Diskoteketako pistetan belaunaldi osoak dantzan jarri zituen poliziak betiko utzi du agertokia. Victor Willis hil da, Village People taldearen sortzailea, abeslari nagusia eta bandaren arrakastarik handieneko abestien egileetakoa, 74 urte zituela. Taldeak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, ekainaren 30ean zendu zen, 75 urte bete baino egun bat lehenago, «gaixotasun labur baina gogor baten ondorioz».
1951n jaio zen, Texasen (AEB). Antzerkirako zaletasuna izan zuen gaztetatik, eta New Yorkera joan zen aktore izateko asmoz. Broadwayko hainbat ekoizpenetan parte hartu zuen, baina 1970eko hamarkadaren amaieran iritsi zitzaion nazioarteko ospea. Jacques Morali ekoizle frantziarrak eta Henri Belolo enpresariak sortutako Village People taldearekin bat egin zuen, disco musikaren gorakada betean.
Taldea berehala bihurtu zen garai hartako fenomeno kultural. Kide bakoitzak gizonezko estereotipo bat irudikatzen zuen —polizia, marinela, cowboya, langilea, motorzalea edo indigena—, eta hala estetika ikusgarri horrek hala dantzarako egindako kantuek arrakasta ekarri zieten mundu zabalean. Willisek poliziaren eta itsas armadako ofizialaren pertsonaiak antzezten zituen, eta taldearen ahots bereizgarriena izan zen.
Mugarri izandako hainbat abesti
Willisen ekarpena, ordea, ez zegokion soilik irudiari. Morali eta Belolorekin batera idatzi zituen YMCA, Go West eta In the Navy kantuak, disco musikaren historiako arrakastarik handienetako batzuk, alegia. Bereziki YMCA-k lortu zuen arrakasta komertzial itzela: kirol ekitaldietan, ospakizunetan eta festa herrikoietan etengabe entzuten da abestia, baita gaur egun ere, eta pop kulturaren parte bilakatu da.
Village Peoplek hasieratik izan zuen lotura estua LGTBI komunitatearekin. Taldearen irudiari, camp estetikari eta hitzei kutsu queerra hartu zitzaien askotan, eta gay kulturaren ikur bihurtu ziren disco aroan. Hala ere, Willisek urteetan eutsi zion YMCA-k halako esanahirik ez zuelako ideiari, eta gazteentzako ostatu eta aisialdi zentro bati buruzko kanta hutsa zela adierazi.
1980an taldea utzi, eta egile eskubideen inguruko auzietan murgilduta ibili zen urte luzez. AEBetako legedian egindako aldaketa bati esker, bere kantuen gaineko eskubideak berreskuratzeko aukera izan zuen; garaipen garrantzitsua izan zuen hura. 2017an, Village Peoplera itzuli zen, eta harrezkero ere aritu zen kontzertuak ematen eta birak egiten.
Azken urteetan, ordea, haren jarrera politikoak ere izan du oihartzuna. Donald Trumpen alde agertu zen jendaurrean, eta AEBetako presidentearen kanpainan behin eta berriz erabili zuten YMCA mitinetarako. Hasieran hala erabiltzea gaitzetsi bazuen ere, geroago horretarako baimena eman zuen Willisek, eta, 2025eko urtarrilean, Trumpen kargu hartzearen bezperako ekitaldian kantatu zuen, Village People taldearekin batera. Erabaki hark eztabaida piztu zuen, askoren ustez ez baitzetorren bat taldearen irudi historikoarekin eta LGTBI komunitatean izan duen esanahiarekin.