Nonbaitetik hasi behar, eta «euskara zein zaila den» nabarmenduz ekin dio Mariona Teres aktoreak Donostiako 74. Zinemaldiaren irekiera galari. Eta iruzkin horri jaramon egin gabe, baina euskaraz eman dio segida gaualdiko bigarren aurkezle Fariba Sheikhanek. Zinemaldiak hartzen duen dimentsioaz eta bere horretan dituen berezitasunez mintzatu da hura, Canneseko eta Veneziako jaialdien aldean: «filmaz harago, nonahi jarraitzen du zinemak, topaketetan, kalean, arotxo bat hartzen den bitartean, toki guztietan jarraitzen du zinemaldiak». Areago jo du Teresek, Donostian batetik bestera eraman zuen taxistarekin izandako ordu erdiko solasaldia gogoratuz: «Nik baino hobeto zekien egitaraua eta dena».
Donostiako Zinemaldian ohikoa den beste egoera bat ere ekarri dute gogora aurkezleek: «Bitxia egiten zait jendeak nola gordetzen duen ilara goizeko zortzietan. Emozionantea da jendeak film bat ikusteari eta kulturarekin konektatzeari ematen dion lehentasuna».
Baina dena ez da tonu jolastia eta pagotxaren nabarmentzea izan. Teknologiaren nagusitasunaren garaian, Heldu beharreko erronkak ekarri ditu hizpidera Sheikhanek, jarraian: «Mundua aldatzen ari da, eta zinema ere bai». Adimen artifizialak hartu duen indarrari jarri dio fokua: «Hura integratzen ikasi beharko da, egileak errespetatzeari eta sorkuntza librea babesteari utzi gabe». Eta aspalditik datorren beste erronka bati heldu dio gero, hain zuzen soldata arrakalari: «Zergatik eman behar zaie gizonezkoei baino ordain txikiagoa emakumeei? Hori ez dago ulertzerik».Berdintasunaren gaiari tiraka egin dio keinu datorren urtetik aurrera Zinemaldiko zuzendaria izango denari, Maialen Belokiri.
Erronkak eta arriskuak
Hain zuzen, erronkei aurre egiteak eman die bidea aurkezleei aurtengo Donostia sariez mintzatzeko: «Ezaugarri komuna dute aurtengo sarituek. Biek ala biek hartu dituzte arriskuak, kamera aurrean zein atzean. Eta erreferente bihurtu dira horregatik». Werner Herzog zinemagilea eta Naomi Whatts aktorea dira aurtengo Donostia sariaren jabeak. Irekiera galak, baina, bietako bati jarri dio garaikurra eskuetan, hain zuzen Herzogi, eta Orlando Bloom aktorea bitartekari dela egin du hori.
Herzogek «fikzioaren etadokumentalaren mugak hausteko», eta «pertsonaiak bueltarik gabeko egoerara eramateko» duen artea nabarmendu ditu Bloomek, besteak beste. «Batzuek filmak egiten dituzte, eta beste batzuek zinema beste modu batera erakusteko gaitasuna dute. Horietako bat da Herzog. Ez du amore ematen, ustekabeko lekuetara eramaten gaitu eta zinema abentura gisa pentsatzen du. Mundu osoko jendea harritzen eta inspiratzen du».
Eta zinemagile saritua oholtzan agertu denean heldu da gaualdiko perla. «Zuen aurrean nago, ez atzerritar bezala, lotura handia baitut Euskal Herriarekin, Agirre filma eginez geroztik. Euskalduna zen, eta gaztelako koroari aurre egin zion lehena izan zen». Euskaldunek eragiten dioten zirraraz mintzatu da gero, harpeetan egindako dokumental bat hizpidera ekarrita. «Zuen hizkuntzagatik zuen aurrean egoteagatik harro nago, indoeuroparrak baino lehenago iritsi zineten zuek izan zineten lehenak». Baina, zalantzarik gabe, euskal kulturaren alde esandako hitzak eta erakutsi duen ezagutzak markatu dute atzetik heldutako txalo zarta amaigabea: «Aldioro jarraitzen ditut bertsolarien lehiak, YouTuben. Ez dakit euskararik, baina poeta horiek elkarri erantzunez ikustea, jakin gabe zertan ari diren, txunditzen naute. Sentipena dut herri bat badagoela hor, eta komunitate horren parte naizela iruditzen zait, sari hau haien eskutik jasota».
Verde Pratok ipini dio musika gaualdiari, Zerua kantuarekin. Zinemaldiko sailen errepasoak, orain arteko Donostia sarien zerrendak, Jose Luis Rebordinos orain arteko zuzendariari egindako eskertzak, Sail ofizialeko epaimahaiaren aurkezpenak eta bestek osatu dutegaualdia.