Willie Colon tronboi jotzaile eta konpositorea hil da, 75 urtetan, New Yorkeko erietxe batean; haren familiak eman du heriotzaren berri. Saltsaren ikurretako bat izan zen, genero horretako artistarik nabarmenenetako bat. 32 disko grabatu zituen bere ibilbidean —Urrezko bederatzi Disko eta Platinozko bost eskuratu zituen—, eta sona handia lortu zuen interpretazio batzuekin, hala nola Idilio eta Gitana-rekin. Hector Lavoerekin eta Ruben Bladesekin aritu zen, besteak beste.
New Yorkeko Bronx auzoan jaio zen Colon, 1950ean, jatorri puertorricarreko familia batean. Hazi zen inguruak eraginda sortu zuen bere lehen kantua, Fuego en el barrio. Autodidakta izan zen, eta kaleko bizipenek beti izan zuten isla haren musikan. «Erritmoa nire sehaska kantua zen. Gauak musikaren erritmoa zuen; hainbesteraino, ezen zerbait gertatu ote zen galdetzen baikenuen kalean runba isiltzen zenean. Danborrak berriro jotzen hasten zirenean dena ongi zegoela esaten genuen, eta lasai egiten genuen lo», adierazi zuen behin auzoan emandako kontzertu batean.
16 urterekin hasi zuen musikako ibilbidea, Lavoerekin batera El Malo diskoa grabatu zuenean. Saltsaren munduko bikote nabarmenetako bat osatu zuten elkarrekin, eta 70eko hamarkadan 11 disko grabatu, zenbait lan arrakastatsu tartean: Calle Luna, Calle Sol, Che Che ColĂ© eta El dĂa de mi suerte, esaterako. «Auzoaren soinua» esan izan ziotena finkatu zuen harekin.
Beste hainbat artistarekin ere aritu zen, mundu osoan saltsa ezagun egiteko asmoz beti, hala nola Ruben Bladesekin eta Celia Cruzekin. Hain zuzen, Bladesekin aritu zen garaian jo zuen gailurra Colonek, hainbat adituren arabera. Inoizko gehien saldu den saltsa diskoa ondu zuten elkarrekin, Siembra (1978); Pedro Navaja, PlĂ¡stico eta Siembra kantuak biltzen zituena, hain zuzen.
Saltsa beste genero batzuekin ere nahastu zuen Colonek, eta bakarlari gisa zein bere bandan abeslari segitu zuen; Solo (1988) izan zuen garai hartako lanetako bat. Bost hamarkada egin zituen oholtzetan.