Uzta joriarekin dator Zinegin

Hazparneko euskal zinemaren Zinegin jaialdia urriaren 19tik 22ra iraganen da. Besteren artean, 'Irati', 'Bizkarsoro' eta 'Mirande' filmak ikusten ahal dira, baita Lumi eta Haira taldeen kontzertuak ere.

Alberto Vazquezen Unicorn Wars filmeko irudi bat. ZINEGIN.
Iñaki Etxeleku.
Ipar Euskal Herriko Hitza
2023ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Hamabigarren Zinegin jaialdia urriaren 19tik 22ra iraganen da, orain arteko programaziorik jorienetarikoa ardatz izanik, Hazparneko (Lapurdi) Haritz Barne zinema gelan. Antolakuntza taldeko Eztitxu Barbacek eta Joana Duhaldek aitortu dute aurtengo egitarauarekin «biziki kontent» direla. «Aurten, film euskaldun asko izan dira. Donostiako Zinemaldiari eta Hego Euskal Herriko dinamikari esker da hori». Egitarauko zenbait film aipatu ditu: Irati (Paul Urkijo, 2022), 20.000 erle espezie (Estibalitz Urresola, 2023), Bizkarsoro (Josu Martinez, 2023) eta Unicorn Wars (Alberto Vazquez), besteak beste.

Duhaldek oroitarazi du ez dela beti hola gertatu: «Urte batzuetan zaila izan da film handi batzuk ukaitea». Hain zuzen, Irati egin duen Paul Urkijoren Errementari filma jinaraztea ez zuten kausitu. Irati-rentzat behar izan dute borrokatu. Duhaldek erran duenez,Urkijo bera izan da giltza: «Banatzaileekin aski zaila da; usu, ez dugu erantzunik, eta hor hark ditu gauzak mugiarazi». Urkijok Zinegin ezagutzen du, eta inportantea zitzaion Ipar Euskal Herrian izatea. «Usu gertatzen da zuzendariek nahi izatea baina banatzaileek ez, esklusibotasuna atxiki nahi baitute festibal handiago batentzat».

Baliteke Zinegineko Irati-ren emanaldi ireki bakarra izatea. Hego Euskal Herrian zinema geletako egonaldia aspaldi bururatua zaio, eta DVDz ikus daiteke, eta ez da batere errana Bidasoa iparreko zinema geletan banatua izanen denik. «Erran digute xerkatzen zutela Frantziako banatzaile bat», salatu du Duhaldek. «Errementari ez zen banatu; Netflixek zituen eskubideak». Irati ikusteko sarrerak, lehen aldikoz, aitzinetik salgai ezarri ditu jaialdiak.

Josu Martinezen Bizkarsoro behin erakutsia izan da Donibane Lohizunen Zinemaldiaz geroztik. «Jende askok ikusi nahi dute», erran du Barbacek; «normala da, hemengo produkzio bat baita, hemengo jende askoren parte hartzearekin». Bizkarsoro banatua izanen da beste zinema gelatan ere. Haatik, Martinezen aurtengo beste lana —Mirande, film bat egiteko zirriborroa— ez, baitezpada. Telebistarako dokumentala da: EITBk hedatuko du.

Programatu filmen kalitatea azpimarratu du Duhaldek: «Zinez kalitatezko filmak badira besteetan ere. Unicorn Wars, adibidez, biziki guti aipatu da»; alta, helduendako animazio film hori Euskal Herrian egina izan da. 20.000 erle espezie Berlingo jaialdian sariztatua izan da.

Animadeba, izen bereko Animazioko Zinemaren Nazioarteko jaialdiak proposatu animazio film laburren hautaketa da, Barbacek zehaztu duenez: «1982tik gaur arteko hautaketa bat proposatu digu festibalak, eta zortzi hautatu ditugu». Irati-ren gaualdiaren karietara erakutsiko dituzte. En?aut Castagnetek, Lander Garrok eta Manex Fuchek Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan eraman tailer baten emaitza ere ikusten ahalko da, lehentze: Positive bomb. Jaialdia irekiko du.

Euskal zinemaren bilgunea

Hamabigarren aldia du Zineginek. COVID-19aren pandemiak tanpez gelditu zuen, besteen gisan, baina berriz punpatu da. Duhaldek uste du egonkortu dela; halere, aitortu du borroka dela filmen eskuratzea. «Filmen euskarazko bertsioen eskuratzeko borroka da. Batzuetan, filma Parisko banatzaileak du, hark digu igorriko, baina euskarazko azpidatziak ez ditu, eta Madrilgoari galdegin behar dizkiogu».

Diru laguntza batzuk bai, baina buxeta aski ttipia du Zineginek. Duhalderen arabera, ez dakite sobera zer bilakatuko diren kultur sailaren antolaketa berriarekin. «Jakin dugu Euskal Elkargoak profesionalei emanen dizkiela diru laguntzak, eta EKEk, amateurrei. Pentsatzen dugu pixka bat galtzaile izanen garela».

Aurten ere, irudi kontzertuek leku berezia izanen dute Zineginen. Ostiral gauean iraganen dira, Haritz Barne zinema gelaren kanpoko aldeko plazan.

Barnez Kanpo, Nahia Garat argazkilariak Parisen, New Yorken(AEB)eta Montrealen (Quebec) hartu argazkiekin muntatu kontzertu «esperimentala» da. Garatek berak hiri handietako herratze batzuen gisa aurkeztu du lana bere atarian: «Herraturik nabil metropoli modernoetan. Montreal, Paris, New York City. Lur azpiko metro itogarritik kanpoko espazio erraldoietara, hiru hiriak bilakatzen dira agerraldi misteriotsuen ingurumena».

Lumik, bere aldetik, Bezperen dirdira azken lana aurkeztuko du, Nagore Legarreta argazkilariaren irudiekin. Eta Peio Erramuzpek, Hairarekin (Paxkal Irigoien, Ekhi Lambert, Allande Etxeberri, Julen Etxeberri) Lauzpaborz aire ttipi lana emanen du.

Larunbat goizarekin, Zinekin tailerra proposatuko du jaialdiak, graba-munta edo tourne-monte teknikaren inguruan. «Gai bat emanen dugu, eta bi orduz trama bat idatzi beharko da, filmatu, egunean berean muntatu, eta jin direnei emanen zaie», esplikatu du Barbacek. Bizpahiru minutuko labur baten egiteko ariketa izanen da. Izena eman behar da, [email protected] helbidera idatziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.