Haizea Barcenilla
BEGIZ

Voxen kultur politikak

2024ko martxoaren 12a
05:00
Entzun

Estatuko alderdi guztien artean, Vox da kultur politika argienak dituena. Izan ere, deigarria izan da boterera iritsi bezain laster kultur erantzukizunak eskatu dituela. Nekazaritza soilik jarri du aurretik, sektore horren onespena argiki bilatuta. Kulturan, berriz, ez du kulturgileen enpatiarik nahi: gogoratu Gaztela-Leongo Gallardok Goya sariak banatu aurreko egunean zinemari botatako irainak. Zergatik bilatu kulturaren kontrola orduan?

Tristea da, baina alderdi guztien artean, Vox da hoberen ulertzen duena kultura identitatea eraikitzeko zein kritikotasuna lantzeko tresna izugarri indartsua dela. Hortaz, toreroak eta hispaniar filologo zaharkituak izendatu ditu buru kultur eskumena duen leku orotan, identitate zehatz bat bultzatzeko (espainol estereotipatu hertsia, femeninotasuna eta maskulinotasuna zehatz banatzen dituena, homofoboa, arrazista…) zein honetatik kanpo garatzen den kritikotasuna deuseztatzeko. 

PPk laster ulertu du jokaldia, eta norabide berari ekin dio: Madrilen zein Andaluzian ezkertiar kutsua zuten arte-zuzendariak kentzen hasi da bilduma pribatuetako jabeei zentro publikoen kudeaketa emateko, lehiaketa publikorik gabe (Sevillako CAC da horren eredu). Ziur nago ez dela asko falta eduki feminista, antirrazista eta dekoloniala duen edozer debekatzen hasteko. Ezkerreko alderdiei gehiago kostatu zaie estrategia ikustea: pentsa, PSOEk Iceta kultur ministro izendatu zuen. Sumar azkarrago ibili da Voxen deriba toreroa ikusi ondoren, eta museoen dekolonializazioaren berria bota du. Hala eta guztiz ere berandu doaz, neurri interesgarria den arren, neurri batek ez baitu kultur politika bat egiten. 

Bitartean, gurean, ez da sekula jakin zein den gure kultur politika. Horren adibiderik argiena, berriz ere, Urdaibaiko Guggenheim: oraindik ez diot inori entzun zein motatako arte adierazpenak emango diren bertan. Euskal artistak programatuko dira? Egile gazte edo kontsakratuak lehenetsiko dira? Eduki feminista eta dekolonialek garrantzia izango dute? Kultura gutxituetako egilerik egongo da? Ekoizpen propioak egingo dituzte edo New Yorketik ekarriko? Inork ez du esan eta inork ez du galdetu. 

Euskal Herrian uste omen dugu kultur politika museoak eraikitzea eta MTV galak ospatzea dela. Eta ez, horiek politika ekonomiko (kapitalistak) dira, turismo politikak, eraikuntza politikak, baina ez kultur politikak. Kultur politikak irudikatu nahi dugun gizartearen edukiei forma eta plataforma ematen dietenak dira. Voxek hain argi ikusteak beste alderdiak piztu beharko lituzke kultura ostalaritzaren eta eraikuntzaren mendetik ahalik eta azkarren ateratzera, Voxen toreroaren euskal bertsioa turismo-kudeatzaile edo eraikuntza enpresa-buru bat izan ez dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.