Ez dago amor. Ez dago maitasunik. Bakardadea da nagusi gaur egungo munduan, Paule Bilbao musikariaren ustez. «Oso presente dago gure egunerokoan, ez dago zaintzarik. Norbanakoak baditu behar batzuk; entzuna eta ikusia izateko premia, adibidez». Arima taldeko abeslaria da Bilbao, eta, egungo gizarteko zenbait errealitate azaleratzeko asmoz, Ez dago amor (Bonberenea, 2025) lan laburra kaleratu dute —sei abestiz osatuta dago—. Iazko azaroan plazaratu zuten, eta Durangoko Azokan jendearekin lehen hartu-emana izan ostean, bere bidea egiten ari da EPa. Streaming plataformetan dago lana, eta, formatu fisikoari dagokionez, biniloan kaleratu dute. Abeslariaren hitzetan, zehazki biniloan entzuteko egina dago lana. «Sorpresa txiki bat izango dute biniloan entzuten dutenek», gaineratu du.
Arimaren laugarren lana da, baina ez du zerikusirik gainerakoekin. Orain arte post rocka eta 90eko hamarkadako doinuak uztartzen zituen taldeak, eta bide berriak zabaltzeari ekin diote proiektu berrirako. Batez ere konposizioan, sonoritatean, testuretan eta kontzeptuetan daude desberdintasunak, Bilbaoren ustez. «Musika zinematografikoan gehiago sartu naizela esango nuke», azaldu du. Baina estiloa ez da aldatu den gauza bakarra, taldeak kide berriak baititu: Jon de la Fuente dabil orain baxuan —lehen Josu Gonzalez zebilen—, eta Asier Ardanza baterian —Gontzal Bilbao ordezkatu du—. Josu Palacios da gitarra jotzailea Ariman; lehendik ere bazebilen taldean.
«Konposizioan aritzeak aukera eman dit instrumentuak zehaztasun handiagoz konposatzeko eta nik bereziki joan nahi nuen lurralde horietara joateko»
PAULE BILBAO Musikaria
Bilbaok hartu du konposizioaren ardura guztia, hasi hitzetatik eta doinuetaraino. «Horrek aukera ematen dit instrumentuak zehaztasun handiagoz konposatzeko eta nik bereziki joan nahi nuen lurralde horietara joateko». Nahiz eta, dioenez, berak nahi zuen bidea hartzeko aukera izan duen, prozesu luze «eta batzuetan bakartia» izan dela aitortu du Arimako abeslariak. Konposizioa da haren lanik gustukoena, eta joko bat balitz bezala hartzen du: «Alde teoriko-musikala alde batera uzten dut, eta, ezjakintasunetik abiatuta, melodia desberdinak sortzen ditut».
«Disoziazioa», muinera iristeko
Lan labur bat den arren, album itxura eman nahi izan diote taldeko kideek. «Munduaren erradiografia bat bezala ulertu daiteke lana; munduak zer noranzko duen ulertzekoa», laburbildu du abeslariak. Intro gisa funtzionatzen duen abesti bat jarri dute zerrendaren lehen tokian, bai proiektuari bai eta kontzeptuari ere «osotasuna» emateko asmoz. Hegazkina da intro moduko abesti hori. Kantu bakoitzak munduan dagoen gatazka bati heltzen dio. Hegazkina kantuan, entzulea hegazkin batean irudikatu nahi izan du Bilbaok, «disoziazio gisa» gatazka horiei begiratzeko. Testura eta sample-ekin jolastu dute Arimakoek, ukitu hipnotikoa emateko helburuz.
«Pisua beldurra da/ berriz ni izatea», dio Ispilua kantako bertsoetako batek. Identitatearen aferari heldu nahi izan dio musikariak bertan. EPak aurrera egin ahala, instrumentuek presentzia handiagoa hartzen dute, Arimaren erroetara nolabait itzuliz; Isurkari abestian, esaterako. Eta, Jantzia-ren kasuan, zeharkako txirula entzun daiteke. Enrico Varagnolok jotzen du —Bilbaoren laguna da—. «Jantzia estutu egiten zait/ ta ez da nahikoa/ ta ez da nahikoa», entzun daiteke bertan. Bilbao: «Norbanakoak egiten duen konstruktu bati egiten dio erreferentzia. Batzuetan autoexijentzia izan daiteke, beste batzuetan errua, edo dena delakoa».
Zarata abestian entzun daiteke lanari izena ematen dion esaldia. Hain zuzen, hori esanda amaitzen da pixkanaka haziz doan kantua: «Ez dago inor/ ez dago amor». Aztarna-k biribiltzen du diskoa, eta modu berezi batean egitea pentsatu zuten taldeko kideek. Hegazkina —lehen abestia da— kantuko doinu bera erabili dute, instrumentuak eta letra aldatuta. Behin disko osoa entzundakoan hitzei interpretazio desberdin bat bilatzeko asmoz egin dutela azaldu du Bilbaok. «Hegazkina-ren aldean, instrumentuak oso desberdinak dira; harizko instrumentuak daude. Dimentsio desberdin bat da, diskoa modu biribilean ixteko».
«Etxean bezala»
Aurreko lanekin egin zuten moduan, Ez dago amor ere Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea estudioan grabatu zuten; iazko udaberrian, zehazki. Karlos Osinaga Txap-ek egin ditu ekoizpen lanak, eta proiektuari eman dion begiradaz hitz egin du abeslariak. Besteak beste, zeukan materialari emango zion formarekin ezin asmatu zebilenean haren laguntzak zenbateraino balio izan dion kontatu du. «Txapekin etxean bezala sentitzen gara. Arimaren soinuaren zati garrantzitsu bat da».
Diskoaren azaleko argazkia Anna Bresoli argazkilari kataluniarrak atera du. Bilbaok Berlingo azoka batean ezagutu zuen, iaz, eta haren lanak ezagutu orduko argi izan zuen: «Haren argazkiak ikustean pentsatu nuen: 'Hau Arima da'. Oso ondo islatzen du modu bisualean zein den Arimaren mundua, eta, bereziki, diskoarena».
Zuzenekoak prestatzeko entseatzen aritu ostean, iritsi da Arima oholtzetara igotzeko ordua. Lehen kontzertua bihar izango du, Bonberenean (Tolosa), hain zuzen. Ondoren, martxoaren 26an, Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltza aretoan arituko dira. Kataluniara salto ere egingo dute apirilean, 4an Bartzelonako Vol aretoan joko baitute; eta, aldiz, Espainiara egingo dute jauzi gero: maiatzaren 2an Madrilgo Cadavran dute kontzertua. Maiatzaren 9an berriro Euskal Herrira itzuliko dira, Gasteizko Kubiken baitute saioa. Maiatzaren 15ean Hondarribiko Psilocybenean egongo dira.