Txikitatik izan du gustuko irakurtzea Josu Goikoetxeak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1974). «Liburuak gauza handia dira niretzat», kontatu du. Liburuak irakurtzea aski ez, eta halakoak idaztearekin ere egiten zuen amets. 2018an bete zuen lehenengoz ametsa, Ze luzea negu hau (Elkar) poema liburua kaleratu zuenean. Oraingoan, bada, bigarrenez, Lakioa (Elkar) ipuin liburua plazaratu baitu. Bederatzi ipuinez osatuta dago lana, eta iazko Joseba Jaka beka irabazita kaleratu du.
Lakioa esperimentu moduko bat izan da Goikoetxearentzat: ikusi nahi zuen gai ote zen prosa idazteko. Eta bere iraganari keinu txikiren bat ere egin izan dio liburuan, bertso munduari hain zuzen, gai jartzaile ibili baitzen 2018ra arte.
Ez da lehen aldia literatur lan bat kaleratzen duzuna. Lehen lana poesia arlokoa izan zen, eta orain narrazioa landu duzu, baina ipuin liburu bat osatuta. Zergatik, bada, ipuinak?
Prosarekin probatu nahi nuen, eta ez nekienez zer emaitza izan zezakeen, nahiago izan nuen pixkanaka hasi. Ipuinetarako pare bat ideia neuzkan, eta horiei ekin nien. Hasteko, jakiteko ea gai nintzen buruan nuen istorio bat garatzeko. Alde horretatik, luzera egokia dute ipuinek: entrenatzeko, probatzeko… Nobela batek zer-nolako diziplina, denbora eta dedikazioa eskatzen dituen ikusita, neure burua oraindik ez dut gai ikusten horrelako lan batean murgiltzeko.
Proba bat izan da, orduan.
Bai, hala da. Orain arte, poesia idatzi dut; prosan oso gauza txikiak idatzi ditut, aspaldi gainera. Poema bat, normalean, lehenengo bulkadan idazten duzu, eta ordu erdian egiten duzu zirriborroa. Gero, urteak egon zaitezke poema hori lantzen, kimatzen eta abar, halako batean aske uzten duzun arte. Baina prosak konstantzia handiagoa eskatzen du.
Proba ondo atera zen, 2024ko Joseba Jaka beka lortu baitzenuen hari esker. Ez al da hala?
Bai. Poesia liburua atera, eta esperientzia gustatu egin zitzaidan; liburuak harrera ona izan zuen, eta ildo horretatik jarraitu nahi izan nuen. Liburuko lehen ipuina, Hiltzailea, 2019koa da, eta beste bi urtean hiru ipuin besterik ez nuen idatzi. Ez neukan presarik. Gero, Walt Whitmanen antologia itzultzeko aukera izan nuen, eta eten bat egon zen. Garai hartan, hiru bat ipuin neuzkan, eta, Joseba Jaka bekarena irakurri, eta ipuin horien lagina bidali nuen. Beka eman zidaten, eta oso zorioneko sentitu nintzen. Urtebeteko epea neukan liburua osatzeko, eta serioski jarri nintzen lanean; egunero-egunero ipuinak buruan, pertsonaiak buruan…
«Pertsonaia guztiek badute momentu bat non krisi bat bizi duten: pertsonala, emozionala, baita klaseari dagokiona ere, edo familiakoa»
Nondik etorri zitzaizun lehen ipuina idazteko ideia?
Lehenengo ideia hori benetan gertatutako gertakari batetik dator —ez dut esango zein den protagonista—. Badakit pertsona hori damututa dagoela egindako ekintza horrengatik, eta zigorren bat behar zuela. Bestalde, garai hartan artikulu bat irakurri nuen dead girl story izeneko fenomenoaren inguruan. AEBetako kritikari batek idatzitako artikulua da, eta bertan aipatzen du bai literaturan, baita zineman ere, badagoela nolabaiteko fetitxe bat emakume gazteen heriotzekin. Normaltzat hartzen ditugu telesailetan, filmetan eta liburuetan, eta askotan normalizatu den emakumeenganako biolentzia bat dago. Eta gizonekin ez da horrenbestekoa. Horrek begiak ireki zizkidan, eta, ideia txertatu nahi nuenez, idazlearen figura asmatu nuen; nobela bat idatzi du, eta editore berri batek atzera bota dio.
