Baleak kantuen bidez komunikatzen dira elkarren artean, eta kantu horiek, normalean, 10 eta 39 hertz arteko frekuentzietan egoten dira. 1989. urteaz geroztik, ordea, bada ozeano barean frekuentzia altuagoan aditzen den kanturik; 52 hertzekoa da. Gainontzeko baleen entzumenaren mugetatik kanpo geratzen dira 52 hertzak, eta, beraz, balea horrek ez du besteekin komunikatzeko gaitasunik. Zientzialarien arabera, litekeena da balea hori gorra izatea jaiotzez, eta, hori dela eta, ez du jakin bere kantuak frekuentzia egokian emititzen. Fenomeno hori ezagun egin zenetik, balea hori balea bakarti izendatu dute hainbatek.
Balea horren metafora baliatu du Ados teatroak bere antzezlan berrirako: 52 hertz. Aukeratu gabeko bakardadeari buruzko lan bat da, hainbat istorio motzez osatua. Irailaren 27an egin zuten euskarazko bertsioaren aurrestreinaldia, Astigarragan (Gipuzkoa), eta bihar eta etzi Donostiako Antzoki Zaharrean taularatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri bakardadearen aurkako estrategiaren parte da proiektua.
Garbiñe Losadak eta Jose Antonio Vitoriak sortu dute testua, eta Amaia Irazabalek, Ainhoa Aierbek —Dorleta Urretabizkaiak ordezkatuko du saio batzuetan—, Joseba Apaolazak, Martxelo Rubiok eta Aitzol Iraolak gorpuztuko dituzte istorioetako pertsonaiak. Ados teatroak hainbat urte daramatza antzerkiaz haratago doazen gai sozialei heltzen; besteak beste, bazterkeria egoeran daudenekin lan egiten, desgaitasunen bat dutenei aukera bat ematen, antzerki amateurra lantzen... Horietako proiektu bat da Giza filmoteka. 2024an kaleratu zuten, eta, hartan, nahi gabeko bakardadean daudenen testigantzak bildu zituzten, bideo laburretan bilduta.
Pertsonaien bidaia
Testigantza horietatik tiraka, Vitoriak eta Losadak antzezlan bat sortzea pentsatu zuten, aktore profesionalekin. Mahai gainean jarri zuten aktoreetako bat Joseba Apaolaza izan zen. Vitoriak berak deitu zion ideiaren berri emateko, eta Apaolazak gogoan du segituan eman zuela baiezkoa: «Interesgarria iruditu zitzaidan horrelako proiektu batean parte hartzea, aldarrikapen kutsua baitu».
«Elkar ehuntzen» diren kontakizun laburrez osatuta dago 52 hertz. Bakartuta bizi den langile publikoa, kalean bizi den migrantea, zaharren egoitza batean sartzera behartu duten gizona, jendearekin etengabe hitz egiten saiatzen den emakumea, bizitzaren minez bizi ezin den neska gaztea... «Azken finean, bidaia bat egiten dugu. Pertsonaia desberdinak aurkezten ditugu, eta gero haien bilakaera ikusten dugu», azaldu du aktoreak. Haren esanetan, ez da erraza bakardadearen inguruan hitz egitea, eta antzezlanean esperantzari ere egin diote lekua: «Tragikomedia moduko bat da. Ez dugu drama ikaragarria egin nahi izan; txispa eta umorea ere atera dizkiogu».

Desberdinak dira pertsonaiak, eta bakardadea edozeinek jasan dezakeela erakutsi nahi izan dute hala egileek. Apaolazak esan du gaur egun gaiari aurre egiteko dauden erremintak azaltzen dituztela obra hasi aurretik, jendeak haien berri izan dezan. «Supermerkatuetan ordaintzeko kutxa motelak jarri dituzte hainbat lekutan, jendeak langilearekin hitz egiteko aukera izan dezan; bakardadearen ministerioak ere sortu dituzte... Gaia lantzen ari dela ikusten da».
Lasai lan egitea
Urtarrilaz geroztik ibili da talde osoa obra muntatzeko lanetan. Apaolaza eskertuta dago lan egiteko denbora izan dutelako, hori ez baita ohikoa sektorean: «Denbora garrantzitsua da proiektuak aurrera eramateko. Batzuetan ez da erraza izaten, denbora dirua da eta». 52 hertz-en, Vitoriak eta Losadak pixkanaka idatzi dute testua, besteak beste aktoreek inprobisatutako edo egindako ekarpenetatik egin baitute tira. Prozesuaren parte izan dira aurrestreinaldiak ere. Ekainean egin zuten gaztelaniazko bertsioaren estreinaldia, eta bertan izan zuten lehen hartu-emana publikoarekin. «Badaukat lagun bat nahiko zorrotza izaten dena, eta hari ere lan polita iruditu zitzaion», oroitu du aktoreak. Lantalde guztiarekin pozik da, bertako kide batzuk aspaldiko lagunak baititu. Javier Asinek antzerkirako musika sorkuntzan egindako lana goraipatu nahi izan du —«pertsonaien joan-etorri guztiak eta antzezlanaren narratiba bikain hornitzen ditu»—.
Biharko eta etziko emanaldiez gain, datorren urteko otsailera bitarte beste hainbat emanaldi dituzte programatuak, Euskal Herriko hainbat txokotan. Aktorearen ustez, beharrezkoa da jendeak gaur egun dituen arazoen inguruan hitz egitea, haien inguruan kontzienteago izateko.
hurrengo emanaldiak
- Urriak 15. Iruñea, antzerki eskola.
- Urriak 26. Galdakao (Bizkaia), Torrezabal kultur etxea.
- Azaroak 16. Hondarribia (Gipuzkoa), Itsas Etxea auditoriuma.
- Abenduak 12. Zumaia (Gipuzkoa), Aita Mari antzokia.
- Abenduak 19. Getxo (Bizkaia), Muxikebarri.
- 2026ko otsailak 22. Urnieta (Gipuzkoa), Sarobe kulturgunea.