Urteko liburu eta disko gogokoenak aukeratzeko modua dute BERRIAko irakurleek

2025eko euskal liburu eta diskoen uzta kontsultatzeko modua jarri du BERRIAk bere webgunean. Irakurleek haien gogoko lanak aukeratu ditzakete, eta parte hartzaileen artean ehun euroko bi bonu zozketatuko dituzte, Elkar dendetan erabiltzeko.

Bisitari bat Durangoko Azokan, aurten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bisitari bat Durangoko Azokan, aurten. ARITZ LOIOLA / FOKU
mikel p ansa
2025eko abenduaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal liburu eta diskoen sormena plaza bakarrean biltzen du BERRIAk urtero, kulturazaleek kontsultatu dezaten eta haien lan gogokoenak aukera ditzaten. Aurten ere liburu eta disko berrien webgunea berritu du, eta 2025eko uzta bildu. Orain, 15etik aurrera, BERRIAren irakurleek aukera dute haien gogoko lanak aukeratzeko. Urtarrilaren 6an bukatuko da botoa emateko aukera, eta parte hartzaileen artean Elkar dendetan gastatzeko bi bonu zozkatuko dituzte.

Urteko liburu eta diskoen webgunean aurten argitaratutako 387 libururen erreferentziak agertzen dira, eta baita 147 disko edota musika lanen erreferentziak ere. Obra bakoitzak bere fitxan zehaztuta ditu datuak, eta bilaketak ere egin daitezke: izenburua bilatu daiteke, eta literatur edo musika generoaren arabera ere egin daitezke bilaketak, baita argitaratzailea bilatuta ere. Gainera, aurreko urteetako obrak ere bilatu litezke, ez 2025ekoak bakarrik.

Liburu eta disko horien artean 2025eko gogokoenak aukeratu ditzakete BERRIAren irakurleek, zozketan parte hartzeko. Izena eman, eta bakoitzak hiru liburu eta hiru disko aukeratu ditzake gehienez. Urtarrilaren 7an egingo dute zozketa parte hartzaileen artean, eta bi irabazleek kulturan gastatzeko bonuak jasoko dituzte; bonu bakoitza ehun eurokoa da. BERRIAk urtarrilaren 7an bertan jakinaraziko du irakurleen lan gogoenak zeintzuk diren, eta baita zozketa nortzuek irabazi duten ere.

Webguneak aukera ematen du Durangoko Azokaren ostean euskal sortzaileek aurten argitaratu dutena begiratzeko eta errepasatzeko; izan ere, proiektu honek zera du helburu, euskal sortzaileen lanaren erakusleiho izatea, euskal kultura ikusgai jarrita eta urteko lan guztiak leku bakarrean bilduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.