Literatura. Pasarte hautatua. Augusto Monterroso

'Uste ona'

Ostegunean hamar urte izango dira Augusto Monterroso hil zenetik. BERRIA / BERRIA.
2013ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Oihanaren erdigunean bazen antzina landare haragijale mota bat. Denbora aurrera joan ahala beren ohitura bitxiaren kontzientzia hartzera heldu ziren, batez ere Zefiro haize onak hiriko norabide guztietatik ekartzen zizkien zurrumurru etengabeak zirela eta.

Kritikari amore emanez, pixkanaka-pixkanaka ezinikusia hartu zioten haragiari, harik eta azkenean ez bakarrik zentzu figuratuan, sexualean alegia, begi txarrez ikustera, ezpada jateari ere uko egitera heldu arte, hain nazkaturik ezen ikuste hutsak goragale sortzen baitzien.

Orduan barazkijale bihurtzea erabaki zuten.

Egun hartatik batak bestea jaten dute soil-soilik eta lasai bizi dira, beren iragan gaiztoaz erabat ahazturik.

IPUINA

Itzultzailea: Gerardo Markuleta.

Jatorrizko hizkuntza: gaztelania.

Argitalpena: Julio Cortazar, Eduardo Galeano eta Mario Benedettiren 'Istorio hiperlaburrak' liburuan (Erein, Milabidai, 1995)

Azalpena: Datorren astean, ostegunean zehazki, hamar urte izango dira Augusto Monterroso idazlea hil zela (Tegucigalpa, 1921-12-21-Mexiko DF, 2003-02-07). Ipuin laburren arloan eredugarritzat joa da; hark idatzia eta liburu berean euskaratua da denen artean ezagunena, Dinosauruarena izenburua duena: «Esnatu zenean, dinosaurua hantxe kieto zegoen artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.