Donostiako 86. Musika Hamabostaldia

Wagnerren tetralogia ospetsuaren moldaketa gaur iluntzean, Kursaalean

Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, 'Eraztuna hitzik gabe' emanaldia interpretatuko du Espainiako Orkestra Nazionalak. David Afkhamek zuzenduko du 80 minutuko emanaldia.

David Afkham orkestra zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU
David Afkham orkestra zuzendaria. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko abuztuaren 22a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Musika Hamabostaldiaren Kursaal Auditorioa zikloak lan erdiak egin ditu jada. Gaur 20:00etan, Kursaalean, Espainiako Orkestra Nazionalak Richard Wagner konpositore entzutetsuaren sorkuntza ezagunenetariko bat emango du.

Tomas Vidal Musikeneko ikaslearen arabera, «Nibelungoaren eraztuna eskala handiko obra da». Lau opera epikoz osatutako ziklo bat da. Mende laurden bat baino gehiago —1848tik 1874ra— igaro zuen Richard Wagner konpositoreak obra hori konposatzen. Mota guztietako izaki mitologikoen arteko borrokak kontatzen ditu, Vidalen esanetan, «ikuspegi nazionalista nabarmenarekin».

Musikeneko ikasleak adierazi du musikagilearen asmoa oso anbiziotsua zela: «Musika eta libretoa, biak, idatzi zituen, eta haren asmoa Gesamtkunstwerk edo erabateko artelan bat sortzea zen, arte guztiak neurri monumental batean uztartuko zituena». Azaldu duenez, Wagnerrek lan horrekiko zuen obsesioa obraren edukitik harago zihoan: «Eszenatoki eta baldintza akustiko bereziak zituen antzoki baten eraikuntza sustatzera ere iritsi zen».

«[Wagnerren] asmoa Gesamtkunstwerk edo erabateko artelan bat sortzea zen, arte guztiak neurri monumental batean uztartuko zituena»

TOMAS VIDALMusikeneko ikaslea

Wagnerren «maisulan» hori antzezteko lau gau behar dira, jarraian, eta hamabost ordu inguru guztira. 1980ko hamarkadan, diskoetxe batek proposamena egin zion Lorin Maazeli Wagnerren lana konposizio sinfoniko bakar batera murrizteko. Lau gauko iraupena zuten lau drama epikoen pasarte esanguratsuenak hartu zituen, eta 80 minutuko emanaldi bilakatu. Vidalek azaldu duenez, konpositorearen maisulana eskuragarriago egin nahi zien entzuleei.

Maazelik egindako moldaketa hori da, hain zuzen ere, Espainiako Orkestra Nazionalak gaur iluntzean interpretatuko duena. Vidalen esanetan, Kursaaleko auditoriumean entzungo dena «plazer estetiko hutsa» izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.