Sariak

Urbeltz eta Arregi saritu ditu Nafarroako Gobernuak

Dantzari eta ikerlari bikoteak Carlos III.aren Gurutzea jasoko du. Beste zortzi pertsona eta elkarte ere saritu dituzte Nafarroaren zabalpenaren eta prestigioaren alde egindako lanagatik.

Marian Arregi Sarasola eta Juan Antonio Urbeltz. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Inigo Astiz
2018ko apirilaren 18a
13:25
Entzun

Funtsean, kantak dioen modura, mundua dantzan jarri izana saritu die Nafarroako Gobernuak orain aste batzuk hil zen Marian Arregi Sarasolari eta Juan Antonio Urbeltz Navarrori. Argia dantza taldearen sortzaile izan zen bikotea, eta ezagun da ordutik hona dantza, musika eta folklorea sustatzeko egindako lan eskerga. Eta, hain zuzen ere, horixe da orain gobernuak aitortu diena, hitzez hitz. “Hamarkadaz hamarkada lagundu dute Nafarroako folklore, musika eta kultur ondarearen garapen, zabalpen eta dibulgazioa”.

Ez da Argia taldeak jasotzen duen lehen aitorpena. 2015ean, esatee baterako, Gipuzkoako Urrezko Domina jaso zuen bikoteak, egindako lan horregatik. Eta itzal handiko izenak dira bai Urbeltzena eta baita Arregirena ere Euskal Herriko dantzaren munduan.

Bederatzi saritu

Haiekin batera, beste zortzi pertsona ere saritu nahi izan ditu gobernuak, Nafarroaren irudiaren alde egindako lanagatik: Uxua Lopez Flamarique ikerlaria, Ana Diez Diaz zinemagilea, Ascen Cruchaga Lasa enpresaria, arkitekturan nabarmendu diren Frias Sagardoi ahizpak, Mirentxu Oiartzabal Irigoien endokrinologoa, Hartza jatetxea gidatzen zuten Arza Sueskun ahizpak, Nafarroako Abesbatzen Elkartea, ijito herriaren defentsarako sortutako Gaz Kalo elkartea.

1997an hasi zen Nafarroako Gobernua Carlos III.aren Gurutzeak banatzen. Eta, geroztik, hamaika pertsona eta elkarte saritu ditu. Guztiek jaso dute Nafarroako errege izandakoaren irudia erreproduzitzen duen gurutze esmaltatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.