«Diskoa aitzakia bat da hemen gaudela gogorarazteko». Berrogei urte inguru daramatza Victor de Diego saxofoi jotzaileak (Bilbo, 1964) jazzaren munduan murgilduta. Jaio zen hirian bertan hasi zuen ibilbidea; kontserbatorioko ikasketak egin ondoren, zenbait taldetan aritu zen jotzen. Aukera berrien bila, Bartzelonara joan zen 1988an, eta bertan dihardu geroztik; hango eszenatokietan musikari ezaguna da jada. Urte hauetan guztietan ez dio lan egiteari utzi, eta makina bat disko kaleratu ditu. Eta honako hau du zerrendako berriena: Haize berriak (Gaztelupeko Hotsak). Aurten eman du, eta bere zortzigarren diskoa da. Beste hiru musikarirekin aritu da bilbotarra: Roger Mas pianoan, Giuseppe Campisi kontrabaxuan eta Andreu Pitarch baterian.
Disko bat kaleratu berri du De Diegok, baina hori bere lanaren kausa bat bakarrik izan dela adierazi du: «Bidean egin dudan zerbait da. Ez dut diskoa ateratzeko helburuarekin egin, kontzertuetan zerbait berria eskaintzeko baizik». Zuzenean jotzea maite du musikariak; hori da haren jardunaren motorra. Kantu propioak jotzeaz zain, beste musikari batzuenak interpretatzea du gustukoen; bere «ikuspuntutik» lantzea. «Niretzat garrantzitsuena ez da zer, zelan baino». Abestiak nola joko dituen deskubritzeko bide horretan ez zaio axola abesti horiek bereak diren, edo beste batzuenak.Â
Hain zuzen, Haize berriak-en ildo horri jarraitu dio: lau kantu ditu bereak, eta beste lau beste musikari batzuenak. Berak sortutakoen artean dago, esaterako, El tigre de Rekalde, eta, hain zuzen, abesti horrek zabaltzen du diskoa. Zazpi minutu pasatxoko piezak musikariaren aitari egiten dio omenaldia. Eta ez da De Diegok bere familiari egiten dion erreferentzia bakarra. Diskoko hurrengo kantua (Amatxu) amari eskaini dio. Doinu leun eta malenkoniatsuagoa du horrek, El tigre de Rekalde-rekin alderatuta. Duela bi urte hil zitzaion ama De Diegori, eta hortik kantua berari egiteko nahia.
Sabiñe izeneko kantua bere bilobari eskaini dio —izen hori du—. Beretzat bereziak diren pertsonak ez ezik, musikariarentzat aipagarria den leku bat ere sartu du diskoan: Colserolla —Bartzelonan dagoen mendi bat da—. «Bilbon Pagasarri dugu; ba, Bartzelonan Colserolla. Askotan joaten naiz bertara bizikletan ibiltzera; buruko zama arintzeko balio dit». Diskoko zazpigarren abestia da hori.
Konponketa dibertigarriak
De Diego: «Musikari gisa, gehiago jo ditut beste musikari batzuen abestiak, nireak baino». Halaber, «dibertigarriagoa» zaiola aitortu du. Konponketak egin zalea da, eta makina bat kantu ditu prest. John Coltraneren Syeeda's Song Flute da diskoan sartu duenetako bat —1960koa da—. Oscar Hammersteinek eta Jerome Kernek 1939an kaleratutako abestia da, izatez, All the Things we are. Musikariak aipatu du jazzaren munduan «mila modu desberdinetan» interpretatu dela kantu hori, eta berak beste modu bat proposatu nahi izan duela.
Diskoko azken kantua Ara nun diran da, Jose Maria Iparragirreren abestiaren moldaketa. Egilearen hitzetan, abesti horrek esanahi berezia du Haize berriak-en: «Nire amak abesten zigun nire anai-arrebei eta niri, txikiak ginenean».Â
«Musikariak aldatzea gustatzen zaigu, horrek jotzeko era hobetzen laguntzen digulako. Nik beti pentsatu izan dut beste musikari batzuekin joz ikasten dudala gehien»
VICTOR DE DIEGO Musikaria
Diskoa grabatu baino lehen, kantuak zenbait musikarirekin «probatzen» aritu da saxofoi jotzailea. Jazzaren munduan praktika arrunta dela gaineratu du; taldeetako kideak aldatuz joaten baitira normalean, musikaren kalitatea hobetze aldera. «Aldatzea gustatzen zaigu, horrek jotzeko era hobetzen laguntzen digulako. Nik beti pentsatu izan dut beste musikari batzuekin joz ikasten dudala gehien». De Diegoren ustez, Bartzelona leku aproposa da musikari onekin topo egiteko —«horregatik etorri nintzen»—. Gainera, urteen poderioz, geroz eta musikari hobeak daudela gaineratu du; horietako asko, gazteak.
Haize berriak kaleratu zenetik, musikariak Bartzelonan eman ditu aurkezpen kontzertuak, eta espero du laster Euskal Herrian bakarren bat ere ematea. Otsail partean Bilbon eta Donostian izan zen, baina diskoa atera gabe zegoen oraindik, eta, kanturen bat edo beste jo zuen taldearekin, baina, musikariak argitu duenez, ez zen aurkezpen kontzertu bat izan.
Bere proiektuari denbora eskaintzeaz gain, beste kontu batzuetan ere aritzen da musikaria Bartzelonan; beste talde batzuetan jotzen, esaterako.
Jazzak zabalkunde gehiago behar duela uste du De Diegok. Bere ibilbidean, ikusi du zenbat jende erakartzen duen genero horrek, eta adierazi du ez dela beste batzuen mailara iristen. Estilo desberdinetako musika ezagutzea ontzat jotzen du, eta, horregatik, jendea jazz musika entzutera animatu du. Kontatu duenez, behin baino gehiagotan eraman izan du inguruko jendea kontzertuetara, eta ikusi du oso gustura atera direla emanaldiotatik. Dioenez, halakorik ere esan izan diote halakoetan: «Ez nekien hainbeste disfrutatuko nuenik». De Diego: «Pena da, ze jendea jazz kontzertuetara joango balitz, ziur naiz gustatuko litzaiekeela».