Bertsolaritza

Sei faborito, txapel bakarra

Larunbatean jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala, Gasteizko Principal antzokian. Xabier Ricok jantziko dio txapela irabazleari.

Arabako Bertsolari Txapelketako sei finalistak Xabier Ricorekin, gaur, Gasteizko Principal antzokian. RAUL BOGAJO/ FOKU
Arabako Bertsolari Txapelketako sei finalistak Xabier Ricorekin, gaur, Gasteizko Principal antzokian. RAUL BOGAJO / FOKU
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2024ko martxoaren 13a
18:05
Entzun

Azken txanpara iritsi da Arabako Bertsolari Txapelketa. Larunbat honetan jokatuko dute finala, Gasteizko Principal antzokian, 17:30ean hasita. Sei finalista arituko dira kantuan: sei bertsolari, sei bertsokera, edo Asier Otamendi (Urretxu, Gipuzkoa, 1971), Manex Agirre (Aramaio, 1982), Iñaki Viñaspre (Abetxuku, 1984), Paula Amilburu (Aramaio, 1994), Peru Abarrategi (Aramaio, 1997) eta Aroa Arrizubieta (Gasteiz, 2001). Ikuspuntu askotatik begiratu dakioke Arabako Bertsolari Txapelketako finalari, baina oraingoz argi dagoen bakarra da seiak igoko direla Principaleko oholtzara. Inor ez da faborito txapela janzteko, eta, beraz, jardundakoen eskarmentutik eta berrien freskotasunetik aterako da irabazlea. Txapela nork eskuratuko duen, saioak berak esango du.

Larunbatean jokatuko den finala aurkeztu du gaur Arabako Bertsozale Elkarteak, Gasteizen. Urtarrilaren hondarrean abiatu zen txapelketa, eta, denera, hemezortzi bertsolarik parte hartu dute: sailkapen fasea pasatu zutenek eta aurreko txapelketako finalistek. Sei sailkatu dira azken saiorako. Bertsolari batzuek badakite zer den txapela janztea; beste batzuk, aldiz, gogotsu daude hori beren larruan sentitzeko. Lau txapel dauzka Otamendik, bi Agirrek, eta bana Viñasprek eta Abarrategik. Amilburuk eta Arrizubietak, berriz, bigarren finala izango dute.

Finaleko lanetan hiru ofizio osatu beharko dituzte binaka: zortziko nagusian, hamarreko txikian eta seiko motzean. Bakarka, bina puntu erantzun beharko dituzte, eta bi bertsoz josi gai bat. Puntu gehien jasotzen duten bi bertsolariak pasatuko dira buruz burukora. Fase horretan, berriz, ofizio bat abestuko dute Iparragirre abila dela doinuan, eta, bakarka, hiru bertso kartzelan, nahi duten doinu eta neurrian.

Xabier Rico Iturriotzek jantziko dio txapela irabazleari. Arabako bertsolaritzan ibilbide oparoa du: 1984an Arabako lehen bertsolari txapelketan parte hartu zuen, eta, harrezkero, bertsolari, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile moduan aritu da. 2019ko kanporaketan kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. «Ez dago egin ez duen lanik», azpimarratu du Patxi Aizpurua Bertsozale Elkarteko ordezkariak. Egindako ibilbidea eskertu nahi dio elkarteak. 

Sarrerak Principal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira: sarreran, telefonoz edo antzokiko webgunean. Txapelketako saioek izandako arrakasta ikusirik, jendetza espero dute larunbatekoan. Dagoeneko 600 sarrera inguru saldu dituzte; finala «historikoa» izatea espero dute ikusle kopuruari dagokionez ere.

Ospatzeko motiboak

Txapelketa berezia izango da aurtengoa, bi arrazoirengatik. Batetik, tradizioari jarraikiz berriro egingo delako finala Principal antzokian. 2022an, hainbat arazo zirela medio, Europa biltzar etxean egin behar izan zuten finala, baina larunbat honetan bertsozaleek atzera ere sentitu ahal izango dute antzoki zaharreko ohiko berotasuna.

