Literatura

Valerie Miles: «Euskal literaturak bizitasun handia du, eta pena da kanpoan hain ezezaguna izatea»

Valerie Miles editore, idazle eta 'Granta en español' aldizkariko zuzendariari eman diote aurtengo BBK Gutun Zuria sarietako bat, eta Gerediaga elkarteak jaso du beste bat. Gaurtik hasi eta otsailaren 28ra arte, hamaika idazle batuko ditu programak.

Gutun Zuriak saritutako Valeria Miles idazle eta editorea (ezkerrean) eta Gerediaga elkarteko Beñat Gaztelurrutia (ezkerretik laugarrena), gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gutun Zuriak saritutako Valeria Miles idazle eta editorea (ezkerrean) eta Gerediaga elkarteko Beñat Gaztelurrutia (ezkerretik laugarrena), gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2026ko otsailaren 24a
16:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Presaren gobernupean bizi da merkatua, eta, aldiz, denbora da literaturaren lehengai nagusia, edo, Valerie Miles idazle eta editoreak azaldu duenez, bai behintzat «liburu eta idazle onentzat». Dioenez, bere lanean horregatik hartu nahi izaten ditu gogoan gaur egungo irakurleak ez ezik baita 50 urte barrukoak edota, are, ehun urte barrukoak ere. «Fedea dut kontakizunetan eta mundua deskribatzeko eta argitzeko duten indarrean». New Yorken jaio zen, 1963an, baina Bartzelonan bizi da aspaldi luzean, eta ibilbide ezin oparoagoa egin du literaturaren esparruan. Sakon ikertua du Roberto Bolañoren lana, eta, besteak beste, Emece argitaletxeko argitalpen zuzendari eta Alfaguara argitaletxeko zuzendariorde izandakoa da, bai eta Duomo Ediciones argitaletxearen zuzendari fundatzaile ere. Horrez gainera, 2002az geroztik, Granta aldizkari literarioaren gaztelerazko edizioaren sortzaile eta zuzendari ere bada, Aurelio Majorrekin batera. Eta, hain zuzen ere, jardun hori guztia aitortu nahi izan dio Gutun Zuria jaialdiak aurtengo Gutun Zuria BBK Ohorezko Saria emanda. Horregatik dago Bilbon egunotan. Eta Miles ez ezik, Gerediaga elkarteak ere jasoko du aurtengo Gutun Zuria BBK Ohorezko Saria. Gaur arratsaldean jasoko dute saria, jaialdiaren irekiera ekitaldian. 

Milesek behin baino gehiagotan adierazi du irizpide komertzialek literaturan gailentzeari buruzko kezka, eta, gaurkoan, euskal literaturari buruzko aipamen bat eginda borobildu du hori Bilbon egindako adierazpenetan. «Zaila izaten da arriskuak hartzen ari diren idazle onen lanak momentuan baloratu ahal izatea. Denbora eskatzen du horrek. Hori da Moby Dick-en kasua, esaterako: garaiko irakurleek ez zuten baloratzen jakin, eta 30 edo 40 urte behar izan zituzten liburu horren garrantziaz ohartzeko, eta gauza bera esan daiteke Roberto Bolañori buruz ere, hogei urte eman baitzituen argitaratzailerik topatu ezinik, eta, gero, hil ostean, gaztelerazko literaturako idazlerik garrantzitsuena bilakatu zen. Askotan ahots horiek galdu egiten dira. Eta motibo askogatik gertatu daiteke hori. Baldintza ekonomikoengatik, esaterako. Editoreek berreskuratu behar izaten ditugu ahots horiek. Horixe gertatu zaie emakume askori, asko baitira emakume izate hutsagatik saririk jaso ez zuten idazleak, eta haiek errekuperatzeko lan handia egiten ari gara. Beste idazle batzuen ahotsa, berriz, galdu egin da ez dutelako hizkuntza handietan idazten. Euskal idazleak irakurri nituenean, talentu handiko idazlez betetako lurralde kartsu bat deskubritu nuen, eta pena iruditu zitzaidan halako bizitasuna zuen literatura bat kanpoan hain ezezaguna izatea». 

