«Nire arimaren parte da autoritateari eta gizarteak zugandik espero duenari mespretxua adieraztea». Viagra Boys Suediako taldearen abeslari eta arima da Sebastian Murphy (Kalifornia, AEB, 1990), eta, haren abestiek lehen kolpean kaotikoak eta zentzugabeak badirudite ere, sakonean egungo gizarte modernoaren absurdoari zuzendutako kritika zorrotza dira. Horixe da, azken finean, Viagra Boys: estetika gordina eta jarrera lotsagabeak lagun, ironia, probokazioa, satira soziala, autokritika eta umorea maisuki uztartzen dituen post-punk eszenako taldea.
Izenetik hasita da garratza Viagra Boys: gizon askori berriz erekzioak izaten lagundu dien pilula urdin famatuaren izena hartu, eta maskulinitate toxikoari buruzko satira bat da. Sebastian Murphy (abeslaria), Linus Hillborg (gitarra), Elias Jungqvist (teklatuak), Henrik Höckert (baxua), Tor Sjödén (bateria) eta Oskar Carls (saxofoia) musikariek osatzen dute taldea. Stockholmen sortu zuten, 2015ean.
Suediako hainbat taldetan aritu ondoren, punk modernoaren zorroztasunari ironiaz erantzuteko eratu zuten Viagra Boys, eta lehen lana 2018an kaleratu: Street Worms. Hipermaskulinitatearen eta eskuin muturreko diskurtsoen aurkako kritika zorrotz eta gordina da diskoa — Sports edo Just Like You bezalako abestiek, esaterako, gaur egungo gizonak barregarri uzten dituzte—. Lan horrek kritika onak jaso zituen, eta 2019an Independent Music Companies Association (IMPALA) sarietan urteko diskorik onena izendatu zuten.
Ondoren etorri ziren Welfare Jazz (2021) eta Cave World (2022) lanak, eta taldearen ospea eta arrakasta handitu zuten. Welfare Jazz diskoan, country eta jazz ukituak gehitu zituzten, eta, besteak beste, Amyl and the Sniffers talde australiarraren abeslari Amy Taylorrekin kolaboratu zuten.
Cave World lanean, berriz, COVID-19aren pandemiaren inguruan sortutako konspirazio teoriak eta narratiba negazionistak izan zituzten jomugan. Gizarte modernoaren norabidearekin «etsita» zegoela adierazi zuen orduan Murphyk: «Jendeak beherantz begiratzen die tximinoei bizimodu primitibo gisa, baina gu gizarte zatar eta ahul bat gara, elkar hiltzen duena eta gerrak hasten dituena; haiek, berriz, maitatzeko eta sentitzeko gai dira. Nortzuk dira tximinoak, beraz? Haiek ala gu?».
Ironia eta zintzotasuna
Aurtengo apirilaren 25ean eman zuten argitara laugarren lana: Viagr Aboys. Shrimptech Enterprises zigilu propioarekin kaleratu dute, Pelle Gunnerfeldt ekoizlearekin elkarlanean. Taldearen ibilbidean mugarri bat ezartzen du estudioko lan berriak, aurreko diskoetan baino ikuspegi pertsonalagoa eta introspektiboagoa duelako, betiere taldeak bereizgarri dituen kaosa, satira eta kritika zorrotzak albo batera utzi gabe. Murphyk adierazi duenez, aurreko diskoen diskurtso politikoekin nekatuta zegoen taldea, eta oraingoan ikuspegi «sinpleagoa eta zintzoagoa» bilatu dute: «Disko hau sinplea eta ergela da, nire izaera islatzen duelako».
Ironia eta zintzotasuna nahasten ditu disko berriak, bizitza modernoan aski sustraituak diren maskulinitate bortitzari, kontsumismoari eta alienazioari kritika eginez; adibidez, hipergizontasuna eta eskuin muturraren teoria konspiratiboak barregarri uzten dituzte zenbait abestitan, eta gaur egungo bizitzaren kontraesanak eta itxurakeriak zorrotz aztertu beste batzuetan.
Man Made of Meat abestiak irekitzen du diskoa: eskulan merkearen industriaren esplotazioa du ardatz, eta, aldi berean, Murphyren existentzia arazoak eta bere buruarekiko gorrotoa bistaratzen du —abeslariak bere burua «haragi zorro» gisa deskribatzen du, bere absurdotasuna eta gizatasuna aztertuz—. The Bog Body bigarren kantak gizakien gainbehera du hizpide, baita beldurraren, zahartzaroaren, hilkortasunaren eta denboraren poderioz edertasuna galtzearen aurrean dituen jarrerak ere. Uno II, berriz, hortzetako arazoak dituen txakur galgo baten ikuspegitik idatzita dago —Murphyren txakurra da—.
Ongizatearen kulturaren parodia bat da Pyramid of Health, eta agerian uzten ditu nork bere buruaren mugak gainditzeko promesa faltsuek, komertzializatutako bidaia espiritualek eta sufrimendu kronikoari zentzua aurkitzeak sortzen duten etsipena. Kritika bortitza egiten die osasunaren sektei, maila anitzetako iruzurren eta salbazioa agintzen duten xamanei.
Dirty Boyz abestiak, bestalde, beldurrezko ereserki funk kaotiko baten traza dauka, eta gizartearen bazterretan bizi direnak ditu gogoan, zubipean metanfetamina erre eta gasolina destilatzen duten pertsonak bereziki aipatuta.
River King abestiak, berriz, eguneroko uneak idealizatzen ditu, eta bideojokoak, eramateko janaria, ustekabeko maitasuna eta beste esperientzia xume batzuk esanguratsu eta handi bilakatzen.
Post-punk doinuetan bilakaera argia erakusten du lan berriak. Kanta batzuetan grunge eta punk doinuak uztartzen ditu, L7 edo Nirvana taldeak gogoraraziz, eta beste batzuetan, berriz, 1990eko hamarkadako Beck musikariaren estiloari jarraitzen dio, sintetizadore eta haize instrumentuekin lagunduta.
Diskoa aurkezteko mundu birari ekin dio taldeak. Zuzenekoak kaotikoak, probokatzaileak eta energiaz beterikoak izaten dira, Murphy trebea baita gai sakon eta ilunak dantzagarri bilakatzen. Haatik, probokazioa ez du helburu gisa erabiltzen, dena ezbaian jartzeko tresna gisa baizik: «Ez dut nahi jendeak gure mezuak zuzenean barneratzea. Gure lana ez da erantzunak ematea, baizik eta geure burua zalantzan jartzea».