helburua argia izan da, eta hala adierazi zuen jaialdiko zuzendari Sergio Cruzadok herenegun egindako aurkezpen ofizialean. Arrazoia ere argia: azken urteetan ikus-entzule kopuruan izandako beherakada. Jaialdia Igeldoko jolas-parkean egin zen bost urtez, eta 11.000 lagun bildu ziren bi egunetan. Iaz, jaialdia hipodromoan egin zuten aurrenekoz, eta 7.500 lagun ingurura jaitsi zen ikusleen kopurua. Aurtengo edizioan, aldiz, salmentak orain artean nola joan diren ikusita, antolatzaileek uste dute bi aldiz jende gehiago etor litekeela, hots, 14.000 edo 16.000 lagun inguru batu litezkeela.

Jaialdiaren apustua «sendotuta» aterako dela eta, «gustura» agertu zen Cruzado. Aurtengo jaialdiak estilo urbanoa deituaren aldeko joera erabatekoa hartu du: «Publiko gazteak erreakzionatu egin du, eta, ditugun datuen arabera, jaialdira etortzen ez zen 20 eta 30 urte arteko jendea sarrerak erosten ari da, eta publiko osoaren zati handi bat hartuko du». Era berean, interesgarritzat jo zuen aukera izatea publiko helduagoari ere jakin-mina pizteko musika genero berriagoei buruz: «Publiko hori erosoago sentitzen zen talde klasiko eta nostalgikoekin, baina orain hip-hopa, trapa eta abar probatu ahal izango ditu. Duela 30 urte 80ko hamarkadako musikarekin gozatzen genuen moduan, orain, XXI. mendeko musikaz gozatzeko garaia da».

Antolakuntzak jaialdiari eman nahi dion jite gazte eta urbanoago horren adibide dira, esaterako, gaurko egitarauko kartelburutzat jarri dituzten bi musikari espainiar: Kase.O eta C. Tangana. Violadores del Verso hip-hop talde erreferenteko kantaria izan zen Kase.O, eta, egun, gaztelaniaz egiten den hip-hoparen ikurretako bat da. C. Tangana madrildarra, berriz, traparen eta genero urbanoen astintzaile bihurtu da oso urte gutxian; Donostiako Lurrazpiko jaialdian izan zen, 2016an, oraindik halako sonarik ez zuenean.

Euskal Herrian makina bat aldiz eta molde aski desberdinetan izan den Niño De Elche heterodoxoa, Nathy Peluso musikari argentinar joera askotarikoduna (jazz, saltsa, soula, rapa...), Riot Propaganda Madrilgo talde subertsiboa (Los Chicos del Maiz eta Habeas Corpus elkartzetik sortua) izango dira aurtengo apustu berrizaleetako batzuk, antolatzaileen hitzetan. Hala ere, egongo da gitarretan oinarrituriko rock gordinik ere: Berri Txarrak bihar ariko da oholtza nagusian, eta haien aurretik, berriz, Pussy Riot rock talde feminista errusiarra eta No Age AEBetako rock noise bikotea.

Euskal talde asko

Kontzertuak arratsaldeko 18:30ak aldera hasiko dira,ohi zen baino beranduxeago. Aurten, gainera, lau agertoki izango dira; ondorioz, iaz baino hamabost bat talde gutxiago ariko dira. Orotara, 30 bat talde izango dira jaialdian, eta bakoitzak denbora gehiagoz aritzeko aukera izango du. Cruzado: «Konturatu ginen ez zuela zentzurik talde asko programatzeak jende asko ez dagoenean edo elkar estaltzen ari direla; kontrakoa, etsia eragiten zuen. Gainera, hemen ez dugu jaialdietara egunez joateko ohiturarik».

Bi agertoki nagusiak, Keler eta Thunder Bitch izenekoak, hipodromoaren zelaigunean egongo dira. Hirugarren oholtza bat izango da harmailen atzealdean, eta hiriko bertako Dabadaba eta Le Bukowski aretoek antolatu eta programatuko dituzte kontzertuak. Dabadaba aretoan Lester y Eliza, Betacam eta Pet Fennec ariko dira; Bukowskin, Pelax, Liher eta Señor No. Horietako asko Donostiakoak bertakoak edo Euskal Herrikoak dira. Egun bakoitzaren amaieran hiru disko jartzaile ariko dira festa amaitzeko.

Bi egunetarako bonuak 52 euroan daude salgai, eta egun bakarrerako sarrera nahi duenak 28 euro ordaindu beharko ditu. Egindako aldaketekin eta apustuarekin pozik daude antolatzaileak: «Orain bai, jaialdiak etorkizun oparoa duela uste dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.