Euskal musikagileen lanak interpretatu eta Tesela proiektua aurkeztuko du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Venezian, Biurtekoaren barruan egingo den Nazioarteko Musika Garaikidearen 58. Jaialdian. Kontzertu bat emango du etzi eta beste bat etzidamu Veneziako Teatro alle Teseko agertokian, Jose Ramon Encinarren zuzendaritzapean.
Lehen kontzertuan, hiru euskal konpositore garaikideren obrak eskainiko ditu orkestrak: Ramon Lazkano musikagileak klarinete eta orkestrarako sortutako Ortzi isilak obra; Gabriel Erkorekak ondutako Océano, eta Luis de Pabloren Frondoso misterio partitura. Shizuyo Oka klarinete jotzailea bakarlari ariko da Lazkanoren obra interpretatzen, eta Asier Polo biolontxelo jotzaileak, berriz, De Pabloren lanean parte hartuko du bakarlari gisa.
Bigarren kontzertuan, 2012an sortutako Tesela proiektua aurkeztuko du EOSek. Orkestraren 30. urteurrena ospatzeko sortu zen konposizio proiektua, eta hura osatzen duten zortzi obrak estreinakoz interpretatuko ditu orkestrak. Oreka TX taldeko kideek parte hartuko dute bigarren kontzertu horretan.