'Utopia': metal soinuzko hamabi kritika

Meliora taldeak bigarren albuma kaleratu du; klima krisiaz, harremanez eta errealitate artifizialez aritu dira bertan. Ohi duten eran, rock-metal elektronikoa jorratu dute.

Meliora taldeko Markel Galarraga, Ivan Ropero eta Iñaki Mujika, Zizurkilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Meliora taldeko Markel Galarraga, Ivan Ropero eta Iñaki Mujika, Zizurkilen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Zizurkil
2025eko urriaren 15a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen adituan metal hotsa nabarmentzen da; bigarrenean, hitzek ematen dute arreta; eta hirugarrenean, bat-batean, balada doinu bat bilakatzen da aurrez metal kolpe bat zena. Halako ibilbide bat da Meliora taldeak egin duena: musika gogorretik suaberako bidaia bat. 2022an argitaratu zuen lehen diskoa, Aethereus, eta bigarrenarekin agurtu du udazkena: Utopia

Lau kidek osatzen dute Meliora: Iñaki Mujikak, Markel Galarragak, Jokin Iraolak eta Ivan Roperok. Metalzaleak dira laurak, eta rock-metal elektronikoan konposatu eta osatu dute bigarren lana. «Baina ez da hain zakarra, ez da hain gogorra, e!», erran dute taldekideek, irri artean. Zizurkilen (Gipuzkoa) elkartzen dira entseatzeko, astero-astero kasik, eta estudio horretan bertan sortu zituzten Utopia-ko hamabi abestiak. 

Zeri buruz ari diren ikusteko, hitzei erreparatzea bertzerik ez dago, eta hala berretsi du Galarragak: «Uste dut nahiko nabaria dela zertaz ari garen. Kritika bat da diskoa». Zeri eginiko kritika? Bada, kontu anitzi: klima krisiari, errealitate artifizialari eta harreman sozialei eta toxikoei, kasurako. «Erakutsi nahi izan digute dena ondo dagoela mundu honetan, eta ez, hemen zorigaizto eta desgrazia asko gertatzen dira», azaldu du. Ikusitakoari doinu bat jarri, eta abestiak sortu dituzte azkenean. 

Edo alderantziz: lehenik musika, eta hitzak gero. Mujikak kontatu duenez, ez dute aitzinetik hartzen ordenaren erabakia, estudioan egon arte ez baitute argi izaten. «Utopia-ko abesti batzuekin gertatu zaigu gitarrarekin melodia bat sortzea eta gero joatea letraren bila, eta beste batzuekin, aldiz, argi geneukan zeri egin nahi genion kritika, eta gerora sortu dugu letrak eskatzen zuen musika». 

«Ez nuke nahi inork pentsatzea gu 'metalero' batzuk garela eta betiko zarata egitera gatozela, zeren metala ez da denek uste duten zarata hori bakarrik»

MARKEL GALARRAGAMusikaria

Egin zezaketen kritika soil bat, baina ez, disko hau irtenbide bat da; edo izan daiteke, behintzat. Kiri abestiak ematen dio albumari hasiera: kantu ilun eta gogor bat da. Eta letrak ere halakoxeak dira: ilunak eta ezkorrak, «dena dago gaizki» erranen balute bezala. Hala dio hurrengo kantuak ere, Lokarturiko arimak-ek: «Beti izango zara artaldeko kide arrunt/ xume eta triste bat/ trikimailuaz jositako sare ahul bat». Lokarturiko arima, gainera, bideoklip batekin argitaratu dute, eta ohartu dira bideoak «asko-asko» laguntzen duela kantua. Gainerako abestiei bideoa jartzeko, ordea, ez daukate baliabide nahikorik. «Baina ahaleginduko gara gehiago egiten», erran dute kideek. 

«Ilun hasten bada ere, bukaeran dena da baikorragoa», erran du Roperok. «Hobetzeko zirrikitu bat agertzen da amaieran, bultzada txiki bat eta esperantza izpi bat izango balira bezala». Aurrera goaz izena du azkeneko kantuak, eta badute antzeko bat ere: Birjaio. Biak kokatzen dituzte etorkizun «argitsu» batera bidean. 

Garapen musikala

Metalaren industriaren eta rockaren arteko marra fin horren erdian dago Maliora, eta «pozik» daude musikariak, batik bat aitzineko diskotik hona «sekulako garapena» izan dutelako. Galarragak nabarmendu du koherentziaren bila abiatu zirela diskoa sortzeko unean, eta sinistuta dago lortu dutela hori horrela izatea. Elementu berri batzuk probatu dituzte, eta bertze batzuekin jolasean aritzera ausartu dira; «horregatik atera zaizkigu elkarren nahiko desberdinak diren kantak, nahiz eta berez genero aldetik ez asko aldatu». 

Mujikak azaldu du beti saiatzen direla baladaren bat edo kantu lasaiagoren bat sartzen, «bestela gogorregia geratu daitekeelako», eta horregatik aritzen dira erritmoetan saltoka. Deabruak kantuak, adibidez, antsietatea eta depresioa ditu oinarri, eta horrek «ezinbestean» eskatzen zien musikariei gogor samar abestea. 

«Hobetzeko zirrikitu bat agertzen da amaieran, bultzada txiki bat eta esperantza izpi bat izango balira bezala»

IVAN ROPEROMusikaria

Belarriak ez ezik, entzuleek «burua ere ireki dezaten» nahi lukete taldekideek, Galarragak erran duenez. «Ez nuke nahi inork pentsatzea gu metalero batzuk garela eta betiko zarata egitera gatozela, zeren metala ez da denek uste duten zarata hori bakarrik». Esparru anitz baititu metalak, eta hamaika estilo desberdin barnean. «Oso jende gutxiri gustatuko zaizkio abesti guztiak, baina hori argi daukagu, eta horregatik jolastu gara hainbeste», erran du Roperok. Haren ustez, hain kantu desberdinak izaki, «aukera handiagoa» dago kanturen bat edo bertze edonoren gustukoa izateko, eta hori ere gustatzen zaio musikariari.

Zizurkilen eta inguruko herrietan jo dute orain arte, eta epe laburrean ere halatsu jarraituko dute, sorpresarik egon ezean. Hain zuzen ere, zuzenekoak prestatzen ari dira orain, eta ordu andana bat ematen dituzte entsegu gelan. «Garrantzitsua iruditzen zaigu zuzenekoetan ondo asmatzea; alegia, ez izatea diskoko piezak jotzea eta listo», erran du Galarragak. Aitzitik, argiteria aldetik sorpresak prestatu dituzte, eta ikuskizuna bera ere «berezia» izan dadin ari dira lanean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.