Lehen hiru ipuinak patxadaz idatzi zenituela esan duzu, baina gainerako seiekin patxada bera izan al duzu?
Ez, ipuin bakoitzean buru-belarri sartzen nintzen, amaitu arte. Gero, hurrengoari ekiten nion. Liburuan dauden ordena berean idatzi nituen. Kuriosoa da, baina ikusi nuen egoki zeudela horrela, eta ondo zihoazela elkarren ondoan; beharbada, nik ere horrela sentitu nahi izan dudalako.
Nahiz eta ipuinak elkarren artean independenteak diren, denek bat egiten dute zerbaitetan: protagonistak nolabaiteko ataka batean daude. Zergatik hori?
Adinak zerikusia duela esango nuke. Adinarekin gorputza huts eginez joaten da, burua ere bai, harremanak ere konplexuagoak bihurtzen dira, iraganera begira jartzen zara… Pertsonaia guztiek badute momentu bat non krisi bat bizi duten: pertsonala, emozionala, baita klaseari dagokiona ere, edo familiakoa.
Liburuaren izenburuak, Lakioa, badu zerikusirik horrekin.
Hala da. Lakioak tranpa esan nahi du; hedaduraz, askatu ezin den lotura bat da. Askatu ez askatu horretan dago liburuaren muina; pertsonaia batzuek lortuko dute, eta espero dezagun beste batzuek halako batean lortzea.
«Nik idatzi dut idatzitakoa, eta hor amaitzen da nire lana. Hortik aurrerakoa, bai nire kasuan, baita irakurlearenean ere, ondoren zer gertatu litekeen imajinatzea da»
Ipuin batzuek amaiera itxia dute, baina beste batzuek irekita uzten dute bidea. Horixe lortu nahi zenuen?
Niri jada galdetu didate ea zer gertatzen den liburuko pertsonaia batzuekin, eta esan beharra daukat ez dakidala. Imajinatu dezaket, baina irakurleak beste dakit. Adibidez, Usainak ipuinean galdera batekin amaitzen da istorioa: «Zer egingo zenuke zuk?». Irakurlearentzako galdera bat ere bada hori. Nik idatzi dut idatzitakoa, eta hor amaitzen da nire lana. Hortik aurrerakoa, bai nire kasuan, baita irakurlearenean ere, ondoren zer gertatu litekeen imajinatzea da.
Askotariko formak erabili dituzu kontakizunak osatzeko. Bertsoak ere sartu dituzu Ardo gozoa, ardo garratza ipuinean.
Bertso horiek ez dira berriak: 2006an idatzi nituen. Jatorrizko bertsioa beste bat zen, baina bertsoak ia-ia berdinak ziren, eta Mutrikuko Okelar bertso eskolak antolatzen duen sariketara aurkeztu nituen. Bertsolari klasikoen bertso saio baten imitazio bat da. Estimatzen nituen bertso horiek, eta liburuan sartzeko aukera ikusten nuen. Hasiera eta bukaera aldatu nizkien, apur bat gaurkotzeko.
Bertso munduari oso lotuta egon zara hainbat urtez. Ipuin hori bertsolaritzari egindako keinu txiki bat izan da?
Bai, dena zor diot bertsolaritzari. Iragandako arlo hori liburuan egotea nahi nuen. Zera esatea bezala da: «Ez dut ukatzen aurretik egondakoa: hemen dago».
Bertsolaritzan gaiak asmatzen aritzen zinen, eta, orain, istorioak idazten dituzu. Bi lanek badute antzekotasunik.
