Ekoizpena: Parmako Teatro Regio eta Genovako Carlo Felice Fundazioa. Musika zuzendaria: Renato Palumbo. Eszena zuzendaria: Marco Capuana. Abeslariak: B. Ribero, S. Dalla Benetta, K. Lewis, L. Salsi. Orkestra: Parmako Teatro Regio. Lekua: Euskalduna jauregia (Bilbo). Eguna: azaroak 13.
Jesus Mari Begoña
Bilboko operazaleek atseginez hartu dute OLBEk arrisku handiz eskainitako Verdiren gaztaroko lana, ekonomia eta enpresarien premietara mugatua zegoenean sortutakoa. Kontuan harturik, gainera, aurretiaz kontratatuak zeuden puntako bi abeslarik huts egin zutela... Hori eta gutxitan eszenaratua izan zela jakinda, benetako desafioa izan da Opera Elkartekoentzat aurrera egitea programazioarekin. Orkestrak eta abeslariek -Parmatik beharturik ekarrita- ondo egin zuten beren lana, baina ez dakigu nolakoa izango zen Verdiren ez bestelako lan batean gertatu izango balitz, hots, XX. mendeko beste opera batean, adibidez. Izan ere, Parmatik ekarritako eszenaratzea, gure iritziz, eskasa izan da. Lehen ekitaldian itsas lapurren ontzi gaina nahikoa izan bada ere istorioari bidea emateko, haremaren eszenarako ez zuen balio, ezta kartzelako eszenan jarritako itsutez (ontziaren sokak) beteriko basoa ere. Larregi izan da agertokia ia hustea eta Verdiren musikaren pentsura uztea operaren erantzukizun osoa.
Baina onartu beharra dago bakarlarien, abesbatzaren, zuzendariaren eta orkestraren on egitea. Ribeiro tenor gazte portugaldarra oso txalotua izan zen Corradoren rolean, bere ahots liriko-spintoarekin entrega eta kalitatea adierazi zuelako. Dalle Benetta soprano spintoak ahots indartsua atera zuen Gulnara tiranoaren hiltzailearen rolean, oso ziur, esaterako Ah, fuggiani eta Gueri tiranno zatietan. Ahots lirikoagoa eta delikatuagoa haizatu zuen Lewis sopranoak, Medora emakume pasibo eta protagonistaren bikotearena eginez: txalotuak izan ziren haren ariak eta sotto voce eta mezzo voceetan eginikoak. Salsi baritonoari egokitu zitzaion Seid gaiztoaren kantaldia. Ahots uniformea eta afinatua igorri zuen, grina gutxi agertu arren. Bestelako abeslariek, Zapaterrek, Nuñezek eta Meladzek egoki osatu zituzten haien rol txikiagoak.
Verdirenganako maitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu