Literatura

Poema liburu bat, minetik eta jolasetik

'Etxe bat Husaviken' liburua argitaratu du Uxue Juarezek, idazkera jostalaria eta umorea erabilita. Doluaz eta amatasunaz aritu da gehienbat, baina lehorrean ez baizik itsas azpiko irudizko mundu batean.

Uxue Juarez idazlea, Donostian, liburua aurkeztu berritan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Uxue Juarez idazlea, Donostian, liburua aurkeztu berritan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
Donostia
2025eko urriaren 16a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urpean bizi gabe ere, irudikatu du nolakoa zatekeen hango bizimodua. Balea ama, balekumea eta mundu urdin bizi-bizi bat inguruan. Itsas masa horren guztiaren azpian irudikatu du Uxue Juarezek bere burua —edo bere pertsonaiarena—, eta liburu bat ondu du, azkenerako: Etxe bat Husaviken. «Badakizu nola urpean sartzen zarenean oihartzun gisako bat aditzen duzun? Nola sentitzen duzun ur masa handi bat zure gainean, eta zu haren azpian, bakarrik? Nola edozein mugimendu den motelagoa han? Bada, hortik idatzi dut», azaldu du Juarezek, liburuaren aurkezpenean. 

Kurioski, baleaz beteta dago liburuaren azala: bi balea daude ilustratuta, eta Balea Zuria da haren argitaletxea. Aurretik aritua da Juarez poemagintzan, baina lehen liburua du euskaraz, ordura artekoak gazteleraz idatzi baititu. Baina baditu antz batzuk aitzineko aldiekin: fikzio orok duela zerbait egiatik.

Islandiara egindako bidaia batean sortu zen Etxe bat Husaviken, eta bi hari nagusik gidatu dute liburua: amatasunak eta doluak. Idazlearen irudiko, dolua «beti toki triste batetik» idazten da, eta berak nahiago izan du fikziozko mundu bat sortu hura mamitzeko. «Doluak ere izan dezake umore puntu bat, baina horri ez zaio tira egiten, ematen duelako ez dela zilegi». Juarezek azaldu duenez, hark ez zuen «dramatismoan» erori nahi, eta gorputz literario berezi batetik aztertu ditu bizi izandako egoerak. 

«Suizidio bat bizi izan nuen ondoan», erran du Juarezek, «eta horrek leku handia hartzen du itsaso honetan». Behinola aditu bati irakurritakoa ekarri du ondotik gogora: «Esaten zuen suizida batek sei biziraule izaten dituela ondoan, eta horietako bakoitzak ezinbestean sentitzen dituela kulpa, damua, mina... eta beste halako asko». Min horiek kontatu baino gehiago, bertze ariketa bat egin nahi izan du Juarezek: gorputz barnean mugitzen dena zer den aztertu. 

«Irakurleari iritsiko zaiona emozio bat da, sentsazio bat, barneko urak ere mugitu baitaitezke gai hauekin. Eta, noski, zuk kontrolatzen duzu nola kontatu eta zer sentiarazi»

UXUE JUAREZ Idazlea

«Klixeetan eta ohiko jarreretan kokatu beharrean, irudikatu nahi izan dut balea bat itsasoaren erdian, bere kumearekin eta familiako kide suizidatu berriak utzitako hutsunearekin. Itsasoak berdin-berdin jarraitzen du mugitzen, eta bi baleek gainean sentitzen dute ura, handi-handi izanagatik ere», kontatu du Juarezek. Hortaz, ez da bereziki mezua idazleari interesatzen zaiona, emozioa baizik. «Irakurleari iritsiko zaiona emozio bat da, sentsazio bat, barneko urak ere mugitu baitaitezke gai hauekin. Eta, noski, zuk kontrolatzen duzu nola kontatu eta zer sentiarazi». Horixe izan da Juarezen lana: poemaz poema emozio bat sorraraztea. 

Begirada jolastia

Ez du heldu baten ohiko begiradatik idatzi liburua. Ardatzetako bat amatasuna izaki, haur baten begiradara hurbildu da Juarez sarri. Haurrek jokabide jostalaria dute gehienetan, eta galdera-erantzun joera hori ekarri du liburuko orrietara, azaldu duenez. «Balekumeak galdera asko egiten dizkio amari, jolasteko gogoz dagoelako eta mundua ezagutzeko bere modua horixe delako, jolasa». Iruditzen zaio tristezia «desberdina» dela haurrengan eta helduengan, eta mundua ulertzeko modu zintzoa dela haurrena. «Ez dakit noiz eta zergatik uzten diogun galderak egiteari, baina ez diogu uzten erantzunak dakizkigulako, baizik eta helduek ustez ez dutelako galdetu behar». Uste horri kontra egiteko ale txiki bat da liburua, bertze gauza batzuen artean. 

Puntuazio markekin ere jolastu du maiz, eta kontzeptu batzuk hutsetik asmatu ditu, horrek tonu jostalaria ematen zielako poemei. Familia nukleo bat irudikatu du itsasoan, eta bakoitzari ahots propio bat eman dio. «Ahots horien arteko bidaia bat da liburua, bakoitzak elkarrizketa oso desberdinak baititu inguruko mugimenduekin».

Elkarrizketa guztietatik bada arreta pizten duen bat: balea amaren eta balekumearen artekoa. Hizketaldi lasaia da, hausnartzera eramaten dituena irakurleak, eta, era berean, presentzia handia duena ondorengo poemetan ere. Aholkuak ematen dizkio amak alabari, baina ez dago jolasik une horretan, baizik eta «besarkada bat» bien artean. 

«Ez dakit noiz eta zergatik uzten diogun galderak egiteari, baina ez diogu uzten erantzunak dakizkigulako, baizik eta helduek ustez ez dutelako galdetu behar»

UXUE JUAREZ Idazlea

«Minari buruzko liburu bat da, baina ariketa izan da asmatzea nola kontatu min hori ohikoa ez den modu batean», erran du idazleak. Literaturazko geruza bat sortu du, eta banan-banan joan da geruzak erauziz, erdiko mineraino iritsi arte. Bide batez, minerako bidea ere arindu egiten du horrela. «Jostalaria da tonua, baina kontu batzuek ezinbestean ematen dute min, asko ukitzen direlako bakardadea, galera eta gisako kontuak». 

Haurraren begitik ari ez denetan, ahots motela darabil; inork itsaspean hitz egin nahi duenean nahi gabe jartzen duen ahots moteldu bera. Eta ez da hautu inkontzientea izan, nahita saiatu baita «giro akuatiko» bat sortzen. «Bitxia da gertatu zaidana; nik sortu dut liburuan agertzen den mundua, baina hark irakatsi dit niri kontatzeko zail diren kontuak nola kontatu». 

Islandian ikusi zuen lehendabizikoz —eta azkenekoz— balea bat Juarezek, eta iltzatuta geratu zaio momentu hori. «Urpean sentitzen direnak eta esaten direnak ez dira modu argian ateratzen gainazalera, eta iruditzen zitzaidan nik neuk sortu nezakeela nire mundu propioa ur azpian». Hori ere bai baita poesia, idazlearen ustez: norbere emozioetatik eraikitako mundu bat, baina fikziozko elementuekin gidatuta. 

Juarezek ez du bere burua liburuaren erdian kokatu nahi izan; alegia, nahiago izan du urrundu eta distantzia fisikoa jarri bere kontuen eta idazten ari zen pasarteen artean. «Horrela niri ere ez zitzaidan hain gogorra egiten doluaz hitz egitea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.