Bestetik, aurten berrogei urte beteko dira aurrenekoz egin zutela Arabako Bertsolari Txapelketa, eta bada ospatzeko motibo, Aizpuruaren esanetan. «Euskarak, apurka bada ere, aurrera egin du Araban, eta, horrekin batera, ezin bestela, bertsolaritzak». Gogoratu du euskara eta bertsolaritza elkarri eskua emanda ari direla bidea eraikitzen, eta, horren ondorioz, Arabako eskualde gehienetan bertsolari, gai jartzaile edota epaile trebatuak daudela: «Gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, eskualde gehienetan daude bertso eskolak, eta gaztetxo zein helduentzat ematen dira bertsogintza tailerrak. Araba osoan zehar egiten dira hainbat formatutako bertso saioak. Pausoz pauso eraikiz doa bidea».

Larunbateko finalari begira, antolatzaileek nabarmendu nahi dute bertso eskolek bertsogintzan eta euskalgintzan duten funtzioa, eta, hargatik, finaleko beste sariak banatzeko ardura horietako batzuen esku utziko dute.

«Adintsu» eta «gaztetxo»

Bi belaunaldi elkartuko ditu Principaleko oholtzan txapelketako finalak, eta hori aintzat hartzekoa da, Aizpuruaren hitzetan: «Gazteek eta ez hain gazteek elkarrekin jardutea garrantzitsua da denontzat, beharrezkoa. Denak aterako dira irabazle».

Finalistak aurkezteko orduan ere aipatu du batzuen eta besteen adinaren arteko aldea, «adintsuei» eta «gaztetxoei» erreferentzia eginez. Eta horri heldu diote finalistek ere hitza hartu dutenean. «Patxik [Aizpurua] esan dit adintsuena naizela, eta adintsua bada adina pilatzen duena, ni gaztetsua sentitzen naiz, gaztetasuna pilatu duena». Otamendik 33 urte daramatza bertsotan, eta 2008an jantzi zuen txapela azkenekoz. Aitortu du «pozik» dela bertsolari gazteekin oholtza partekatzeagatik, eta horrek ere «gaztetu» egiten duela. Espero du larunbateko finalean bertsoak udaberriko giroarekin batera «loratzea», eta saioa «desberdina» eta «disruptiboa» izatea.

«Pozik naiz bertsolari gazteekin oholtza partekatzeagatik, eta horrek ere gaztetu egiten nau. Saio ezberdina eta disruptiboa izatea nahiko nuke».ASIER OTAMENDI

Hogei urte luze igaro dira Agirre txapelketan parte hartzen hasi zela, eta bi aldiz eskuratu du txapela —2011n eta 2015ean—. Duela bi urteko finalean txapeldunorde izan zen, eta arantza kentzeko gogoz doa finalera. Ororen gainetik, baina, «gozatu» egin nahi duela aitortu du, baita gainerako bost finalistak «entzunez» gozatu ere. «Entzuteko eta gozatzeko kapaza baldin banaiz, horrek esan nahi du ni ere banabilela ongi, eta, hortaz, denok irabaziko dugu modu horretan». Hain justu, Bertsozale Elkartearen «apustu kolektiboaren» garrantzia azpimarratu, eta esan du finala norbanakoaren apustua baino gehiago talde apustua dela. Aurtengo txapelketak mugitu duen publikoa «gogotsu» ikusi du, eta bertso gose horrek finalean «eztanda» egitea espero du.

