Dantzaria eta koreografoa

Martin Harriaga: «Uste dut poetikoa izatea, funtsean, politikoa izatea dela»

Thierry Malandain koreografoaren segida hartuko du Martin Harriagak Miarritzeko Koreografiaren Zentroan. 2027ko urtarriletik goiti zuzendari izanen da, eta artistikoki gauza berriak ekarri nahi dituela kontatu du, Malandainen ildotik segituz betiere.

Martin Harriaga, Miarritzen, uztailaren 28an. PATXI BELTZAIZ
Martin Harriaga, Miarritzen, uztailaren 28an. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Miarritze
2025eko uztailaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitzordua Miarritzeko Koreografia Zentroaren ondoko ostatuan eman badu ere, Martin Harriagak (Angelu, Lapurdi, 1986) ez du argazkia haren aitzinean egin nahi izan, «diktadorea bere erreinuaren aitzinean» irudikatuko lukeelako, haren ustez. Avignongo Operako (Okzitania) zuzendaria da gaur egun, eta, berriki, Thierry Malandain koreografoaren segida hartzeko izendatua izan da. Miarritzeko Koreografia Zentroko zuzendari izanen da 2027ko urtarriletik goiti, eta BERRIA egunkariari tartea eskaini dio Malandainekin hasi berri duen transmisio prozesua esplikatzeko.

Uda honetatik goiti eta 2027rainoko transmisio prozesua lantzen hasi zarete.

Justuki, aste honetan egin dugu lehen bilkura. Dagoeneko hasi gara 2027-2028ko eta 2028-2029ko ikasturteak diseinatzen. Aurkeztu dosierrean, detaile anitzekin azaldu nuen zer egin nahi dudan. Horrek ez du erran nahi zehaztasunez eta hitzez hitz segituko dugunik.

Zeintzuk izanen dira zure lan lerro artistiko nagusiak?

Garrantzitsuena da zorroztasunari eutsiz dantzaren idazketa berri bat sartzea, garaikideagoa nolabait. Ene idazketa eta Thierryrena desberdinak dira. Horrek galdeginen dit erregularra izatea eta lanketa handia eramatea egunerokoan, Miarritzera jiteko postulatu nuen Koreografia Zentroa zinezko tresna bat delako dantza eta koreografiari lotu arteak zabaltzeko. 22 dantzari dira hemen, eta egia da egunero talde bat behar duzula idazketa bat garatu eta estilo jakin bat landu nahi baduzu. Erran bezala, hasi gara 2027-2028ko ikasturtea lantzen, artistikoki sortzaileak eta estrategikoak izateko helburuz. Herriko etxeak, Akitaniako eskualdeak eta gure partaideek emaitzak itxoiten dituzte. Orain hasi berri gara lanean, eta terrenoan murgilduak gaude.

«Erran bezala, hasi gara 2027-2028ko ikasturtea lantzen, artistikoki sortzaileak eta estrategikoak izateko helburuz»

Nolako obrak aurkeztuko dituzu Miarritzen?

Avignongo Operari konparaturik, hemen tresna handiagoa da, eta anbiziotsua izateko aukera ematen du. Jendearentzat egiten dugu lan, eta diru publikoa ukaiten dugu jendearentzat gauzak sortzeko. Ene helburua ez da obra sarkastikoak egitea, nahiz eta egin izan ditudan. Uste dut poetikoa izatea, funtsean, politikoa izatea dela gaur egun. Mundua pikutara doan heinean, uste dut politikoa dela poesia pixka bat egitea, suntsipen orokorraren kontra joateko funtsean, hori da engaiatua izatea, nire ustez. Albistegiei begira gaude, eta uste dut koska bat gorago eraman nahi dudala jendea, eta hori eskaini nahi dut dantzaren bidez, obra espiritual gehiago eginez: gure rola da.

Euskal Herrira hurbiltzeko balioko dizu Miarritzen zuzendari izateak?

Dantza hasi nuelarik hemendik joan nintzen, ez baitzen gauza handirik. Gauza anitz egin nahi izan ditut, eta, dantzaz gain, eszenako lanak ere ezagutu nahi izan ditut. Antzerkia egin dut eta dantza mota anitz entseatu ditut. Euskal Herrira heldu naiz maleta ongi beterik eta kanpoan ikasirikoa balletari ekarri nahian. Euskal Herria nire baitan dagoenez, nahi nituzke hemengo aktoreak ere sustatu.

Bilaka konpainiak eman Gernika idatzi zenuelarik hasi zinen hemengo eragileak ezagutzen?

Esperientzia ederra izan zen eta, geroztik, Bilakakoen laguna naiz. Aukera eman didate Euskal Herriko kulturan sartzeko. Maleruski, ez naiz ikastolan izan eta, ondorioz, ez dut euskara ikasi. Ene aitatxi-amatxiak euskaldunak ziren, baina hizkuntza ez ziguten transmititu. Nik orain euskara ikasi nahi dut, lurraldearen barne izan nahi dudalako eta hemengo kultur eragileak lagundu nahi ditudalako. Nola eraiki genezake lengoaia komun bat dantza tradizionala eta dantza garaikidea lotzeko? Hori da ene gaurko galdera eta problematika. Nahiz Koreografia Zentroak egiten duen jadanik, uste dut beste manera batean egiten ahal dela eta azkar daitekeela.

