«Euskal Herri osoarentzako ikuskizuna izan behar du; euskaldun berrientzat, zaharrentzat eta ikasten ari direnentzat». Horixe da AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka lortzeko bete beharreko lehendabiziko baldintza, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailearen erranetan. Bigarrena, moldagarria izatea formatu, espazio eta baliabide aldetik. Eta erran gabe doa hurrengo baldintza: Euskal Herrian eta euskaraz egina izatea. Apirilean zabaldu zuten proiektuak aurkezteko epea, eta urriaren 31ra arte izango da proiektuak bidaltzeko aukera. 23.000 euro eskuratuko ditu proiektu hautatuak, eta 25. Korrika Kulturalean aurkeztuko dute lana egileek.
2022an sortu zuten AEK-Korrika kultur sorkuntzarako beka, eta 23. Korrika Kulturaleko egitarauan aurkeztu zuen irabazleak bere ikuskizuna: Badon. Ines Osinaga, Marina Suarez, Ainara Gurrutxaga, Oihana Vesga, Xanti Agirrezabala, Patxi Suinaga eta Itziar Garaluze zeuden, bertzeak bertze, proiektu horren gibelean. Bigarren irabazlea, 24. Korrika Kulturalean estreinatuko dena, Kaka, heldu den azarotik hurrengo urteko apirilera bitarte aurkeztuko dute. Xanti Agirrezabala, Erika Olaizola, Mikel Laskurain eta Ainhoa Aierbe izanen dira aktoreak.
Euskarazko kalitatezko lanak
Helburua, oinarria eta funtsa bakarra du diru laguntzak: euskal kulturan sortutako ekoizpenak bultzatzea eta indartzea. Elordik kontatu duenez, horixe da Korrika Kulturalaren helburua ere. «Guk argi dugu hau guztia zergatik eta zertarako egiten dugun: euskarazko kalitatezko lanak ahalik eta leku gehienetara zabaltzeko». Horrek zuzen-zuzenean eragiten baitu euskal kulturan. «Egia da geroz eta gehiago sortzen direla euskarazko proiektuak, baina guk ertzetara iritsi nahi genuke».Â
Eta, Elordik zehaztu duenez, ertzak dira, bertzeak bertze, euskararen arnasgune ez diren tokiak, edo areto bat betetzea kosta egiten den tokiak. Korrikak martxan dirauen 11 egunez harago, Elordik uste du haiei ere badagokiela ardura hartzea euskarak gune horietan iraun dezan. «Bozgorailu honetatik uste dut ekarpen bat egin diezaiokegula Euskal Herriari, eta kulturari, eta euskarari». Herritarrek ekarpen handia egiten diote Korrikari, eta hark eskertu egin nahi die furgonetaren gibeletik lasterka egindako kilometro bakoitza.
«Guk argi dugu hau guztia zergatik eta zertarako egiten dugun: euskarazko kalitatezko lanak ahalik eta leku gehienetara zabaltzeko»
ANE ELORDIKorrikaren koordinatzailea
«Uste dut ez dugula askorik eskatzen», erran du Elordik, baina proiektu guztien artean bakarra aukeratu ahal izateko, elementu batzuk gehiago baloratzen dituzte bertze batzuk baino. Hona hemen horietako batzuk: edozein oholtzatan egiteko moduko ikuspegi bat izan dezala obrak; diziplina anitzekoa edo bakarrekoa izan daiteke, baina izan dadila plazara begirakoa, edonork ikusteko modukoa; eta, noski, bat egin dezala Korrikaren balioekin eta eman dezala bide euskara zazpi probintzietan zabaltzeko. Â
«Euskaraz bizi behar dugu Karrantzan [Bizkaia], Hazparnen [Lapurdi] eta Donostian, ezta? Ba, ikuskizunean sumatu dadila lurralde osotasun hori», azaldu du Elordik. Hain justu, epaimahaia osatzerako momentuan ere lurraldetasuna da kontuan hartzen duten faktoreetako bat. Koordinatzaileak jakinarazi du «beti» saiatuko direla lurralde bakoitzeko epaimahaikide bat izaten. Genero aldetik ere ahalegintzen dira orekatuak izaten, baina aurtengo mahaia osatu gabe dagoenez oraindik, Elordik ez du jakinarazi zein izanen den irabazlea hautatuko duen taldea.Â
Gai eta forma librea
Proiektuaren gaia, dena dela, irekia da; «ia edozer gauza» egin daiteke. Sortzaile bakoitza libre da nahi duen gaia aukeratzeko eta hura nahi duen forman aurkezteko. Badon ikuskizuna, erraterako, opera postdramatiko bat zen, eta, Kaka, berriz, umorez landutako hausnarketa bat. «Auskalo, beraz, aurtengoa zer izango den».Â
Urriaren amaierarako, sortzaileek lagin txiki bat eduki beharko dute prest, eta txosten labur hori izanen da, hain zuzen ere, epaimahaiari aurkeztu beharko diotena. Ideia orokor horri sostengua eta laguntza emanen dio diru laguntzak, eta orduan izanen dute irabazleek abiatzeko ordua, diru laguntzak sorkuntza prozesurako beharrezko baliabideak eman bezain laster. Apiril edo maiatz aldera jakinaraziko dute zeinek eskuratu duen beka. 2027ko udazkenerako bukatu beharko dute lana.Â
Diru laguntzaren bigarren aldian 30 bat lan jaso zituzten, eta antolatzaileek aurreikusten dute aurten ere halatsu ibiliko direla. «Azpimarratu nahi nuke edozeini zuzendutako laguntza dela; bai hasiberrientzat eta bai sorkuntzan urteak daramatzatenentzat. Aukera polita da orain arte egin ez eta ausartu ez den hori egiteko», erran du Elordik.
Orain arteko ibilbidearen balorazioa ere egin du Elordik. Hiru deialdiren ostean emaitzak ikusten hasi direla erran du. «Elkarlanean egindako proiektuak dira, eta elkarrekin asko ari gara ikasten». Emaitza «arrakastatsuak» izan dira, eta jende anitz mugitzen da Korrika Kulturalaren aitzakiarekin. «Hortaz, mugimendu hori euskararen alde egiteko baliatu behar da».
Kaka proiektua aipatu du zabalpen horren adibide modura. Aurkeztu gabe dago oraindik, eta dagoeneko hamabortz oholtza dauzkate lotuta. Horrek, segurtasuna eta konfiantza ematen dio Elordiri, ikusten baitu «funtzionatu» eginen duela aurten ere. «Urtetik urtera gorantz goaz, eta ziur hirugarren aldi honekin ere emanaldi sorta ederra egin ahal izango dugula».
Hilabete eskas gelditzen da proiektuak aurkezteko, eta Elordik «parte hartzera eta gozatzera» gonbidatu ditu herritarrak. «Guztiontzat da hau: gozatuko dutenentzat eta gozaraziko dutenentzat».