«Fedea dut kontakizunetan eta mundua deskribatzeko eta argitzeko duten indarrean»

VALERIE MILES Editorea eta idazlea

Granta aldizkariak hizkuntzaren poetikei eskainitako zenbakiaren ale bat ere erakutsi du hedabideen aurrean egindako aurkezpenean. Hainbat euskal idazleren testuak bildu zituen bertan editoreak. Bertan dira, besteak beste, Uxue Alberdi, Eider Rodriguez, Karmele Jaio, Bernardo Atxaga eta Harkaitz Canoren lanak. Baina euskal literaturarekikoa ez da lotura puntual bat. Oraindik ere AEBetan bizi zela eta zer egin nahi zuen ere ez zekienean Obabakoak liburua irakurtzean sentitu zuen inarrosaldia ere aipatu du. «Gure aldizkariaren lehen alean eduki nuen Atxagarekin lan egiteko aukera, eta eskuzabaltasun osoz ireki zitzaidan mundu bat ezagutu nuen».

Bilboko liburutegia

Euskal Herriarekin harreman zuzena izan du Milesek. Azaldu du bere literatur ibilbidean mugarri garrantzitsua izan dela Bilbo. «Nire semea erdi bilbotarra da», esan du. Berak ere denboraldi luzeak eman izan ditu bertan, eta, kontatu duenez, nolabait ere Bilbotik abiatu zuen munduko literaturarako bidaia. Bere semearen birramonak hirian zuen liburutegitik, hain zuzen ere. «Liburuz beteta zegoen, eta liburu horiek guztiak ukitzen ikusten ninduen etengabe». Ingelesezko eta frantsesezko liburuz beteta zeuden apalak, dioenez, eta han izan zuen parada atzerrian bizitako AEBetako idazleen lanak irakurtzeko. «Horregatik, zirkulu bat ixtea bezalakoa da orain hemen egon ahal izatea».

«Durangoko Azoka urtez urte antolatzen aritu diren boluntario eta profesional horientzat guztientzat da sari hau»

BEÑAT GAZTELURRUTIA Gerediaga elkarteko kudeatzailea

Gerediaga elkartearen lana ere aitortu nahi izan du Gutun Zuria jaialdiak aurten. Izan ere, elkarteak 60 urte daramatza jadanik Durangoko Azoka antolatzen, eta, horregatik, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak ere ikuspegi historikoa izan du kontuan jasotako saria eskertzean: «Durangoko Azoka urtez urte antolatzen aritu diren boluntario eta profesional horientzat guztientzat da».

Gaztelurrutiaren hitzetan, «euskarazko sorkuntzari ikusgarritasuna ematea» da azokaren helburu nagusienetako bat. Azokaren definizioa ere egin du: haren hitzetan, 60 urteko ibilbidea eginda, azoka «heldua» da Durangokoa, baina «eguneratua» ere bai, gaur egungo beharrei erantzuten baitie; azoka «gaztetua» ere bada, bisitarien %75 inguruk 55 urte baino gutxiago dituztelako, eta 25 urtetik beherakoak direlako bisitarien laurdenak.

Euskal kulturgintzaren oparotasunaren erakusle ere bada azoka, Gaztelurrutiaren ustez, baina, gehitu duenez, erronka bati aurre egin behar dio, kultur sistema osoak bezala: eskaintzaren oparotasun horri erantzungo dion hartzaile multzoa osatzea.

Gaur egingo dute sariak banatzeko ekitaldia. Ondoren, Gabriel Arestiri eskainitako Aresti eta abesti dokumentalaren lehen irudiak erakutsiko dituzte, Gari musikariaren emanaldi labur bat izango da, eta, azkenik, Bernardo Atxagaren, Jabier Muguruzaren eta Karmele Jaioren arteko solasaldi bat ere izango da. Eta bihartik aurrera indar betean hasiko da jaialdiko programazioa, goizetik hasita, jardunaldi profesionalekin eta jendaurreko hitzaldiekin. Igandera bitartean, besteak beste, bertan izango dira Alana S. Portero, Alba Garmendia, Jule Goikoetxea, Hedoi Etxarte, Leire Bilbao, Ixiar Rozas, Harkaitz Cano, Natalia Castro Picon, Danele Sarriugarte eta Didier Eribon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.