«Nik orain euskara ikasi nahi dut, lurraldearen barne izan nahi dudalako eta hemengo kultur eragileak lagundu nahi ditudalako»

Bilakarekin lan eginez sakondu zenuen Euskal Herriko historian, beraz.

Bai, obra lantzeko Gernikara [Bizkaia] eraman ninduten, bazterrak bisitatu nituen eta ikerketa fasean sartu nintzen koreografia konposatzeko. Artista onak izateaz gain, hausnartu egiten dute, eta ikerketa bat eramaten dute aldi oro. Gauza bera egiten badugu Euskal Herriko beste hainbat kultur eragilerekin, urrun joan gaitezke. Eragile guziekin harremanean eta elkarrizketan izan behar gara, eta horregatik ikasi nahi dut euskara, berdinen arteko harremanean izan gaitezen eta, sinpleki, euskalduna sentitzen naizelako ere bai.

Hurrengo urteetako lan ildoak artistikoak badira ere, aurrekontu murrizketak aurreikus daitezke kulturaren arloan.

Nik proiektu anbiziotsuak diseinatu ditut, baina egia da gastuei kasu eman behar diegula. Ideia ez da sekulako ekoizpenak egitea, ezta apaindura handirik egitea ere. Orain arte, balletak erakutsi du obra batzuk egin eta zabaltzen ahal direla gastuak ttipituz. Gastuek hausnartuak eta neurtuak izan behar dute. Bide beretik, atzerrian eman ditudan pieza batzuk hemen nahi nituzke berriz eman. Ez naiz detaileetan sartuko, misterio pixka bat ere atxiki nahi baitut. Erran gabe doa aurreikuspenak gehiegi behatzen baditugu depresioan eroriko ginatekeela. Anbizioa behar da izan, eta gauzak egiteko gogoa. Ene helburua da egitura den bezala atxikitzea: ez dut lanpostu murrizketarik nahi. 

Mugaz gaindiko diru laguntzak aterabide izan daitezke murrizketen aitzinean?

Eredu hori jadanik existitzen da. Etxepare Institutuko jendea ere ezagutuko dut laster hortaz aritzeko. Etxeparek frankofoniara eraman nahi du euskal kultura, eta biziki ongi da hori egitea. Orain, kasu eman behar da, ez baita folklore huts bezala transmititu behar, baizik eta kulturaren irakaspen bat bezala. Zer da Euskal Herria eta zer da euskal kultura? Pedagogia eta sentsibilizazio ariketa bat egin behar dugu hemengo kultura kanpoan transmititu nahi badugu. Euskal Herria ez da soilik hondartza ederrak eta Larhun.

«Pedagogia eta sentsibilizazio ariketa bat egin behar dugu hemengo kultura kanpoan transmititu nahi badugu. Euskal Herria ez da soilik hondartza ederrak eta Larhun»

Beraz, desafio handia duzu aitzinean.

Ikaragarrizko desafioa da, eta kontziente naiz horretaz. Konfiantza egin didate, ene proiektua maitatu dute eta nik uste dut gai izanen naizela. Thierryk pasatuko didan lekukoa harturik, bide beretik segitzea izanen da helburua, baina gauza berri batzuk ere ekarriz; segituko dut, baina obra berri batzuk proposatuz. Etxe honi biziki lotua naiz eta prest naiz desafioari aurre egiteko.

Malandainek kultura eskuragarri egin nahi izan du 27 urte hauetan. Ildo beretik segituko duzu?

Bai, orain Avignongo Operan nagoela, lan hori han eramaten dugu. Etorkin komunitateek ezin dute kulturaz gozatu Avignonen. Miarritzen desberdina da. Hemen, erronka da balleta kostaldetik harago eramatea, baita mugaz gaindiko lankidetza azkartzea ere, segur aski. Ikusgarri formatu berriak ere asmatu nahi genituzke, balleta karrikan egin ahal izateko. Badakigu egiten, proiektu batzuk egin izan ditut eta karrika formatu bat garatu nahiko nuke.

Teknikoki nola egiten da?

Biziki sinplea da. Soinu sistema sinple bat eta dantzarako zapatak behar dira, besterik ez. Uste dut gauzak sortu behar ditugula, eta Euskal Herrian badakigu hori egiten, zuzeneko musika ikaragarria baitugu, besteak beste. Bilakan pentsatzen dut, baina ez bakarrik, elkarte munduan dabiltzan musikari biziki onak ditugu hemen.

Zuzeneko musika lehenetsi nahi zenuke, beraz?

Bai, zuzeneko musikari gehiago behar ditugu emanaldietan. Musika bizi da dantzarekin batera. Herbehereetan nintzelarik proiektu guziak musikariekin egin genituen, eta bikaina zen. Bilakarekin lan egin nuelarik ere, oholtza gainean musikariak genituen eta ikusi ahal izan nuen musikak zer indar ematen zion dantzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.