Zuzendaria, gidoilaria, ekoizlea eta aktorea da Werner Herzog (Munich, Alemania, 1942). Sei hamarkadatik gora daramatza zinemagintzan, eta ibilbide profesional horren aitortza gisa jasoko du, hain zuzen ere, Donostiako 74. Zinemaldian banatuko dituzten Donostia sarietako bat. Inaugurazio galan eskuratuko du maskorra Herzogek, eta jarraian bere azken lana ikusi ahal izango da: Bucking Fastard (2026). Filma Veneziako hurrengo zinema jaialdian lehiatuko da.
Herzog zinema garaikidean «eragin handienetarikoa» duen figura bihurtu da, Zinemaldiko antolatzaileen aburuz. Bere ibilbide oparoan, zuzendariak laurogei lan inguruko «ezohiko» obra osatu du: obsesioa, egoera larriak eta giza naturaren kontraesanak agertzen ditu bere lanetan.
Baditu fikziozko obrak eta fikziozkoak ez direnak ere, baina guztietan agertzen dira muturreko ingurune eta indar kontrolagaitzak. Horiei guztiei aurre egin behar izaten diete haren pertsonaiek. Herzogek «gertakarien behaketa hutsa gainditzen duen zinema» defendatzen du; errealitatearen beste alderdi bat erakustea izaten du helburu, «sakonagoa eta poetikoagoa».
Urruneko haran batean
Munichen jaio zen arren, Bavariako (Alemania) mendietako haran batean hazi zen Herzog. 11 urte zituela izan zuen lehen aldiz zinemaren berri, eta 15 zituela hasi zen ikus-entzunezko proiektuak garatzen. Inork ez zituen proiektu haiek finantzatu nahi, ordea, eta irtenbide bila hasi zen: institutuko azken ikasturteetan, altzairu fabrika bateko gaueko txandan aritu zen soldatzaile gisa, eta lekuetara oinez joaten hasi zen garraioa erabili ordez. 19 urte zituela egin zuen bere lehen filma.
Pelikulez gain, zenbait prosa eta poesia liburu ere argitaratu ditu zuzendariak: tartean daude, esaterako, Vom Gehen im Eis (2009), Die Eroberung des Nutzlosen (2004), Das Dämmern der Welt (2021), Jeder fĂ¼r sich und Gott gegen alle. Erinnerungen (2022) eta Die Zukunft der Wahrheit (2024).
Baina, hori guztia aski ez, eta aktore gisa ere jardun du Herzogek. Jack Reacher eta The Mandalorian filmetan lan egin du, besteak beste, baita The Simpsons telesailean ere, gonbidatu gisa. Bayreuth hirian (Bavaria, Alemania) eta Milango (Italia) La Scala antzokian dozena bat operatako eszena zuzendaria ere izan da.
Arte munduan ere aritu da: New Yorkeko Whitney museorako eta Los Angeleseko Getty museorako Hearsay of the Soul instalazio artistikoa sortu zuen zuzendariak 2012. urtean.
Hezkuntzan, azkenik, Rogue Film School sortu zuen, munduko zinema eskola gehienetan irakatsi ohi denaren kontrapuntu gisa. Hauxe ageri da eskolaren webgunean: «Rogue zinema eskolak ez du zinemagintzarekin lotutako ezer teknikorik irakatsiko. Horretarako, eman izena zure herriko zinema eskolan».
Elkarren ispilu diren bi ahizpa
Herzogen azken lanak Bucking Fastard du izena. Bi ahizpa biki dira protagonistak, Jean eta Joan Holbrooke, eta bien arteko lotura oso estua da. Hain da estua, ezen aho batez hitz egiten duten, gizon bera maite duten eta amets berberak dituzten. Are gehiago, akats bera egiten dute aldi berean. «Ezin dugu mundua ahizpek ikusten duten moduan ikusi, baina bai, ordea, haien aurrean munduak nola erreakzionatzen duen», azaldu dute Zinemaldiaren antolatzaileek.
Filmak Rooney Mara, Kate Mara, Orlando Bloom eta Domhnall Gleeson ditu protagonista nagusi, eta Viktoria Eugenia antzokian ikusi ahal izango da, Donostia sarien emanaldian bertan. Sariak banatzeko ekitaldia, berriz, Kursaalen egingo da, emanaldiaren ondoren.