Halaxe da. Sustrai Colina bertsolariarekin izan nintzen duela egun batzuk, eta hark galdera bera egin zidan. Egia da gai jartzaile izanda hainbat eta hainbat pertsonaia eta egoera asmatu ditudala, eta horri esker sortu direla ideiak. Pertsonaiak oihal baten atzetik bezala azaldu dira. Ideia bat izan dudanetan, batzuetan ez naiz pertsonaiarekin hasi; beharbada, esaldi batetik hasi naiz. Mika eta belea ipuinean, adibidez, antsietatea eta depresioa irudikatu nahi nituen. Bestalde, pertsona baten itxuraren azpian zer dagoen ere azaldu nahi nuen. Lehenengo, bi gai horiek lantzea bururatu zitzaidan, eta ondoren etorri zen pertsonaia.
Ipuinek geruza bat baino gehiago dituzte, beraz.
Ni saiatu naiz geruza horiek bilatzen, baina orain irakurleen esku dago horiek identifikatzea. Eskertuko nuke liburua gustura irakurri duenak berriro irakurtzea, pista batzuk jarri baititut bigarren irakurketan gauzak argiago izateko.
«Pertsonaia guztiak nigandik urruti daude, baina kaletik ikusten dudan jendea da, edo ezagutu dudana. Jendeari erreparatzea gustatzen zait, eta aztertzea. Askotan ez dakizu azaleko geruza horren atzean zer dagoen»
Bigarren irakurketan gauza berriak deskubritzearena apropos egindako zerbait da?
Ez beti. Mika eta belea ipuinean, bi txoriak euskara klasikoan hizketan jarri nituen; hiztegiak asko erabili nituen haien jarduna osatzeko. Kasu horretan, euskara klasiko horrek euskararen eta kulturaren galera erakusteko balio izan dit. Protagonistak aitonaren baserria eraisten du, txalet bat eraikitzeko. Oso azpiko geruza batean galera hori aipatu nahi nuen. Nola aldatu diren gauzak eta leku askotan nola galdu den hizkuntza. Batzuetan ez dakizu zenbateraino egin duzun nahita; idatzitakoa irakurri ondoren konturatzen zara.
Nolabait esanda, gaur egungo gizartean dauden dinamika batzuk azaldu dituzu, nahita izan ez bada ere.
Bai. Pertsonaia guztiak nigandik urruti daude, baina kaletik ikusten dudan jendea da, edo ezagutu dudana. Jendeari erreparatzea gustatzen zait, eta aztertzea. Askotan ez dakizu azaleko geruza horren atzean zer dagoen.
Lakioa aurkeztu zenuen egunean, zera esan zenuen: «Ez dakit zenbat denboraz idatzi ahal izango dudan; horregatik, ondo pasatu nahi dut, eta nahi dudana egin». Hala egin duzula iruditzen zaizu?
Erabat. Oso pozik nago. Neure burua behartu nahi nuen patxadaz idaztera, esaldi bakoitza ondo apaindu arte horretan jarraitzera. Ez dut ezer jarraian idatzi: lana astiro idatzitakoa da. Batzuetan ez atzera ez aurrera egon naiz, eta hori ere polita izan da. Ezin horretan, egunak eta egunak egoten zara buelta nola eman pentsatzen, eta halako batean iristen zaizu erantzuna. Ez zaude idazten, beharbada ohean zaude, lo egin ezinik, eta zerbait pasatzen zaizu burutik; eta hori zoragarria da. Listo, atera zara lakiotik; idazlea ere lakioetan egon daiteke eta.
Aurrera begira, baduzu beste zerbait kaleratzeko asmorik?
Uste dut baietz; posible bada, noski. Gustua hartu diot. Egia da exijentea dela, horretara egon behar duzula, eta gainerakoarekin apur bat despistatuta egoten zarela. Nik ez dut asko idatziko hemendik aurrera, ez dakit idazle etiketa ere izan dezakedan, baina egiten dudana ondo egin nahi nuke. Nire asmo bakarra da jendeak gustura irakurtzea. Ni saiatuko naiz gauzak interesgarri egiten, idazten, eta estiloan ere lanketa bat egiten. Ez dakit lortuko dudan edo ez, baina saiatuko naiz.