Uztailak musika usaina dakar

Getxoko jazz jaialdia, Sopuertako Mendebala Folk jaialdia eta Elorrioko Musikaire hasiko dira gaur

Aki Takase pianistak zabalduko du Getxoko jazz jaialdia, gaur. - / BERRIA.
Jon Fernandez.
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Uztailarekin batera hasten da musika mota ezberdinei eskainitako jaialdien sasoia Euskal Herrian. Gaur hasiko dira jaialdi horietako hiru Getxon, Sopuertan eta Elorrion. Jazzari eskainitakoa da lehena, folkaren ingurukoa bigarrena, eta musika mota ezberdinak eta kale antzerkia biltzen ditu hirugarrenak. Hiru aukera udan musikaz eta ikuskizunez gozatzeko.

Getxoko jazz jaialdia

Aki Takase pianistak emango du lehen kontzertua

Aki Takase piano jotzaile japoniarraren New Blues Project taldeak zabalduko du gaur Getxoko 35. jazz jaialdiaren (Bizkaia). Hiru urterekin hasi zen Takase pianoa jotzen, eta egun New Orleanseko ohiko estiloa musika klasikotik eta inpresionismotik hartutako elementuekin uztartzen ditu. Getxoko Biotz Alai plazan izango da emanaldia, 21:00etan.

New Blues Project taldea baino lehentxeago Ornetillos talde espainiarra ariko da, Taldeen Lehiaketaren barruan. Izan ere, astelehenera bitarteko kontzertu bakoitzaren aurretik txapelketarako hautatutako talde batek joko du. Errumaniako Sorin Zlat Trio ariko da bihar, Danimarka eta Suediako Carl Winther Trio igandean, eta Frantziako Melquiades Quartet astelehenean. Uztailaren 5ean, talde irabazleak joko du.

Bestalde, Lee Ritenour gitarrista kaliforniarraren txanda izango da bihar. Jazz-fusionaren erreferenteetako bat da Ritenour, eta Grammy sarietarako hamazazpi izendapen jaso ditu. Igandean Dave Holland kontrabaxu-jotzailea igoko da oholtzara, eta astelehenean, berriz, Chucho Valdes pianista kubatarra, The Afro-Cuban Messengers taldearekin batera.

Azkenik, Branford Marsalis saxofoi jotzaile estatubatuarraren kontzertuak itxiko du jaialdia asteartean. Kontzertu guzti horiek Getxoko Biotz Alai plazan izango dira. Algortako Geltoki plazan, ordea, Hirugarren Milurtekoa sailaren barruan ariko dira beste bost talde, gaur hasi eta uztailaren bostera bitartean. Quartetto Minimo ariko da gaur, Evgeny Ring Quartet bihar, Santi Colomer Quartet igandean, Manel Camp Quartet datorren astelehenean, eta Miguel Fernandez Quartet uztailaren bostean. 19:00etan hasiko dira bost kontzertuok, eta sarrera doakoa izango da.

Mendebala Folk jaialdia

Mercedes Peonek Galiziako doinuak ekarriko ditu

Galiziako musika tradizionala bildu eta belaunaldi berriei helarazteko modu berriak jorratzen eman ditu azken bi hamarkadak Mercedes Peon abeslari eta musikari coruñarrak. Berak zabalduko du gaur, 22:00etan, Sopuertako (Bizkaia) Mendebala Folk jaialdia, eta haren ostean Itziarren Semeak eta Seafoid euskal taldeak ere taula gainean ariko dira. Mendebala V. Maketa Lehiaketako irabazlea izan da Seafoid.

Beste lau taldek itxiko dute jaialdia larunbatean, eta Celtas Cortos izango da gaueko izen nagusia. Harekin batera ariko diraAsturiasko Skontra folk-punk taldea, Okzitaniako Goulamas ska-rock taldea eta herri musika lantzen duen Mielotxin talde nafarra. Gaurko eta biharko kontzertuak doakoak izango dira, eta artisautza azoka eta kanpatzeko lekua ere izango dira Sopuertan.

Musikaire

Musikaz eta antzerkiaz gozatzeko 'mazedonia'

Gaur hasi eta uztailaren 23ra bitartean musikaz eta ikuskizunez gozatzeko aukera izangoda Elorrion (Bizkaia), aire librean. «Herritarrak kulturaren inguruan biltzea nahi du Musikairek, eta mazedonia kulturala dakar horretarako, guztientzat doan», azaldu dute antolatzaileek.

Soul doinuekin hasiko da gaur jaialdia, Soul Tellers bikote madrildarraren eskutik. Lorenzo Moya ariko da pianoa jotzen eta Miguel Angel Julianek jarriko du ahotsa. Tola jauregian emango dute kontzertua, 22:30ean. Bihar, berriz, tango klasikoa eskainiko du Ara Malikain & Fernando Egozkue boskote armeniar-argentinarrak, 22:30ean, Tola jauregian. Asteburua amaitzeko, antzerkia izango da Elorrion. Markeliñe kale antzerki taldeak Anomalia Magnetika ikuskizuna estreinatuko du igandean herriko plazan, 22:30ean.

Dena dela, uztailaren 23ra bitartean, kontzertu eta ikuskizun gehiago ere izango dira. Uztailaren lauan, esaterako, Niño Costrini umorista eta malabaristak zirkuaren alde umoretsuena erakusten duen Humus Comicus lan berria aurkeztuko du. Hilaren 8an Joseba Tapiak Eta tira eta tunba diskoa aurkeztuko du, eta hilaren 9an flamenko emanaldia eskainiko du Diego Cortes gitarra jotzaile katalanak. Horiez gain, Mulatu Astatke musikari etiopiarrak, Hostoak dantza eta txalaparta ikuskizunak eta Pelmanec antzerki konpainiak ere hartuko dute parte jaialdian, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.