Zuzendari onenaren saria bereganatu zuen Brillante Mendozak Cannesko jaialdian 2009an, Kinatay filmarekin. Ordu hartan ere Filipinetako droga trafikoa hartu zuen oinarri istorioa kontatzeko. Gauza bera egin du oraingoan, baina bestelako begirada batekin.
"Filipinetan egoera bat bizi dugu, arazoak ditugu, eta agian jendea hil dute, baina ni ez naiz horren lekuko izan. Nire filmeetan ikusi dudana erakusten saiatzen naiz, egia esaten", azaldu du Mendozak. Polizia baten eta haren informatzaile bihurtzen den droga trafikatzaile baten arteko harremana kontatzen du filmak.
Inolako presiorik jaso izan duen galdetuta, ezetz erantzun du zuzendariak eta, aldiz, nabarmendu du, segurtasun indarrekin elkarlanean aritu dela uneoro. Aldiz, uko egin dio Filipinetan droga trafikoaren aurka egiteko argudioarekin onartu diren neurriei buruz hitz egiteari: "Nire iritzia pertsonala da, eta ez dut nahi hura nire filmeekin nahastea".