«Finalean entzuteko eta gozatzeko kapaza baldin banaiz, horrek esan nahi du ni ere banabilela ongi, eta, hortaz, denok irabaziko dugu modu horretan».MANEX AGIRRE

Finalista eta txapeldun izatea zer den ongi daki Viñasprek: 2004tik final guztietara iritsi da, eta 2019an txapela jantzi zuen. Gozatzearen garrantzia azpimarratu du hark ere, bertsolariek zein publikoak gozatzearen garrantzia, eta saio gogoangarria izatea espero du: «Argi daukat talde bezala saio on bat eskaini behar diogula etortzen den jendeari, eta gozarazi, eta guk ere gozatu behar dugula». Oholtzara igoko diren finalisten bertuteak ere goratu ditu: Otamendiren «eskarmentua»; Agirrek «egurra» emateko duen gaitasuna; Amilburuk txapelketari ematen dion «ukitu ezberdina»; gaztea izanagatik ere Arrizubietak duen «esperientzia handia»; eta Abarrategi, gaztea eta «txapelduna» delako.

«Argi daukat talde bezala saio on bat eskaini behar diogula etortzen den jendeari, gozatu dezaten saiatu behar dugula, eta guk ere gozatu behar dugula».IÑAKI VIÑASPRE

«Gazteen klubeko partaide» gisa mintzatu da Abarrategi, baina helburu kolektiboari erreparatuta. «Espero dut seikote hau final eder bat eskaintzeko kapaza izatea, publikoari zor diogulako, baina baita bidean geratu diren bertsolari guztiei ere». Abarrategi da egungo Arabako txapelduna, eta larunbatekoa hirugarren finala du. Ezin du ukatu «motibatua» dagoela eta honetan ere «gozatu» nahi duela, aurreko bietan egin zuen modura, eta bere asmoa dela, ahal duen neurrian, ingurukoak ere motibatzea: «Inoiz komentatu didate horretan nahikoa abila naizela». Egun «borobila» izatea nahiko luke, urduritasunak atzean utzi eta jai «polita» izatea.

«Espero dut seikote hau final eder bat eskaintzeko kapaza izatea, publikoari zor diogulako, baina baita bidean geratu diren bertsolari guztiei ere».PERU ABARRATEGI

Gazteenak, pauso sendoz

Seiren artean, gazteenetarikoak dira Amilburu eta Arrizubieta, eta biek ala biek gogoan izan dute lehen finaleko artegatasunak nola ozpindu zien saioa. Oroitzapen hori ezabatu, eta sosegatuago aritu nahi dute etzi. Bigarren finalera «beste aldarte batekin» joan nahi du Amilburuk: «Bertso eskolan disfrutatzen dudan adina disfrutatu nahiko nuke. Pozik nago, gertatzen dena gertatzen dela». Sendo ikusten du bere burua, eta uste du bigarren aldiz finaleko oholtza zapaltzea badela egindako lanaren «berrespen bat», berezko merituengatik iritsi delako dagoen tokira. 

«Beste aldarte batekin noa final honetara. Bertso eskolan disfrutatu dudan adina disfrutatu nahiko nuke. Pozik nago, gertatzen dena gertatzen dela».PAULA AMILBURUA

«Gaztetxoa izan nintzen aurreko finalean, baina orain ez dut komodin horrekin etorri nahi». Gazteena izatearen zama gainetik kendu nahi du Arrizubietak, eta bere buruari baimena eman oholtzara «ekarpen berriak» eramateko. Aurreko finalaren eskarmentuak balio izango dio horretarako: «Gaztea naiz, baina beste zerbaiten bila nator. Aurreko finalean urduritasunak guztiz jan ninduen, eta uste dut aurten hori aldatzeko aukera badela».

«Gaztea naiz, baina beste zerbaiten bila nator. Aurreko finalean urduritasunak guztiz jan ninduen, eta uste dut aurten hori aldatzeko aukera badela».AROA ARRIZUBIETA

Arrizubietak uste du bertsolari gazteek goratu dutela txapelketaren maila, eta horixe bera aldarrikatu nahi du larunbatean: «Gazteok gero eta indartsuago gatoz, eta nahiko nuke finala horren isla izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.