Aida amaitu, eta aski izan zuela erabaki zuen Giuseppe Verdi konpositoreak. Bukatutzat eman zuen bere obra. Konpositorea William Shakespeare idazlearen lanen zalea zela jakinda, ordea, amu bat jaurti nahi izan zion bere lanen sustatzaileak, eta hala erein zion, afaloste batean, idazle ingelesaren antzezlanetako bat oinarri izango zuen opera bat sortzeko ideia. Eta, azkenean, Arrigo Boitok libretogile hartuta eta azken-azken ordura arte estreinaldia bertan behera uzteko eskubidearen babesean osatu zuen konpositoreak Otello entzutetsua. 1887an taularatu zuten lehenengoz opera hori, Milango La Scala antzokian, eta sortzailearen konposiziorik onenen artean dute geroztik adituek. Indar betez hasi, eta ñabarduraz eta detaile zainduz betetako zeharkaldia aurkezten du obrak bekaizkeriaren, arrazakeriaren eta mendekuaren lokatzetan. Eta, hain zuzen ere, klasiko horrekin amaituko du OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak aurtengo denboraldia. Gaur egingo dute lehen emanaldia, 19:00etan, Bilboko Euskalduna jauregian, eta ETB2 telebista katean ere emango dute zuzenean. Gainera, beste hiru saio ere egingo dituzte: maiatzaren 20an, 23an eta 26an izango dira, 19:30ean hasita.
Orkestrarena izango da nobedade nagusia: hasieran, emanaldiak Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egitekoak ziren, baina OLBEko zuzendaritzak Kieveko orkestrarengana jo du azkenean. BOSeko lan gatazkak aipatu ditu zuzendaritzak aldaketarako arrazoitzat. Azaldu dutenez, elkartea kinka larrian geratuko litzateke antolatutako emanaldiren bat bertan behera utziz gero, eta, lan hitzarmena negoziatzen jarraitzen dutenez, BOSeko langileek grebara deituko duten beldurrez hartu dute erabakia. Baina, onartu dutenez, ez zaie erraza izan ordezkoa topatzea. Zehaztu dutenez, beste 53 orkestraren ezezkoa jaso ondoren itxi dute tratua Kieveko orkestrarekin.
Errusiak Ukrainari eraso egin zionetik, Alemanian aterpe hartuta dago Kieveko orkestra, eta, 2022an, bira bat abiatu zuten herrialde hartan bertan, arazo ekonomikoei aurre egin eta desegitea eragozteko. Edonola ere, OLBEko zuzendaritzak ziurtatu du Otello «baldintzarik onenetan» taularatu ahalko dutela orkestraren parte hartzearekin. Aldaketak kostuak eragingo dituela ere onartu du OLBEk, baina, haien hitzetan, BOSi dagokio horiek ordaintzea. Juan Carlos Mellanes OLBEko lehendakariak azaldutakoaren arabera, Bilboko Orkestrako zuzendaritza izan zen sinatuta zeukaten kontratua desegin zuena. «Egoera honetan, gu biktimak gara, ez erantzuleak».
Francesco Ivan Ciampa zuzendariaren esanetara arituko dira orkestrako musikariak, eta lehen mailako ahotsak izango dira OLBEren ekoizpenean. Jorge de Leon tenor espainiarrak, Ermonela Jaho soprano albaniarrak eta Claudio Sgura baritono italiarrak jokatuko dituzte pertsonaia nagusien rolak. Musika lirikoko gizonezko onenaren Talia saria jaso zuen 2023an De Leonek, eta hark izango du Otellorena egiteko ardura. Jahok emakumezko interpreterik onenaren Oper saria jaso zuen iaz, eta Desdemonaren rola jokatuko du. Eta, azkenik, Sgura izango da emanaldietan Otelloren jelosia piztu eta haren gainbehera sustatuko duen Jago maltzurrarena egingo duena.
Verdiren lanak abeslarientzako duen zailtasuna nabarmentzen dute adituek, baina, era berean, hiru interpreteek izango dute euren gaitasuna erakusteko aukera ere. Ezagunak dira, esaterako, hala Esultate! izenez ezagutzen den Otelloren pasartea, nola Desdemonaren Sahatsaren kantua ere. Bai eta Jagoren indarrez betetako Credo izeneko pasartea ere, zeinetan pertsonaiak argi uzten baitu zer jarrera duen bizitzari dagokionez. «Jainko krudel batean sinisten dut/ zeinak amorruz izendatu eta sortu baininduen haren itxurara».

Mikeldi Atxalandabaso tenor bizkaitarrak ere parte hartuko du operan, bai eta Anna Tobella mezzosopranoak, Vicenc Esteve tenorrak, Fernando Latorre baxuak eta Jose Manuel Diaz baritonoak ere. Haiekin batera izango dira oholtzan Bilboko Opera Korua eta Bilboko Koral Elkarteko haurren korua ere.
2015eko bertsioan
Aurrez ere oholtzaratu izan du Verdiren obra OLBEk. Eta, hain justu, 2015ean Bilborako prestatutako ekoizpena izango du oinarri egunotan emango dutenak ere. Ignacio Garcia aritu zen eszena zuzendari orduko hartan, eta hark hartu du ardura hori oraingoan ere. Esan du aldaketa txiki batzuk baino ez direla egongo, eta, ordukoa bezala, proposamen «klasikoa» eta «soila» izango dela oraingoa ere.
«Uko egiten diogu amaiera erromantizatzeari, genero bortizkeria baitago tartean. Gu biktimen alde gaude»IGNACIO GARCIAEszena zuzendaria
Operako andrazko pertsonaiak duen garrantzia ere azpimarratu du Garciak. Izan ere, haren hitzetan, ia-ia Otellok bezainbesteko garrantzia du Desdemona pertsonaiak Verdiren obran. Opera sortu zen garaian nagusi ziren sinesmenen isla da emakumezko hori. Maitasuna, fideltasuna eta purutasuna gorpuzten ditu pertsonaia horrek, baina, jelosiak itsuturik, senarrak ito egiten du amaieran. Eta eszena hori aurkezteari buruz aritu da Garcia operaren aurkezpen prentsaurrekoan. «Uko egiten diogu amaiera erromantizatzeari, genero bortizkeria baitago tartean. Gu biktimen alde gaude».
2015ean aritutako lantalde ia berak parte hartuko du alor teknikoan ere. Gabriel Moreschik egin du eszenografia oraingoan ere, eta Albert Faura arduratu da argiztapenaz. Gabriela Salaberrirenak dira jantziak.
Opera emanaldiez gainera, doako hitzaldi eta topaketa ziklo bat ere antolatu du OLBEk egunotarako.